Parketarrak egitasmoari esker, euskaraz jolasteko aukera izango da martxoaren 5ean hasi eta 23ra arte, astelehenetik ostiralera, Donostiako 22 jolasgunetan.
Hain zuzen, Donostiako 17 auzotako parke eta jolaslekutan aurrera antolatuko dira euskarazko jolas dinamizatuak.
Jolasa da Parketarrak jardueraren funtsa, erreminta ezin hobea delako hizkuntza barneratzeko, eta jolasguneetan jartzen diren dinamizatzaileek gidatzen dute ekimena. Adinaren eta parte-hartzaile kopuruaren arabera, bi talde egingo dira: Zabu Zibu taldea 3-5 urte arteko haurrentzat, arduradun batekin lagunduta; eta Txirrintxon izenekoa, 6-9 urte bitarteko umeentzat. Ekimen hau doan eskaintzen da.
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta auzoetako euskara batzordeek antolatzen dute jarduera hau, hizkuntzaren erabilera aisialdian indartzeko asmoz. Parketarrak egitasmoa jolasgunetan antolatzen da, haurrak eta familiak kalean jolasean dabiltzanean, euskaraz aritu daitezen. Egitasmoa urteko hiru sasoietan antolatzen da: martxoan, maiatzean eta urrian.
Eskola orduz kanpoko jardunaren garrantzia
Haurraren lehenengo hilabete eta urteetan, garrantzitsua da etxeko giroan euskarari tokia ematea eta arlo ludikoan ere asko erabiltzea. Gero, umea handitzen doan heinean, harreman sareak eratzen hasten da, eta, une horretan ere, oso garrantzitsua da laguntxoekin euskaraz ongi pasatzeko aukerak izatea, lagunarteko hizkera indartzea eta komunikazio-ohiturak euskaraz eraikitzea, ezagutzen joaten diren pertsona eta harreman-sare berriekin.
Parketarrak egitasmoak horretan laguntzeko baliabideak eskaintzen dizkie haurrei eta familiei. Izan ere, Parketarrak jardueraren dinamizatzaileek erakutsiko dizkiguten jolas edo jarduera horiek beste edozein unetan ere erabil ditzakegu, kalean nahiz etxean. Gainera, helduok ere, parkean gauden bitartean, euskaraz egiten dugu.
Joan den martxoko txandako parte-hartzea
Parketarren aurreko txanda joan den martxoan izan zen, eta, egun batzuetan oso eguraldi txarra egin zuen arren, 900 umek baino gehiagok parte hartu zuten, hiru astez antolatu ziren saioetan.