Eusko Jaurlaritzak lehen aldiz antolatu du kontratazio publikoaren profesionalentzako prestakuntza-ibilbidea

0

10 urte baino gehiago dira nazioarteko erakundeek (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak, Europar Batasunak eta beste antolakunde batzuek) nabarmendu zutela kontratazio publikoa profesionalizatzearen alde egin beharra, emaitzak hobetzeko ezinbesteko estrategia gisa, bai efizientziari begira (kalitatea, aurrezkia, arintasuna…), bai balio estrategikoari begira (balio soziala, berrikuntza, jasangarritasuna…). Europako Batzordeak, 2020an, erreferentziazko eskumenen Europako lehen esparrua (ProcurCompEB) bultzatu zuen, kontratazio publikoa profesionalizatzen laguntzeko diseinatutako tresna gisa. Tresna horrek hazkunde jasangarrirako inbertsio publikoa sortzeko aukera ematen duen funtzio estrategiko gisa aitortzen eta babesten du kontratazio publikoa.

Esparru horretan, HAEE – Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak lehen aldiz antolatu du kontratazio publikoaren profesionalentzako prestakuntza-ibilbidea, Ogasun eta Finantza Sailarekin eta Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoarekin elkarlanean. Eusko Jaurlaritzak arlo horretan dituen lanpostuen zereginak kontuan hartuta, lanpostu zehatzei lotutako 5 profil zehaztu dira. Ibilbide horren bidez arlo horretako profesionalak gaitu nahi dira, nola kontratazio publikoko gaietan lan egiten dutenak, hala arlo horretan sartu berriak.

Horretarako, 12 modulu sortu dira, lanbide-profilen araberako zenbait gai jorratzen dituztenak, eta 205 pertsona inskribatuta daude.

Astearte honetan eman zaio hasiera bigarren moduluari, kontratazio publikoaren kontzeptu nagusiak ardatz hartuta: printzipio orokorrak, botere adjudikatzailea, kontratua eta operadore ekonomikoa. Ikastaroaren helburua da kontratazio publikoaren kontzeptu nagusiak ezagutzea, hau da, oinarrizko printzipioak, kontratu publikoaren kontzeptua eta parte hartzen duten aldeak —arreta berezia jarriko zaio figura juridikoen funtsari eta ez haien izendapenari edo formari—.