Elixabete Etxanobek eskualdeko lehiakortasuna sustatzeko Bizkaia Orekan Sakonduz urteroko topaketa inauguratu du

0

Elixabete Etxanobek, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, eman dio hasiera gaur BECen egin den Bizkaia Orekan Sakonduz urteroko topaketari. Ekitaldi hau Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen du, eskualde- eta erakunde-eragileak estrategia partekatu baten inguruan biltzeko: Bizkaiko hamabi eskualdeen lehiakortasun jasangarria bultzatzea, industriaren lehiakortasunaren aldeko apustutik abiatuta pertsona guztiei ongizatea emango dien lurralde-garapen orekatua sustatuz. Ildo horretatik, Etxanobek esan du Ekonomia Sustatzeko Sailak industria-enpresetarako eta horiei lotutako zerbitzuetarako zuzendutako programek 4.560 proiektu baino gehiago babestu dituztela 2015etik eta 2024ra, eta guztira 140 milioi euro inguruko laguntzak eman direla Bizkaiko eskualdeetan banatuta. Azpimarratu behar da intentsitatetik handienekoa 2024ko ekitaldia izan dela, 16,8 milioi euroak gaindituz, hau da, % 1eko igoera 2023koarekin alderatuta, eta % 80ko metatua 2015etik.

Elixabete Etxanoberen esanetan, «Bizkaiko Foru Aldundian benetan uste dugu pertsona guztiontzako Bizkaia hobea izateko, beharrezkoa dela lurralde-oreka zaintzea eta eskualde guztietan aukerak eskaintzea: Arratia, Busturialdea, Durangaldea, Enkarterri, Eskuinaldea, Ezkerraldea, Lea-Artibai, Meatzaldea, Mungialdea, Nerbioi-Ibaizabal, Txorierri  eta Uribe Kosta».

Eskualde-diagnostikoa

Bizkaia Orekan Sakonduz, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak Beaz Agentziarekin lankidetzan sustatutako eta tokiko eta eskualdeko garapen-agentziekin zabaldutako eskualde-garapeneko estrategiak eskualde bakoitzaren erronka eta aukera espezifikoak identifikatzea ahalbidetzen du. Estrategia honek erraztu egiten du Bizkaiko Gobernuaren lehiakortasun-programak eta -politikak eskualde bakoitzaren errealitatera egokitzea. Orekan Sakonduz Bizkaiko eskualde-garapeneko agentziek funtsezko zeregina dute 2I edo 3I, Suspertze Digitala edo Enpresa Berdea bezalako laguntza-programen kapilaritatean eta lurralde-ezarpen handian eta ongizatera eta jasangarritasunera bideratutako lehiakortasun-ereduari laguntzen diote.

Gaur aurkeztutako eskualde-diagnostikoak Eskualdeetako Lehiakortasunaren Behatokiaren adierazle nagusiak aztertzen ditu; diagnostikoa Bizkaia Orekan Sakonduz egitasmoan aliatu estrategikoa den Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuarekin lankidetzan egin da eta Bizkaiko eskualdeak lau taldetan sailkatzen ditu eskualde horietan industriak eta zerbitzu aurreratuek duten garrantziaren arabera. Txorierri da eremu horietan pisu handiena duen eskualdea. Euskadiko Parke Teknologikoko Bizkaiko campusak eta inguruko enpresa-parkeek eremu horren berezitasuna azaltzen dute. Industria-pisu handia eta zerbitzu aurreratuetan pisu ertaina duen taldeko kide dira Durangaldea, Lea-Artibai, Mungialdea eta Meatzaldea. Beste alde batetik, Arratia, Busturialdea-Urdaibai, Enkarterri eta Nerbioi-Ibaizabalen, landatarragoak diren eskualdeetan, industria-jardueraren pisua ertain-handia da eta zerbitzu aurreratuen maila txikia. Azkenik, Eskuinaldea, Ezkerraldea eta Uribe-Kostan industria-enplegu gutxiago dago gainerako eskualdeekin alderatuta.

2024ko datuen arabera, jarduera ekonomikorako espazioen erabilgarritasunari dagokionez, Bizkaiak (Bilbo gabe) 400 industrialde ditu, eta horietan 7.696 enpresa daude. Gune horien batez besteko okupazioa % 89 ingurukoa da eskualde guztietan. Jarduera ekintzailerako mintegi-sare bat ere badago, lurralde osoa hartzen duena, mota horretako jardueretarako 23 gunerekin. Jarduera ekonomikorako guneak mantentzearen eta hobetzearen garrantzia dela eta, egungo enpresak atxikitzeko eta inbertsio berriak erakartzeko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak gune horiek hobetzeko laguntza-programa bat dauka. Abian jarri zenetik 81 proiektu lagundu dira 25 poligonotan, eta eman den munta 2,84 milioi eurokoa da. Era berean, lurraldeko eskualdeak enpresa-espazio berriez hornitzeko lurzoru-funtsa dago.

Suspertze digitala eta Enpresa Berdea programak

Bizkaia Orekan Sakonduz egitasmoaren ardatz nabarmenetako bat Suspertze Digitala da, 2021az geroztik digitalizazio-prozesuan Bizkaiko 557 enpresa txiki eta ertainei lagundu dien ekimena. Laguntza hori tailerren, diagnostikoen, erreferentziazko enpresetara egiten diren bisita gidatuen eta GAIA klusterrarekin lankidetzan burutu diren proiektu pilotuen bidez gauzatu dira. Programa honi esker eraldaketa digitaleko ibilbide-orri pertsonalizatuak hedatu dira, benetako soluzio teknologikoen prestakuntza eta exekuzioa babestuz.

Apustu hau osatuz, Enpresa Berdeak programak eskualdeko enpresa-sarearen trantsizio ekologikoa bultzatzen du 2022tik aurrera. Bost Bono Berde moten bidez, enpresek laguntza jasotzen dute euren eraginkortasun energetikoa hobetzeko, hondakinak kudeatzeko, araudia betetzeko edo euren estrategian ingurumen-irizpideak txertatzeko. Garapen-agentziek, Aclima klusterraren laguntzarekin, hogei enpresa baino gehiago lagundu dituzte orain arte.

Eskualde-ekosistemen eragin biderkatzailea

Gaur BECen egin den ekitaldia Xavier Marcet, berrikuntzako adituaren, hitzaldi batekin hasi da. Bere esku-hartzean garapen ekonomikoan «eskualdeko ekosistemen eragin biderkatzaileak» duen garrantzia nabarmendu du. Ondoren burutu den mahai-inguruaren ardatza eragile anitzeko lankidetza izan da, trantsizio digital eta berde handiei aurre egiteko; mahai-inguruan Orekan Sakonduz Bizkaia Sareko eskualde-garapeneko agentzien eta Bizkaiko industria-sarearen ordezkarien parte-hartzea izan da. Parte-hartzaileen artean Tomás Iriondo (GAIA klusterra), Olga Martín (Aclima), Josu Ansola (Ermuko Udala), Arrate Robertson (Meatzaldeko Behargintza), Iñigo Arenaza (Solve Imi), Susana Velasco (Hervel Electroquímica) eta Borja Loguera (San Martin industrialdea) egon dira.

Amaiera-ekitaldiaren protagonista Ainara Basurko, Ekonomia Sustatzeko diputatua, izan da eta  topaketari dagokionez «lorpen partekatuak ospatzeko eta politika publikoen kapilaritatea hobetu eta tokiko egiturak profesionalizatuko dituen Sareen Sarearen kohesioa indartzeko gunea» dela nabarmendu du. Bere esku-hartzean Bizkaia Orekan Sakonduz estrategiaren aurrerapenak azpimarratu ditu; estrategia honek azken urtean 3,65 milioi euro mobilizatu ditu —aurreko ekitaldian baino % 16 gehiago— eta eskualdeko plan estrategikoen diseinua zein gobernantza-ereduak bultzatzen ditu. Industrialdeak hobetzeko programak harrera ona izan duela azpimarratu du, baita agentziek espazio horietan duten zeregin dinamizatzaileak ere. Horrez gain, eskualde-lehiakortasunaren behatokia bezalako tresnetan  egindako aurrerapenak, adibidez udalerri bakoitzeko datuak eskuratzeko aukerarekin, edo Gislur lurzoruaren atariaren hobekuntza, gogorarazi ditu. «Gaur egungoa bezalako testuinguru nahasian inoiz baino garrantzitsuagoa da enpresetatik gertu egotea, eta, horretarako, eskualde-egitura sendo, iraunkor eta profesionalak behar ditugu, enpresek konfiantza izan dezaten», adierazi du amaitzeko.

Ekitaldian zehar, halaber, ekimen honen esparruan azken hiru urteetan enpresa gehien lagundu dituzten eskualdeko lau agentziak aintzatetsi dira: Egaz Txorierri, Meatzaldeko Behargintza, Leartibai Fundazioa eta Enkartur.

Eskualde-garapenerako 23 agentziako sarea

Eskualde-lehiakortasuna sustatzeko Bizkaia Orekan Sakonduz foru-estrategia Bizkaiko toki- eta eskualde-garapeneko 23 eragileren bitartez hedatzen da. Agentzia hauek euren eskualdeetako enpresen beharrak eta aukerak ezagutzen dituzten hurbileko eragile-lana egiten dute: Gorbeialde Landa Garapenerako Agentzia, Jata-Ondo Landa Garapenerako Agentzia, Arrigorriagako Udala, Bermeoko Udala, Erandioko Udala, Ermuko Udala, Galdakaoko Udala, Getxoko Udala, Leioako Udala, Sestaoko Udala, Basauri-Etxebarri Behargintza, DEK-Durangaldea Enpresa Ekimena, Enkartur, Errota Fundazioa, Inguralde, Lanbide Ekimenak Gernika, Leartibai Fundazioa, Enkarterriko Mankomunitatea, Meatzaldeko Behargintza, Mungialdeko Behargintza, Txorierri Behargintza, Urduñederra, y Uribe Kosta Behargintza.

Bizkaia Orekan Sakonduz programaren fokua Bizkaiko eskualde desberdinetako industria-sarearen erronkei eta beharrei hurbiltasunetik erantzutea eta, ekonomia sustatzeko eta lehiakortasuna errazteko eragile gisa, eskualdeko garapen-erakunde eta -agentzien sarea indartzea da. Ataza hau sare-lanean eta eskualdeen eta erakundeen arteko lankidetzan oinarrituta garatzen du; horrek esan nahi du maila anitzeko gobernantza lortzen dela eta lurraldearen garapen orekatuagoa bultzatzen dela. Sareak Bizkaiko 112 udalerriak hartzen ditu, Bilbo izan ezik beste guztiak, hamabi eskualdetan banatuta daudenak. Bizkaia Orekan Sakonduz tresna propio baten bidez finantzatzen da: Eskualdeko Lehiakortasuna Sustatzeko Programa, aurten 1,55 milioi euroko aurrekontua duena.