Eguzki taldeak Olaberrian elektrokutatuta bederatzi zikoina hil direla salatu du

0

Eguzki talde ekologistak salaketa hau egin du:

«Oso zikoina talde handia, 150 ale inguru (*), hegan pasatu da aste honetan Gipuzkoa gainetik, hegoalderanzko urteroko migrazioan. Hori da albistearen alde ona. Alde txarra, berriz, honako hau: zikoina horietatik 9 Olaberrian hil dira, elektrokutatuta, hegaztien talka eragozteko egokituta ez dagoen argindar-linea batean, ezbairik gabe. Izan ere, iaz ere horrelaxe hil zen beste zikoina bat Olaberrian bertan.

Hain justu, orain dela egun gutxi ezagutu dugu Gaztela-Mantxako Epaitegi Gorenak Iberdrolaren kontrako bi sententzia eman dituela. Konpainia elektrikoak, legez, hegaztien talka saihesteko hainbat argindar-linea egokitu behar zituen. Ez zituen egokitu, ordea, eta horren ondorioz espezie babestutako hainbat ale hil ziren, zehatz-mehaz, bi eguzki-arrano eta aztore-arrano bat. Sententziak Iberdrolari 400.000 euroko kalteordaina ezartzen dio. Hauek ez dira, gainera, konpainia elektrikoen kontra arrazoi honengatik ematen diren lehenengo sententziak.

Egokitu gabeko argindar-lineak dira hegaztiak hiltzeko arrazoi nagusietako bat, batez ere harraparien kasuan. Datu ofizialen arabera, Estatu espainolean urtero 33.000 ale hiltzen dira arrazoi honengatik, nahiz eta elkarte naturazaleek, SEOk adibidez, datu ofizial hori kopuru errealaren oso azpitik dagoela uste duten.»