Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak eta Zumaiako Udalak lankidetza-hitzarmen bat akordatu dute Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroari (Etxebide) buruz herritarrei ematen zaien informazio espezializatua eta laguntza indartzeko. Laster sinatuko den hitzarmenari esker, gainera, etxebizitza babestua eskuratzearekin lotutako hainbat prozeduratan bitarteko elektronikoak erabiltzeko laguntza teknikoa eman ahal izango da, besteak beste, erregistroan inskribatzean, eskubide subjektiboa izapidetzean edo esleipen-prozesuetan parte hartzean.
Denis Itxaso sailburuak adierazi duenez, horrelako hitzarmenak “aurrerapauso bat dira administrazio hurbilagoa, errazagoa eta eraginkorragoa finkatzeko helburuan, XIII. Legegintzaldiko Gobernu Programak jasotzen duen bezala”. Lankidetza honen bidez, Zumaiako Udalak zuzeneko arreta eskaini ahal izango die herritarrei, batez ere ingurune digitalean zailtasun handienak izan ditzaketenei.
“Zumaiarekin egindako hitzarmenak etxebizitzaren arloan arreta udalerrietara hurbiltzeko benetako beharrari erantzuten dio, interesdun guztiek informazioa eta zerbitzu publikoak bermeekin eskuratu ahal izatea erraztuta”, azaldu du Itxasok.
Akordioak ez dakar kontraprestazio ekonomikorik, eta Zumaiako udal langileei aukera emango die Etxebideren datuak kontsultatzeko beharrezko aplikazio informatikoetan sartzeko, bai eta herritarrei laguntzeko ere, eskaeren eta espedienteen izapidetze elektronikoan. Lankidetza bat dator Kanal anitzeko arretari buruzko 91/2023 Dekretuan ezarritakoarekin, eta Eusko Jaurlaritzaren zerbitzuak deszentralizatzeko estrategia indartzen du.
Behar digitaletara egokitutako arreta-eredua
Hitzarmenari esker, Zumaiako Udalak informazio espezializatua eta berezia eman ahal izango du eskaeren egoerari, etxebizitzarako eskubide subjektiboari eta esleipen-prozedurei buruz, hori guztia datu pertsonalen babesa bermatzen duen esparruaren barruan.
Hitzarmenak Erregistroen Interkonexio Sistemaren (ESI) erabilera ere bultzatzen du, administrazioen artean dokumentazioa elektronikoki bidaltzea eta jasotzea ahalbidetzen duena, paperaren erabilera ezabatu eta izapideak arintzeko.
Hitzarmen berri honekin, Zumaiak bat egiten du Eusko Jaurlaritzarekin etxebizitza babestua eskuratzeko kudeaketan dagoeneko lankidetzan ari diren beste udalerri batzuekin, tartean Bilbo, Getxo, Basauri, Zarautz, Azpeitia edo Urretxurekin.