Hezkuntza sailak lehenbailehen lortu nahi du ikasleen emaitzak hobetzeko akordioa

0
  • Hezkuntza Sailak negoziazio-mahaia deitu du ostegunerako, maiatzak 8, irakasleek baliabide gehiago izateko proposamen berria aztertzeko
  • «Ez gara negoziazio-mahaitik altxatuko etorkizunera begirako akordio serio bat lortu arte» baieztatu du Pedrosak

Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuak iragarri duenez, datorren ostegunean, maiatzak 8, negoziazio-mahaia deituko dute. “Gure lehentasuna bistakoa da: akordioa lehenbailehen lortzea” adierazi du, sindikatuek datorren asterako iragarri duten greba-deialdia dela eta. Gaineratu du Eusko Jaurlaritza “bere esku dagoen guztia” egiten ari dela akordio bat lortzeko.

Eusko Jaurlaritza “zentzuzko akordio” baten alde dago, ikastetxeen benetako beharrei erantzuteko eta ikasleen emaitzak hobetzen laguntzeko. «Gatazka zehatz bat konpontzeaz gain, eraikitzeaz ari gara: hemendik aurrera, eskola publiko eta hezkuntza-sistema sendoagoa, inklusiboagoa eraikitzeaz, ikasleen emaitzak hobetzea eta hezkuntza-arrakasta bermatuko dituena» adierazi du sailburuak.

Proposamen berria

Hezkuntza Saila proposamen berri bat lantzen ari da, eta ostegunean, maiatzak 8, iragarriko du. Irakasleei laguntzeko neurriak barne hartzen ditu, “ikasleei arreta hobea bermatu eta emaitzak hobetzeko” asmoz. Honako neurri hauek dira, besteak beste:

  • Lehen Hezkuntzako ratioak jaistea, ikasgela bakoitzeko 22 ikaslera arte, ikasleei arreta hobea emateko.
  • Ikastetxe publiko guztiek irakasle gehiago izatea, honako hauei erantzuteko: hezkuntza, ongizate emozionala eta iritsi berri diren ikasleen eta hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen harrera eta erantzuna hobetzea, eta beharrizan gehien dituzten ikastetxeetan indartzea.
  • Hizkuntza-proiektuetarako aholkulari gehiago izatea, ikasleen hizkuntza-gaitasunak hobetzen eta arrakalak murrizten laguntzeko.
  • Irakasleentzako bidezko ordainsari-proposamena, eta testuinguru zorrotzenetan edo konplexuenetan lan egiten duten irakasleentzako berariazko errekonozimendua.