- Laguntza hauek EAEn egoitza duten eguneroko komunikabideei zuzenduta daude (prentsa idatzia, digitala, irratia eta telebista)
- Deialdia egiteko agindua maiatzaren 12an argitaratuko da EHAAn, eta eskabideak aurkezteko epea (hilabete) 2025eko maiatzaren 13tik ekainaren 12ra izango da.
Gobernu Kontseiluak komunikabideei zuzendutako zazpi milioi euroko laguntzei argi berdea eman die. Bigarren urtea da Eusko Jaurlaritzak laguntza-lerro hau abian jartzen duena, hedatzen dituzten edukien sorreran, lanketan eta argitalpenean adimen artifizial generatiboak duen eragin negatiboa minimizatzeko eta desinformazioari aurre egiteko.
Iaz bezala, Eusko Jaurlaritzak aitortu egiten du adimen artifizialak berrikuntzarako eta garapenerako egiten duen ekarpena, baina, aldi berean, informaziorako eskubideari ekar diezaiokeen arriskuan ere jarri du azpimarra. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak uste du komunikabide profesionalek berebiziko garrantzia dutela eskubide hori betetzeko, eta ezinbesteko eragileak direla desinformazioaren aurkako borrokan eta, beraz, balio demokratikoen garapenean. Testuinguru horretan daude euskal herritarrengandik hurbil dagoen komunikabideen ekosistema zaintzen duten laguntza-lerro hauek.
Laguntzak EAEn egoitza duten eguneroko komunikabide pribatu jeneralistentzat dira: prentsa idatzia, hedabide natibo digitalak, irrati eta telebistak. Horiek eskuratu ahal izateko, komunikabideek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
- EAEn egoitza edo lurralde-ordezkaritza izatea.
- EAEko biztanle guztientzat eguneroko gaurkotasuneko gertakariei buruzko informazioa eta interes orokorreko edukiak eskaintzea, edo bere eremuko biztanleentzat interes orokorreko tokiko edo eskualdeko edukiak eskaintzea. (Gutxienez %15 ekoizpen propioko edukiak EAEn)
- Gutxienez 5 langile izatea plantillan 2024ko abenduaren 31n, eta gutxienez plantilla-maila horri eustea diruz lagundu daitekeen proiektuak edo jarduerak irauten duen hilabeteetan.
7 milioi euroko laguntzak komunikabideen ezaugarrien arabera antolatutako bi atal handitan banatuko dira.
- Lerroa (6M€): Euskal Autonomia Erkidegoko komunikabide jeneralistentzako laguntzak. Aurreikuspenen arabera, 6 milioi euro bideratuko dira. (Hedabideek CIESen arabera, 25.000 erabiltzaile edo gehiago izan behar dituzte, edo 5.000 entzule euskara hutsean emititzen duten irratietan)
- Lerroa (1M€): Tokiko edo eskualdeko edukia duten Eguneroko informazio ematen duten komunikabide laguntzak. Milioi bat euroko aurrekontua aurreikusi da.Lerro hori bi azpiataletan banatuta egongo da:
- CIESen gutxienez 4.000 erabiltzaile dituzten hedabideentzako laguntzak. (700.000 euro).
- CIESen gutxienez 4.000 erabiltzaile baino gutxiago dituzten komunikabideentzako laguntzak. (300.000 euro).
Laguntza horiek jasotzeko interesa duten komunikabideek eskaera aurkeztu beharko dute. Proiektua edo egingo duten jardueraren memoriak, gutxienez, honakoak jorratuko ditu:
- Edukiak eta informazioak sortzeko, egiteko eta argitaratzeko gai den diziplina anitzeko lantaldea. Horretarako, kideen profil profesionalak zehaztuko dira.
- Talde horren formakuntza/gaikuntza, adimen artifizialak komunikabideetan duen erabilerari eta eraginaren inguruan.
- Desinformazioari aurre egiteko neurriak edo mekanismoak, eta, bereziki, adimen artifizial generatiboko metodoekin sortutako desinformazioa kontrastatzeari eta egiaztatzeari dagokionez.
- Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko desinformazioaren aurka, emakumeen aurkako indarkeriaren aurka eta LGTBI pertsonen eskubideen aurka borrokatzeko neurriak edo mekanismoak.
- Gizartearen alfabetatze mediatikoa sustatzen duten ekimenak eta/ edo tresnak, bai eta desinformaziorako zaurgarrienak diren taldeenak ere.
Ebaluazioa egiterakoan, parametro hauek hartuko dira kontuan:
- Audientzia potentziala: 55 puntu.
- Kazetaritzako titulu ofiziala duten pertsonen kopurua: 5 puntu
- Sarbidearen unibertsaltasuna: 5 puntu.
- Proiektuaren kalitatea:
- Adimen artifizial sortzailearen inpaktu negatiboa minimizatzea: 15 puntu
- Desinformazioaren aurkako borroka: 5 puntu.
- Desinformazioaren aurkako borroka emakumeen eta gizonen berdintasunaren, emakumeen aurkako indarkeriaren eta LGTBI pertsonen eskubideen arloan: 5 puntu.
- Alfabetatze mediatikoa sustatzeko ekimenak eta/edo tresnak: 5 puntu
- Aurrekontua: 5 puntu
Deialdia egiteko agindua maiatzaren 12an argitaratuko da EHAAn, eta eskabideak aurkezteko epea (hilabetekoa) 2025eko maiatzaren 13tik ekainaren 12ra izango da.