El Viejo Chimango, RO eta Unai dira Barakaldoko Hiriko Soinuak hirugarren musika lehiaketaren kategoria nagusiko finalistak

0

Badauzka finalistak dagoeneko Barakaldoko Udalak sustatzen duen Hiriko Soinuak musika kontzertuak-en hirugarren edizioak.  Hauek dira sari nagusirako izangaiak: Bilbo eta Uribe Kostatik heldu zaigun El Viejo Chimango seikoa, Extremoduro eta Fito&Fitipaldisetik Madness nahiz Manu Chaora arteko iturrietatik edan duena; RO, Azkoitia eta Azpeitiatik datorren post rock instrumentalean diharduen bostekoa, eta Unai artista bilbotarra, Lou Reed, Bowie edo John Fruscianteren jarraitzailea eta lehen diskoa autoeditatu berri duena.

Bestalde, hauek dira Artista barakaldar onenaren saria irabazteko izangaiak: Arde Marte (pop duoa eta elektronika), Debajo del Paraguas (pop-rock laukotea, hainbat argitalpen xume egindakoa) eta 20 urteko gazte Sandra Cris, euskarazko eta gaztelaniazko estiloak eta letrak konbinatzen dituena.

Irailaren 25ean izango da finala Barakaldo Antzokian, eta sarrera doan, gonbidapena jasota. Gonbidapenak arratsaldeko seietatik aurrera egongo dira eskuragarri antzokiaren webgunean edo antzerkiaren leihatilan (kontsultatu ordutegiak).

Finaleko kontzertuen ondoren jakinaraziko da Hiriko Soinuen hirugarren edizioko 4 banda irabazleen identitatea, Euskara eta Berdintasuna kategoriak barne.

Barakaldoko kategoria nagusiko eta artista onenaren kategoriako proposamen irabazleak Hiriko Soinuak jaialdian arituko dira, Bizkaia Arenan, urriaren 30ean, El Drogas kartelburu dela.  Ekitaldiak 4.000 eserlekutik gorako edukiera izango du, eta sarrerak bizkaiaarena.com-en bidez egongo dira salgai.  Tiketen prezioa 3 €+ banaketa-gastuak da, eta bilketa osoa Barakaldon jarduten duten Elikagaien Bankuko elkarteentzat izango da, bai eta Beraka elkartearentzat ere, pandemiaren hasieratik familia ahulenei lagundu baitiete janaria banatuz eta musukoak eginez.

Honako hauek osatzen dute epaimahai profesionala: Lore Billelabeitia (artista, Belako taldeko kidea), Jon Asier Zubelzu (Gaua estudioko soinu-teknikari titularra), Nerea Cantero (Barakaldoko Udaleko Kultura arloko zinegotzia) eta Gotzon Uribe (Bilboko Kafe Antzokiko programatzailea eta sustatzailea).  Hiriko Soinuak programaren hirugarren edizioak 129 musika-proiektu izan ditu inskribatuta, 2019ko lehen edizioko 99en eta 2020ko 101en aldean.