Eusko Jaurlaritzako Farmaziako zuzendari Jon Iñaki Betolazak parte hartu du gaur Donostian, Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialaren (COFG) eta Euskadiko Udalen Elkartearen (EUDEL) arteko lankidetzarako esparru-hitzarmen bat sinatzeko ekitaldian, udal-zerbitzuek artatu ditzaketen arazo soziosanitarioko egoerak Gipuzkoako farmazietatik detektatzeko programa bat martxan jartzeko. Esther Apraiz EUDELeko presidenteak eta Miguel Ángel Gastelurrutia GFEOko presidenteak sinatutako akordioak, era berean, udaletako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuek (ELZ) eta Gizarte Zerbitzuek artatutako pertsonen medikazioaren erabilera hobetzeko programa zabaltzea eta bultzatzea ere aurreikusten du akordioak. Programa, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak finantzatua, Lurraldeko 56 udalerritan dago martxan.
Gaur sinatutako hitzarmena Gipuzkoako 88 udalerri bidaliko die EUDELek, hala badagokio eta tokiko autonomia errespetatuz, GSErekin hitzarmen espezifiko bat sina dezaten udal bakoitzerako, udalerri bakoitzaren gizarte-programen eta -zerbitzuen behar eta berezitasunei erantzuteko. Horrez gain, maiatzaren 19rako informazio-saio bat antolatu da Gipuzkoako farmazialarientzat eta udaletako gizarte-zerbitzuetako teknikarientzat, akordioaren eta programaren nondik norakoak azaltzeko, eta farmaziek gizarte-zerbitzuekin harremanetan jartzean jarraitu beharreko prozedura azaltzeko, detektatutako arazoen arabera.
Akordioak Lurraldeko farmazietatik detekta daitezkeen hainbat egoera jasotzen ditu, eta, horien aurrean, lehenik eta behin, farmazia komunitarioak informatuko eta animatuko ditu pertsonak dagozkien gizarte-zerbitzuetara joan daitezen; edo, bestela –eta, betiere, pertsona horren aldez aurreko baimenarekin–, farmaziatik udaleko gizarte-zerbitzuekin hitzordua eskatuko da edo zuzenean jarriko da pertsona haiekin harremanetan.
Programak egoera hauek aurreikusten ditu:
- Bakardadea: edozein arrazoirengatik, gizarte- eta familia-sare urria edo batere ez duten pertsonak, eta gizarte-isolamenduko egoeran egon daitezkeenak.
- Autonomia pertsonala galtzea edo mendekotasun-arriskua: narriadura kognitiboa, muga funtzionalak, elikadurarekin eta higienearekin lotutako arazoak dituzten edo oinarrizko beharrak behar bezala betetzen ez dituzten pertsonak.
- Familia zaintzaileen gainkarga eta amore ematea: etxean dauden pertsonak zaintzen dituzten pertsona ez profesionalak; ematen zaizkien zainketen intentsitateak edo iraupenak gainkarga egoeran eta amore emateko arriskuan jartzen dituzte.
- Indarkeria matxista edo familia barruko indarkeria: atzemandako arazoaren arabera, hainbat motatako esku-hartzeak ezartzen dira.
- Tratu desegokia edo tratu txarra adinekoei.
- Gizarte-zerbitzuek aztertu eta esku hartu beharrekotzat jotzen diren beste egoera batzuk: larritasun maila kontuan hartuta, udaleko gizarte-zerbitzuei jakinaraztea beharrezkotzat jotako egoerak.
Gaurko sinadura-ekitaldian, Jon Iñaki Betolaza Eusko Jaurlaritzako Farmaziako Zuzendariarekin batera, EUDELen Gipuzkoako Lurralde Batzordeko ordezkari hauek hartu dute parte: Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxagak, Tolosako alkate Andu Martínez de Rituertok, Oiartzungo alkate Joana Mendiburuk, Donostiako zinegotzi ordezkari Ana Lópezek eta Zumarragako zinegotzi Iñaki Mendilucek.
Farmaziak, gizarte-zerbitzuen ‘aliatu’
EUDELeko elkarteburu Esther Apraiz pozik agertu da Hitzarmen hau sinatu delako: “Ongi etorria ematen diogu Lurraldean dauden baliabide publikoen saretik gure laguntza behar duten pertsonengana gehiago eta hobeto iristeko koordinazio tresna berri bati”. Apraizek nabarmendu duenez, “farmazia komunitarioak udaletako Gizarte Zerbitzuen funtsezko aliatu bihurtzen dira, eta horiek dira baliabide eta prestazioen euskal sistemara sartzeko atea. Gipuzkoako udalerri guztiek farmazia bat dute, eta farmazia hori gure herri eta hirietako behar soziosanitarioak detektatzeko radarra izango da.”
Ildo horretan, EUDELeko elkarteburuak gogorarazi du udalen lana dela pertsona zerbitzu egokienera jotzeko orientatzea eta bideratzea; “baita arrisku-egoerei aurrea hartzea eta lan komunitarioa egitea ere, beste erakundeekin (Aldundiak eta Eusko Jaurlaritza) koordinatuta, Hirugarren Sektorearekin lankidetzan eta lankidetza publiko-pribatuan”.
Bere aldetik, GSEko presidente Miguel Ángel Gastelurrutiak azpimarratu du farmazia komunitarioa banaketa geografikodun osasun-establezimendua dela eta bereziki garrantzitsua dela, herritarrengandik hurbil dagoelako eta irisgarria delako, “batez ere kontuan hartzen badugu ez dela beharrezkoa aurretik hitzordua eskatzea eta ordutegi oso zabalak izatea”.
Hori guztia kontuan hartuta, “farmaziak oso zeregin garrantzitsua izan dezake gaur egun funtsezkoak diren gizarte-alderdi guztietan, eta, horregatik, gaur EUDELekin sinatutako akordioa aurrerapauso garrantzitsua da, Gipuzkoan, lanbidearentzat eta Elkargoarentzat. Abian jartzeak farmaziaren gizarte-rola indartzen du modu aitzindarian, ahultasun-egoeren eta behar soziosanitarioen radar gisa jardunez, udaletako gizarte-zerbitzuekin batera eta lankidetza estuan”.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Farmaziako zuzendari Jon Iñaki Betolazak nabarmendu du oso garrantzitsua dela Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren eta Gizarte Zerbitzuen erabiltzaileen artean medikamentuen erabilera hobetzeko programa, GSEk eta EUDELek sinatutako akordioan sartua, medikamentua eskuratzea errazten duena eta tratamendua behar bezala betetzea bermatzen duena. “Beraz, paziente bakoitzaren osasuna hobetzen laguntzen du, eta familien eta zaintzaileen lana babesten du”. Betolazaren hitzetan, “sendagaiak erabiltzen dituzten pertsonen osasuna hobetzen lagunduko duten zerbitzuak ezartzearen aldeko apustua da, tratamenduaren helburua betetzen lagunduko dutenak, eta, gainera, osasun-sistemaren eraginkortasuna, segurtasuna eta efizientzia hobetuko dutenak”.
Halaber, Farmaziako zuzendariak farmaziek farmazia-arretan duten rol aktiboago baten aldeko apustua egin du, atxikidura terapeutikoan funtsezkoa den alderdia, eta farmaziekin lankidetzan jarraitzearen alde mintzatu da, herritarrei arreta pertsonalizatua eta eraginkorra eskaintzeko.