Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak Sektorearentzako laguntza publikoen katalogoa aurkeztu du, “Euskadin errotuta dagoen eta nortasuna eta etorkizuna dituen sektore ekonomiko bat bultzatzeko eta elikadura- eta nekazaritza-eredu jasangarri, lehiakor, erresiliente eta inklusibo bat eraikitzeko funtsezko tresna gisa”.
Koadroak 36 laguntza-lerro eta -neurri jasotzen ditu, laguntzen zenbatekoa 150 milioi eurotik gorakoa da eta esku-hartze eremu handietan egituratuta daude: lehen sektorea, nekazaritzako eta elikagaigintzako inbertsioa, elikagaien ikerketa eta berrikuntza, elikagaien kalitatea eta sustapena, egituraketa sektoriala eta landaren eta itsasertzaren garapena
Amaia Barredo´ren esanetan, “klima-larrialdiak, belaunaldi-erreleboaren beharrak, elikadura-segurtasunaren erronkek eta landako eta itsasertzeko ingurunearen bideragarritasuna bermatzeko beharrak markatutako eraldaketa globaleko testuinguruan, Eusko Jaurlaritzak elikaduraren, zuraren eta landaren eta itsasertzaren garapenaren balio-kateekin duen konpromisoa sendotzen du katalogo honek”.
Katalogo berriak egituratuta eta erraz ulertzeko moduan jasotzen du laguntza, programa eta tresna publikoen eskaintza, eta laguntza horiek nekazaritzako elikagaien balio-kateko eragileei zuzenduta daude: lehen mailako ekoizpenetik hasi –nekazaritza, abeltzaintza, basogintza-zura eta arrantza– eta eraldaketa, merkaturatzea, banaketa eta sukaldaritza barne direla.
“Bere helburua da eskuragarri dauden baliabideetarako sarbidea erraztea eta ekoizleen, enpresen eta lurraldeen parte-hartzea sustatzea, horrekin bertakoagoa, osasungarriagoa eta jasangarriagoa den elikadura-sistemaranzko trantsizioa bultzatuz”, zehaztu du Amaia Barredo´k.
2024-2027 Legegintzaldiko Plana
Katalogo honen justifikazioa garapen ekonomikoaren, gizarte-ongizatearen, nortasun kulturalaren eta ingurumen-orekaren bektore gisa elikaduraren ikuspegi integrala sustatzen duen 2024-2027 Legegintzaldiko Planean jasotako printzipio eta lerro estrategikoetan oinarritzen da. Gainera, elikadura jasangarria politika publikoen erdigunean jartzen duten 2030 Agendaren eta Europako “Baserritik mahaira” estrategiaren esparruan hartutako konpromisoei erantzuten die.
“Helburua da sektoreari laguntzea aurre egin beharreko erronka nagusiei erantzuna ematen: belaunaldi-erreleboa, digitalizazioa eta berrikuntza, klima-aldaketara egokitzea, landa-inguruneko genero-berdintasuna, lehen sektorearen eta landako eta itsasertzeko jardueraren dibertsifikazioa, nazioartekotzea eta lehen sektorearen eta elikagai-industriaren lehiakortasuna hobetzea. Horrez gainera, hiri-eremuaren eta landa-eremuaren arteko arrakala ere murriztu nahi du, bai eta elikadurak lurraldearen elementu kohesionatzaile gisa duen zeregina indartu ere”, erantsi du Barredo´k.
Barredo sailburuaren arabera, “katalogo zabala da, beharretara bideratuta dago eta, elkarlanaren ikuspegitik eta guztion ongiaren zerbitzura, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko nekazaritzako elikagaien ekosistema indartzearen alde hartutako konpromisoa da. Inplikatuta dauden eragile guztiak gonbidatzen ditugu lanerako, kontsultarako eta sustapenerako tresna gisa erabiltzera, elikagaien etorkizun jasangarriago eta bidezkoagorako bidea elkarrekin egin dezagun”.