Egunerokoan Internetera konektatutako teknologien erabilera normalizatu izanak, bai helduen kasuan bai adingabeen kasuan, familia- eta eskola-ingurunean hainbat gai planteatzea dakar, herritarrek, oro har, horien arriskuei buruz eta horiek arduraz erabiltzeari buruz zenbat dakiten jakiteko. Testuinguru horretan, Cybertzaintzak (Euskadiko Zibersegurtasun Agentziak) zibersegurtasunean kontzientziatzeko “Ziberrean, Zibersegurola” kanpaina jarri du abian, zibersegurtasunari buruzko kontzientziazioa eta sentsibilizazioa sustatzeko gizarteratzetik, aniztasunetik eta tolerantziatik haurtzaroan eta nerabezaroan.
Kanpaina irudi intimoekin zerikusia duen zibererasoaren inplikazioekin hasiko da
Kanpainak hausnarketa eginarazi nahi digu datorren maiatzaren 2tik aurrera, Eskola Jazarpenaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta, irudi intimoekin zerikusia duen ziberjazarpenari buruzko informazioa emango duten eta horren inguruan pentsaraziko diguten edukiak argitaratuz.
Ohikoa da kolektibo gazteena ez jabetzea Interneteko jarduera jakin batzuen mugez, arriskuez edo ondorioez, hala nola irudi intimoak gailu mugikor batean gordetzea edo hirugarrenen irudiak baimenik gabe zabaltzea. Nerabe batek txantxatzat har dezakeen ekintza bat, birbidaltzea, alegia, delitua izan daiteke.
Hori argi izan behar dute, eta, horretarako, kanpainaren xedea da oso modu bisual eta sinplean azaltzea landuko diren zibersegurtasuneko 14 gaietako bakoitza, abendura arteko urteko mugarri garrantzitsu batzuekin lotuta.
Kanpaina horretan, arreta berezia eskainiko diegu gaitasun fisiko edo kognitibo desberdinak dituzten kolektiboei, teknologia berrien erabilerak euskal gizarte osoari eragiten baitio. Kolektibo horiek, bereziki entzumen edo adimen gaitasun txikiagoa duten pertsonek, ere Internetek eskaintzen dituen aukera guztiak segurtasunez aprobetxatzeko aukera izan behar dute. Horretarako, sentsibilizazio-baliabide batzuk beren gaitasun espezifikoetara egokitu dira, gaur egungo gizarte digitalizatuan erabat eta modu seguruan murgildu ahal izan daitezen. Ekimen honetan Pantallas Amigas izan da laguntzailea, adingabeek teknologiak eta sareak erabiltzean aditua den erakundea.
14 mugarri eta modu eraikigarrian lantzeko 14 gai
- urtean zehar, kanpainak mugarri jakinekin zerikusia duten 14 gai landuko ditu modu eraikigarri eta positiboan:
- Maiatzak 2, Eskola-jazarpenaren aurkako nazioarteko eguna, Irudi intimoekin lotutako jazarpena prebenitzea: Irudi intimoak baimenik gabe zabaltzea horietan agertzen diren pertsonen eskubideak urratzea dela eta irudi horiek birbanatzen dituztenak konplizeak direla azaltzea.
- Maiatzak 17, Interneten Mundu Eguna, Ziberbizikidetza positiboa: Jakin behar dugu zer-nolako garrantzia duen Interneten besteen datuak partekatzeak, identitatea ordezteak eta gainerako pertsonekiko errespetuak ziberbullyinga mugatzeko.
- Ekainak 1, Gurasoen munduko eguna, Ahaidetasun digital positiboa: Familian bizitza digital osoagoa eta seguruagoa bermatzeko eraginkorrak diren bitartekaritza-jarduerak sustatzea da.
- Ekainak 11, Jokoaren nazioarteko eguna, Zibersegurtasuna bideojokoetan: Oso dibertigarria da zure kuadrillarekin online jolastea, baina horrek arrisku batzuk ditu, gamer-ek eta gurasoek ezagutu behar dituztenak.
- Ekainak 30, Sare Sozialen munduko eguna, Pribatutasuna eta sare sozial seguruak: Jardunbide egokiek, hala nola pasahitz sendoak erabiltzeak, autentifikazioa bi urratsetan aktibatzeak edo mehatxu komunez jabetzeak, norberaren pribatutasuna babesteaz gain, guztiontzat ingurune digital seguruagoak mantentzen ere laguntzen dute.
- Uztailak 15, oporrak, Gozatu abusatu gabe: online jokoen eta jokalari anitzeko plataformen gorakadarekin, erabiltzaileek inoiz baino arrisku gehiago dituzte, hala nola, kontuak lapurtzea, iruzurrak, zibererasoak eta malwarea.
- Uztailak 30, Adiskidetasunaren nazioarteko eguna, Netiketa: Ziberbizikidetzarako eta Internetez gozatzeko modu onean jokatzea sustatzea. Modu horretan, gazteek Internet modu seguru, arduratsu eta kontzientean erabiltzeko borondatezko jarraibide batzuk eskuratu ahal izango dituzte.
- Irailak 15, Eskolara itzultzea, Sharenting arduratsuna: Adingabeen irudiak Internetera igotzeak izan ditzakeen ondorioak planteatzen ditu. Noiz jartzen da arriskuan adingabeen pribatutasuna eta segurtasuna?
- Irailak 23, Sexu-esplotazioaren eta pertsonen salerosketaren aurkako nazioarteko eguna, Sextortsioa: Emakumeen aurkako indarkeriak sextortsio itxura hartzen du askotan. Biktimari egindako xantaia da, eta haren irudi intimoak zabaltzearekin mehatxu egiten zaio delitugileak eskatutakoa egiten ez badu.
- Urriak 19, Trollaren eguna, Ez elikatu trolla: Trollak ez dira fantasiazko izakiak, pertsona arruntak dira, gure gizartean bizi dira, bai online munduan bai offline munduan, eta oso gogaikarriak dira.
- Urriak 24, Alfabetatzearen munduko astea, Desinformazioa eta buloak: Egiazko informazioa eta buloetan oinarritutakoa eta informazio engainagarria bereizten ikastea. Garrantzitsua da informazio engainagarria ez zabaltzea, Interneten ingurune osasuntsu eta segurua sortzen laguntzeko.
- Urriak 31, Alfabetatzearen Munduko Astea, Netiketa: Ziberbizikidetzarako eta Internetez gozatzeko modu onean jokatzea sustatzea. Modu horretan, gazteek Internet modu seguru, arduratsu eta kontzientean erabiltzeko borondatezko jarraibide batzuk eskuratu ahal izango dituzte.
- Azaroak 16, Tolerantziaren nazioarteko eguna, Tolerantzia Interneten: Interneten errespetuaren eta aniztasunaren balioaren kultura zabaltzen lagunduko duten jarrera positiboak sustatzea, bereziki nerabeen eta gazteen artean.
- Azaroak 25, Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako eguna, 10 genero-indarkeria mota: Genero-indarkeriak forma ugari izan ditzake, eta ez bakarrik mundu fisikoan. Askotan, baldintza edo egoera batzuk normalizatutzat jotzen dira, baina pertsonen pribatutasuna edo integritatea urratzen dute.
Eduki guztiak Cyberzaintzaren Instagram, Facebook eta X kontuetan kontsultatu ahal izango dira, baita bere webgunean ere.