Lehen aldiz publikatu da Aita Donostia euskal konpositore eta ikertzaile unibertsalaren ‘Ilustrations musicales pour la Vie Profonde de Saint François d’Assise’ musika-obra osoa

0

Datorren urtean, 2026an, mende bat beteko da Jose Gonzalo Zulaika Arregi euskal musikagile, folklorista eta ikertzaile unibertsalak, Aita Donostia (1886-1956) izenez ezagunagoa, bere maisulanik adierazgarriena idatzi zuenetik: ‘Illustrations musicales pour La Vie Profonde de Saint François d’Assise d’Henri Ghéon’  ‘Illustrations musicales pour La Vie Profonde de Saint François d’Assise d’Henri Ghéon’ (1926), euskal konpositoreak jatorrian Asisko San Frantziskoren heriotzaren zazpigarren mendeurrena (1226-1926) ospatzeko sortu zuena. Efemeride hori ospatzeko, gaur aurkeztu da Aita Donostiaren musika-obra osoa jasotzen duen liburuaren argitalpena: alde batetik, musika-testu osoa, Aita Donostiaren eskuizkribu autografoa eta Max Eschig argitaletxe paristarrak izenpetutako eskuizkribu ez-autografoa oinarri hartuta argitaratua; eta, bestetik, Aita Donostiak eskuz idatzi zuen jatorrizko narrazio-testua frantsesez, orain arte argitaratu gabea, Henri Ghéonen obra interpretaziorako egokitu eta itzulia: Paulo Agirrebaltzategi ohorezko euskaltzainak euskarara eta Victor Herrero de Miguel poeta kaputxinoak gaztelaniara.

Aurkezpenean, Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazi duenez, argitalpen hau mugarri bat da gure herrialdeko kultura-ondarea berreskuratzeko, zaintzeko eta aitortzeko: “Musika-obra hau euskal herri gisa dugun historiaren parte da, gure identitate kolektiboaren parte. Lan horrekin, duela ia 100 urte, Aita Donostiak gure identitatearen zati bat Parisko erdigune kulturalera eraman zuen. Lana Théâtre des Champs-Élyséesen interpretatu zen, Europako abangoardiako kulturaren gune nagusietako batean. Gaur, lehen aldiz, obra hau berreskuratu dugu, eta osorik jarri dugu euskal eta europar gizartearen eskura: musikariak, ikertzaileak, belaunaldi berriak… Argitalpen honekin, gure iraganari etorkizuna ematen ari gara, horrekin gure kultura bizirik mantentzeko”.

Lehendakariordearekin batera, aurkezpenean izan dira Josu Okiñena euskal pianista, ikerlari eta irakasle doktorea, euskal musikaren ondarea berreskuratzeko egindako lanagatik ezaguna, bereziki Aita Donostiaren lana; Víctor Herrero de Miguel fraide kaputxino, poeta, teologo eta unibertsitateko irakaslea, libretoa frantsesetik gaztelaniara itzuli duena; eta Paulo Agirrebaltzategi ohorezko euskaltzaina, libretoa euskarara itzuli duena.

Argitalpen kritikoa eta ondarea berreskuratzea

Okiñenak bere hitzaldian zehaztu duenez, Illustrations musicales pour La La Vie Profonde de Saint François d’Assise d’Henri Ghéon lanaren musika-testua 1926an argitaratu zuen Max Eschig argitaletxeak Parisen, baina edizio hori agortua eta deskatalogatua zegoen duela hamarkada batzuez geroztik, eta oso zaila zen obra eskuratzea: “Edizio honek obra biziberritzea ahalbidetzen du, izan ere, orain arte deskatalogatuta zegoen eta materialak ez zeuden eskuragarri La Vie interpretatu ahal izateko. Edizio kritikoa egiteko, Eresbilen katalogatutako dokumentazioa eta Iruñeko Kaputxinoen Probintziako Artxibo Historikoan gordetzen den eskuizkribu autografoa kontsultatu nituen. Artxibo honen funts dokumental guztia berrikustean, gainera, eskuizkribu bat aurkitu nuen, Aita Donostiak testuaren teatralizazioarekin obra interpretatzeko 1926an prestatu zuena. Benetako arkeologia-lana izan da hori deszifratzea”.

Bestetik, Agirrebaltzategik eta Herrero de Miguelek, jatorrizko narrazio-testuaren euskararako eta gaztelaniarako itzultzaileek, hurrenez hurren, azpimarratu dutenez, ilusiotik eta arduratik egin dute. “Poesia izanik, ez da erreza izan testua itzultzea. Interpretazio lana zaila izan da, baina asko gozatu dut, testua erakargarria baita eta agerikoa da Aita Donostiak bihotzetik idatzi zuela”, azaldu du Agirrebaltzategik. “Obra hau itzultzea opari bat izan da. Testu sakona, lirikoa eta perfektua da, eta mezuak bizitzarekiko anaitasuna, errespetua, zaintza, ospakizuna eta eskertzea islatzen du”, zehaztu du Herrero de Miguelek.

Edizio honetan, lehen aldiz, musika-testu osoa editatua aurkezten da, Aita Donostiaren eskuizkribu autografotik eta Max Eschig argitaletxe paristarrak izenpetutako eskuizkribu ez-autografo batetik abiatuta. Bi iturrien konparaketa kritikoari esker, konpositorearen jatorrizko asmoari bertsio zorrotza eta fidela eskaini ahal izan zaio.

Horrela, edizio honek San Frantziskoren figura eta Aita Donostiaren musika-ondarea omentzen ditu, espiritualtasuna eta musikaren modernotasuna uztartzen dituen sorkuntza aparta berreskuratu eta agertokietara eta estudiora garrantzi artistiko eta historiko handiko obra bat itzulita.

Izan ere, argitalpen honekin, Aita Donostiaren musika ez ezik, haren jatorrizko ikuspegi eszenikoa ere berreskuratu eta balioan jartzen da, eta funtsezko baliabide bat eskaintzen du bere ibilbide artistikoan giltzarria den obra hau interpretatzeko eta aztertzeko.

Obra honetan, Aita Donostiak euskal musika herrikoiaren motiboak txertatu zituen partituran, besteak beste, Erregek gizon ederrik (kantu tradizionala), Zozo-dantza (dantza herrikoia), Baratzeko pikuak (dantza kantatua) eta Letra a un crucifijo (Chant du Bien-Aimé sur la Croix-en moldatua). Horrekin, euskal identitatea garaiko estetika musikal abangoardistarekin eta ikuspegi espiritual unibertsalarekin uztartu zuen, bertako folklorea Europako arte jasoaren mailara goratzeraino.

Liburua OE Bulegoak argitaratu du, Eusko Jaurlaritzarekin eta Espainiako Kaputxinoekin lankidetzan, eta www.oeoficina.com edo info@oeoficina.com webguneetan eskura daiteke.