Euskadiko herritarren % 76k nahiago du gizarte anitzean bizi

0
  • Euskadiko 6 lagunetik bat baztertuta sentitu da azken urtean
  • Baztertu egin dituztela adierazi dutenen % 16k bakarrik salatu du

Ikuspegik – Immigrazioaren Euskal Behatokiak gaur aurkeztu ditu 2024ko Euskadiko biztanleek diskriminazioaren inguruan dituzten pertzepzioei eta jarrerei buruzko inkestaren emaitzak. Azterlana 1.200 laguni egin zaie eta, Euskadiko herritarren % 16,6k azken hamabi hilabeteotan diskriminazioko gertakariren bat jasan izana aipatu duela eta eragin handiena jasan dutenak emakumeak direla baieztatu du.

Ekitaldia Bizkaia Aretoan egin da eta bertan izan dira Nerea Melgosa, Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua; Marian Iriarte Ormazabal, Harreman Instituzionaletarako eta Kulturako errektoreordea; eta Julia Shershneva, Ikuspegiko zuzendari eta UPV/EHUko Soziologiako irakaslea.

«Errespetuzko aniztasunean aurrera egiteko eta diskriminazioaren aurka borrokatzeko, beharrezkoa da gainerakoen tokian jartzea. Halaxe bakarrik lortuko dugu gure bizilagunak, lankideak edo kolektibo bateko partaideak ezagutzea. Ikuspegik egindako azken azterlan honetako datuek agerian utzi dutenez, Euskadiko gizartea bide onetik ari da aurrera egiten, baina oraindik ere hobetzeko tarte argia du”, adierazi du Nerea Melgosa sailburuak.

Aurkezpen ekitaldian Julia Shershnevak azpimarratu duenez, diskriminazioak eragin handiagoa du emakumezkoengan (% 23,3) gizonezkoengan (% 9,4) baino. Gainera, diskriminazioren bat jasandakoen % 16,1ek bakarrik aurkeztu zuten salaketa, kexa edo erreklamazio formala. Salaketa aurkeztu ez zutenen % 57k adierazi du “ez duela ezertarako balio”. Aldiz, % 13,6k dio ez dakiela norengana jo behar duen diskriminazioren bat jasanez gero.

“Datu honek agerian uzten du deskonexio larria dagoela diskriminazioa jasatearen eta erabilgarri dauden babes mekanismoen artean. Baliabideak ez ezagutzea edo eraginkorrak ez direla uste izatea oztopo larria da eskubideak bermatzeko garaian”, ohartarazi du Julia Shershnevak, Ikuspegiko zuzendari eta UPV/EHUko irakasleak. Gertakari diskriminatzaile gehienak espazio publikoetan (% 36,6) eta laneko eremuan gertatzen omen dira: lanean (% 21,6) zein enplegua bilatzeko garaian (% 8,5). Diskriminazioa jasateko arrazoi ohikoena emakumezkoa izatea da (% 40,2).

2024ko Euskadiko biztanleek diskriminazioaren inguruan dituzten pertzepzioei eta jarrerei buruzko inkestak agerian utzi duenez, gainera, herritarren % 26,7 izan dira egoera diskriminatzaileen lekukoak eta arrazoi ohikoenak dira hauek: jatorri atzerritarra izatea, etnia edo azalaren kolorea. «Datuen arabera, diskriminazio estrukturala dago, eta diskriminazio horrek bereziki eragiten die ijitoei, atzerritar jatorriko pertsonei, emakumeei edo baliabide ekonomiko txikiak dituztenei. Ezinbestekoa da erakundeetatik jardutea, baina baita egunerokotasunetik ere», azpimarratu du Shershnevak.

Diskriminazioak eragin handiagoa du emakumeengan

«Aukera-berdintasunak gorabehera pertsonalak kontuan hartzea eskatzen du, eta, unibertsitate publiko gisa, herritar guztiek goi mailako ikasketak egiteko duten eskubidea bermatzea. Unibertsitate inklusiboa eta berdintasunezkoa bultzatzea dagokigu, UPV/EHU osatzen duten kideen jatorria, ibilbidea eta nortasuna edozein direla ere, eta hori guztia errespetatu eta egituratzea. Horregatik dira horren erabilgarriak Ikuspegik prestatzen dituen txostenak. Diskriminazioa arazo intersekzionala dela, emakumeek are gehiago pairatzen dutela eta guztioi dagokigula horri aurre egitea ere konturatzeko «, azpimarratu du Marian Iriarte Ormazabal Harreman Instituzionaletarako eta Kulturarako errektoreordeak.

Euskal herritar gehienek lan ingurunean jarrera inklusiboak dituzten arren, oraindik ere mesfidantzak dituzte zenbait kolektiborekiko. 2024ko Euskadiko biztanleek diskriminazioaren inguruan dituzten pertzepzioei eta jarrerei buruzko inkestan jasotako datuen arabera, herritarren % 80 inguru dago baldintza berdin-berdinetan baliabide ekonomiko urriak dituzten pertsonak, heterosexualak ez diren orientaziokoak, erlijio sinesmen desberdinak dituztenak, adinekoak, transak, desgaitasunen bat dutenak edo atzerritar jatorria dutenak kontratatzeko. Baina babesa nabarmen jaisten da gaixotasun mentala duten pertsonen kasuan (% 64,7), eta mailarik baxuenera iristen da ijitoen kasuan, aldeko aurretiko jarrera % 62,3koa baita.

Arrakala handitu egiten da erabaki horiek ingurune hurbilera proiektatzen ditugunean; hau da, senideek edo lagunek modu berean jokatuko duten galdetzean. Alde horrek agerian uzten du hirugarren batzuekiko irekiera txikiagoa dela, eta adituen arabera, fenomeno hori ezkutuko jarrera diskriminatzaileen adierazlea da.

«Aniztasuna, berez, positiboa da, ez negatiboa, onuragarria da, bideratzailea, aberasgarria, adierazgarria, ausarta, freskoa eta esker onekoa. Euskadiko herritarren % 76k baino gehiagok ez du kolore bakarreko gizartea, indibidualista eta kontrasterik gabea nahi. Nik ere ez dut halakorik nahi. Komunitate anitza nahi dugu; bere sustraiez harro dagoen eta, aldi berean, mundura irekita dagoen gizartea gara. Gure erkidegoan kaloa hitz egiten da, sexu bereko pertsona batzuek elkar maite dute eta familiak osatzen dituzte, elizetan, meskitetan eta sinagogetan errezatzen da. Gero eta gehiago dira euskara ikasten duten etorkinak, zeinu hizkuntza komunikazio bide askotara iritsi da eta gero eta gutxiago dira beren osasun mentaleko arazoak ezkutatzen dituzten pertsonak”, azaldu du Nerea Melgosak, Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak.

Onarpen mailak antzekoak dira bizitegiarekin lotutako galderei dagokienez: % 80k baino gehiagok dio etxebizitza alokatuko liekeela adineko pertsonei, transei, desgaitasunen bat dutenei, beste erlijioren bat dutenei edo heterosexualak ez direnei. Hala ere, zenbatekoak nabarmen murrizten dira kolektibo zaurgarrien kasuan: soilik % 58,8k alokatuko liekete etxebizitza baliabide gutxiko pertsonei, eta % 51k soilik ijitoei. Zifra horiek are gehiago jaisten dira senideek edo lagunek egingo luketen planteatzen denean.

“Bizitegiekin lotutako zatia da Euskadin diskriminazioaren eragin handiena jasaten duenetako bat”, ohartarazi du Julia Shershnevak, Ikuspegiko zuzendari eta UPV/EHUko irakasleak. «Alde batetik, etxebizitzara sarbidea izateko garaian hautematen da desberdintasunik handiena eta, bestetik, jarrera baztertzaileak eta eguneroko aurreiritziak agertzen dira argien».

Emaitza horiek ikusita, Shershnevak azpimarratu du beharrezkoa dela «berdintasun politika publikoak indartzea, salaketak aurkezteko bideak erraztea eta, aldi berean, pertsonen arteko diskriminazioa desagerrarazteko lan egitea». Bere iritziz, “benetakoa eta eraginkorra” den onarpen kultura sustatzea ezinbestekoa da Euskadin elkarbizitza inklusiboagoa lortzeko bidean aurrera egiteko.

Informazio gehiago: www.ikuspegi.eus