Osakidetzako langileen % 39k euskara hizkuntza-eskakizuna dute

0

Osakidetzan lan egiten dutenen %39k euskara hizkuntza-eskakizuna dute, zehazki, erizainen % 44k du maila, sendagileen artean, ordea, %30,4k.

Jon Darpon Osasun sailburuak gaur jakinarazi ditu datuok Eusko Legebiltzarrean. Harekin batera, Maria Jesus Mugica Osakidetzako zuzendaria eta Juan Carlos Soto Euskadiko Osasun Zerbitzuako Giza Baliabideen zuzendaria izan dira agerraldian. 2013an onartu eta 2019ra arte indarrean egongo den II. Euskara Planaren erdiko ebaluazioa aurkeztu dute hiru agintariek.

Darponen esanetan, zerbitzu honetako langile elebidunen kopurua gora egiten ari da, «mantso baino tinko». Urtean batezbeste % 2,8 ugaritu da.

Osakidetzako zuzendariak, bere aldetik, langileen % 39 (26.400 langile) euskara hizkuntza-eskakizuna duela nabarmendu du. Taldeka aztertuta, osasun diplomatuetatik (erizainek) % 44k dute maila, sendagileen % 30,4k, administrari laguntzaileen % 52k eta goi mailako langile teknikoen % 31,8k.

Ondoren Osasun sailburuak aipatu duenez, gaur egun halabeharrezko epea duten 10.048 postu daude. Horietatik 2.402 plazak dute maila lortzeke, eta, gainera, lanpostu horietan daudenek ez dute maila erdiesteko duten denbora agortu.