Beirazko ontzien fabrikazioan liderra den Vidrala Taldearen Laudioko egoitzara bertaratu dira gaur Imanol Pradales lehendakaria, Iranzu Allende Trantsizio Energetikoko sailburuordea eta Andoitz Korta Industria Sustapeneko sailburuordea, eta Aiala Vidrioko ekoizpen-instalazio berriak bisitatu dituzte. Vidrala enpresaren Laudioko labe berria inauguratu du lehendakariak, Carlos Delclaux Vidralako presidentearekin eta Raúl Gómez taldeko CEOarekin batera. Erakundeetako ordezkariei helarazi dietenez, Aialako labe berria etorkizunaren sinonimoa da, bai taldearentzat, bai Arabarentzat. Bisitan zehar, Pradalesek nabarmendu ditu enpresaren nazioarteko proiekzioa eta Euskadi eta Aiaraldea erreferente industrial gisa kokatzeko duen ahalmena.
Lehendakariaren hitzetan, jasangarritasunaren eta ekonomia zirkularraren alde Vidralak egindako apustu irmoa azpimarratu du, eta honako hau nabarmendu: «Industria deskarbonizatzeko erritmo azkarragoa behar dugu, eta funtsezko faktore bat dugu, berebizikoa, lehiakortasuna bermatzeko: energia-hornikuntza. Asteleheneko itzalaldi masiboak bete-betean gogorarazi digu hori”. Halaber, Pradalesek nabarmendu duenez, “85 milioi euro baino gehiago inbertituko dira labeak eta lehengaien arloa modernizatzeko eta autosorkuntza fotovoltaikoko instalazio bat abiarazteko. Hala, jarduera eta enplegua sustatuko dira Laudion”.
Pradalesek gogorarazi du euskal industriak argindarraren kontsumoaren % 53 bereganatzen duela, eta adierazi du sare elektrikoaren ahalmena eta erresilientzia handitzeko premia larria dagoela. Ildo horretan, berretsi du erakundeek konpromisoa dutela energia intentsiboko industria-sektoreak deskarbonizatzeko, bereziki zaurgarriak baitira erregai fosilen prezioen aldakortasunaren ondorioz. “Euskal erakunde guztiak horretan ari gara”, esan du.
Era berean, trantsizio energetikoan inbertitzen duten enpresentzako pizgarri fiskalak hobetuko dituztela iragarri du, laguntza zuzenak eta espezifikoak barne. Sustatutako proiektuen artean, Hidrogenoaren Euskal Korridorea azpimarratu du: 70 kilometroko hidroduktu bat eraikiko da Bilboko Portuaren eta Aiaraldearen artean, eskualdeko industria-sarearentzako hidrogeno berdea garraiatzeko.
Azkenik, lehendakariak aurreratu du Euskadi lanean ari dela bere industria-plana Clean Industrial Deal planarekin lerrokatzeko, eta azpimarratu duenez, “aurrera egiteko unea da, gure industria-potentzia sendotzeko eta zabaltzeko”.