Bridgestoneko langileak greban gaurtik aurrera

0
164

Bridgestoneko enpresa batzordeak astebeteko greba deitu dugaur hasi eta otsailaren 19ra arte, soldata igoera eskatzeko. Guztira, 2.700 langile daude grebara deituta Kaponiako multinazionalak Espainiar Estatuan dituen lantegietan, Kantabrian, Burgosen eta Bizkaian. Horietatik 1.100 behargin daude Basauriko eta Usansoloko lantegietan.

UGT sindikatuak eta Bridgestoneko sindikatu independenteak (BUB) osatzen dute enpresa batzordea, eta kasu honetan UGTk egin du grebarako deialdia. Langileen gehiengoak babestu du greba deialdia eta, horrez gain, kontzentrazioak egitea ere erabaki dute.

Hitzarmena berritzeko negoziazioetan soldata igoerari buruz hitz egiteari uko egin izana salatu dute grebaren deitzaileek. Horien esanetan, aurrez CCOOrekin sinatutako hitzarmeneko puntu guztiak negoziatzeko konpromisoa hartu zuen enpresak pasa den urtarrilaren 30ean.

UGT eta BUB sindikatuek “jarrera aldaketa” aurpegiratu dio enpresari. Horien hitzetan, urtarrilaren amaierarako deitutako mobilizazioak bertan behera uztea erabaki bazuten enpresak hitzarmeneko puntu guztiei buruz negoziatzeko konpromisoa hartu zuelako izan zen, soldata igoera barne.

Enpresa batzordeak fede onez negoziatzeko aukera eman dio zuzendaritzari, UGTren arabera. Esaterako, soldatak KPIaren arabera gaurkotzea eskaini ei zion. “Puntu honetara iritsita, ordea, ez dago erosteko ahalmena ez galtzeko borrokatzea beste aukerarik”, adierazi du sindikatuak.