Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua eta Daniel Solana Basquetourreko zuzendaria Ignaziotar Bideko Udalerrien Elkarteko ordezkaritzarekin bildu dira, honako hauekin: Joan Vila elkarteko presidente exekutiboa eta Manresako alkateordea, Nagore Alkorta elkarteko presidenteorde eta Azpeitiko alkatea, Jon Luqui Urretxuko alkatea eta Raúl Garcia Guardiako alkatea. Bileran izan dira, halaber, Cristina Gonzalez Lehen diputatu nagusiordea eta Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren saileko foru diputatua, Felipe Gonzalez Arabako Foru Aldundiko Turismo zuzendaria, eta Libe Otegui Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendaria.
Bileran, elkartea aurkeztu diete Eusko Jaurlaritzako eta Ignaziotar Bidea igarotzen den Foru Aldundietako ordezkari instituzionalei. Elkartearen helburua da bide hori turistikoki koordinatzea eta sustatzea, kalitatezko eta erreferentziazko turismo-helmuga gisa sendotzeko, bai Espainian, bai nazioartean.
Elkarteak jakinarazi duenez, 2025 urtea erakundearen egitura indartzea izango da helburua, ibilbidearen parte diren 90 herri eta hiri inguru elkartzeko asmoz.
Azkenik, 2026-2029 ekintza-planaren zirriborroa aurkeztu dute. Plan horrek, besteak beste, honako alderdi hauek jorratzen ditu: turismoa sustatzea eta ibilbidea seinaleztatzea, turismo-marka posible bat garatzea, kanpainak eta azoketan ikusarazteko merkaturatze-estrategia bateratuak, etab.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Inaziotar Bidea sustatzeko lan egin du, fluxuak mugitzen eta urtarokotasuna galtzen laguntzen duen ibilbide turistiko gisa, Euskaditik igarotzen diren erromesaldi-bideen barruan. Ildo horretan, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak beste autonomia-erkidego batzuekin lankidetzan jardun du hori sustatzeko, eta Basquetour – Turismoaren Euskal Agentziaren bitartez, liburuxka espezifiko bat diseinatu da, Bideak Euskal Autonomia Erkidegoko lurretan egiten duen ibilbidearen berri emateko.
Gaur egun, Ignaziotar Bideko Udalerrien Elkarteak 70 udalerri ditu atxikita, eta hauek dira atxikitako euskal udalerriak: Asparrena, Kanpezu, Bilar, Kripan, Guardia, Lapuebla de Labarca, Zalduondo, Azkoitia, Azpeitia, Legazpi, Urretxu eta Zumarraga.