Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak izena emateko epea ireki du

0

«Eskolatik plazara» lelopean, datorren ikasturterako matrikulazio kanpaina hasi da, eta Eskolak islatu nahi izan du ikasleek hiriko zein beste herrietako kultur bizitzan aktiboki parte hartzeko duen konpromisoa. Kontua ez da bakarrik ikastea, baizik eta artea bizitzea, partekatzea eta Donostiako txoko bakoitzean entzutea. Ikasturte bakoitzean 250 emanaldi baino gehiago eginez, ikasleak hiriaren nortasun kulturalaren parte aktibo bihurtzen dira, beren ikaskuntza kale, plaza eta agertokietan eskainiz, eta beren aztarna ekitaldi garrantzitsuetan utziz.

Adinekoentzako egoitzetako kontzertuetatik, Lagunkoia kontzertu zikloarekin, Kaldereroak, Danborrada eta San Tomas bezalako jai errotuak, Gau Beltza, Musikalean, HIESaren Aurkako Eguna, auzoetako festak eta Gabonetako Merkatua bezalako ospakizunetara, emanaldi bakoitza publikoarekin konektatzeko eta hiri espazioa agertoki ireki bihurtzeko aukera bat da. Honako ekimen hauek ere nabarmentzen dira: EMUSIK jaialdia, zuzeneko lau musika eta dantza egunekin; DBH Dantzan jendetsua, aurten hainbat ikastetxetako 600 ikasle baino gehiago bilduko dituena; Musika Modernoaren Maratoia Donostiako Boulevarreko kioskoan; eta parte hartzeak Kontxako Barra enblematikoan, Jazzaldian, Aste Nagusian edo Museoen Egunean. Eskolak, klaseak emateaz gain, arte bizia eta parte hartzailea bultzatzen du, eta, horri esker, jarduera bakoitza esperientzia positiboa da ikasleentzat eta herritarrentzat.

2024-25 ikasturtean, Eskolak 2832 ikasle izan ditu, 29 instrumentutan, hiru dantza espezialitatetan eta irakasgai ugaritan, banaka zein taldean.

Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolaren 2025-26 ikasturterako eskaintza honako hau da:

  • Musika Hezkuntza Goiztiarra (0-2 urte)
  • Musika eta Mugimendua (3-5 urte)
  • Dantza: Euskal Dantza, Dantza Garaikidea eta Dantza Klasikoa (6 urtetik aurrera)
  • Musika Tailerra (6-7 urtetik aurrera)
  • Instrumentuak, Kantua eta Musika Hizkuntza (8 urtetik aurrera)
  • Musika taldeak: orkestrak, bandak, Big Bandak, Rock, Pop eta Jazz, Ensemble, Gitarra, Txistua, Akordeoia eta Trikitixa (8 urtetik aurrera)
  • Irakasgai osagarriak: Helduentzako Musika Kultura, Harmonia, Moldaketak, Inprobisazioaren Hastapenak eta Zuzendaritza Praktikak (16 urtetik aurrera)
  • Irakaskuntza ofizialetarako prestakuntza (ikasketa profesionaletarako eta goi mailako ikasketetarako prestakuntza taldeak) (12 urtetik aurrera)
  • Musika Tailerra (65 urtetik aurrera)

 

Hiri osoan

Atotxako Zelaia plazako eta Nestor Basterretxea plazako Dantza Eskolan dauden instalazio nagusiez gain, Donostiako auzoetako egoitzetan (Antigua, Loiolako Erriberak, Amara eta Añorga) 3-7 urteko ikasleei zuzendutako irakasgaiak eskainiko dira, hala nola Musika eta Mugimendua eta Musika Tailerra. 8 urtetik gorako ikasleentzako Txalaparta eta Dultzaina eskolak eskainiko dira Antiguako egoitzan, eta Loiola Erriberetan eta Salaberrian Piano klaseak eskainiko dira. Azkenik, Urbietako egoitzan Gitarra eta 13 urtetik gorakoentzako Kantu eskolak eskainiko dira.

Eskaintza Ekialdeko Barrutian

Herrera, Altza eta Intxaurrondoko egoitzetan adin guztietarako ikasgaiak egongo dira, hala nola Musika eta Mugimendua 3 eta 5 urte bitarteko txikienentzat eta Musika Tailerra 5 eta 7 urte bitartekoentzat. 8 urtetik aurrera eta adin mugarik gabe, Altza eta Intxaurrondoko egoitzetan banakako Piano klaseak eskainiko dira.

Herrerako egoitzan, bakarkako eskola ugari eskaintzen dira, bateriatik trikiraino, eta datorren ikasturtetik aurrera, baita piano modernoa ere. Gainera, ikasleek musika taldeetan eta Musika Hizkuntzako klaseetan parte hartzeko aukera dute, eta horrek hezkuntza esperientzia musikal osoa eta integrala bermatzen du.

Dantza guztiontzat

Musika eta Dantza Eskolan ematen diren 3 espezialitateetan (Euskal Dantza, Garaikidea eta Klasikoa) adin guztietarako taldeak eskaintzen dira. 6 urtetik aurrera, haurrak dantzan has daitezke, edozein espezialitatetan. Helduek ere aukera dute Euskal Dantza eta Dantza Garaikideko hastapen taldeetan sartzeko, edo dantzaren gozamena berreskuratzeko eta Dantza Klasikoko, Garaikideko edo Euskal Dantzako maila aurreratuagoko taldeetan dantzatzen jarraitzeko.

Hazten jarraitzen duten proiektuak

Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak +65 Musika Tailerra ikasgaia eskaintzen jarraituko du laugarren urtez, 65 urtetik gorakoei zuzendua, musikaren eta psikomotrizitatearen bidez oroimena, kontzentrazioa eta ongizatea suspertzeko. Berrikuntza gisa, datorren ikasturtean, erretiratuen elkarteekin lankidetzan, eskolak Atotxako egoitzan ez ezik, hiriko hainbat auzotako erretiratuen zentroetan ere emango dira, irisgarritasuna hobetuz.

Era berean, Eskolak Musika Gertu programarekin jarraituko du, musika hezkuntza Ekialdeko Barrutiko ikastetxeetara hurbilduz, arte hezkuntzarako sarbidea hobetzeko ahaleginean. Proiektu berritzaile hau Herrera eta Altzako ikastetxeetan ematen jarraituko da, Lehen Hezkuntzako ikasleei programak eskainiz eta Ekialdeko Barrutiko 12 eta 18 urte bitarteko gazteentzako Bideberri Institutuarekin lankidetzan.

Interes Sozialeko Prezioak

Musikaz eta dantzaz gozatzeko aukera herritar guztiei zabaltzeko, haien egoera ekonomikoa edozein dela ere, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak Interes Sozialeko Prezio Publikoak ditu. Honekin Eskolak musika eta dantza komunitate osoarentzat inklusiboak eta aberasgarriak izateko duen konpromiso irmoa islatzen du. Interes sozialeko prezioak hainbat talderentzat daude eskuragarri, hala nola DSBE, DGB edo Gizarte Larrialdietarako Laguntza jasotzen dutenentzat, familia ugarientzat, zehaztutako diru-sarrerak baino txikiagoak dituzten familia-unitateentzat, guraso bakarreko familientzat eta Eskolan kide ugari matrikulatuta dituzten familia-unitateentzat.

Proiektu berritzailea

Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak Mediateka aurkeztu du. Ekimen honen helburua da Eskolak, dela modu autonomoan, dela arte hezkuntzaren arloko beste ikastetxe eta profesional batzuekin lankidetzan, editatu edo sustatu dituen material didaktikoak herritarren esku jartzea. Espazio honek partiturak, audioak, bideoak, liburuak eta jarduera interaktiboak
eskaintzen ditu, Creative Commons lizentziekin, edukietarako sarbide libre eta arduratsua sustatuz.

Bertan aurkitu daitezke euskal folklorearen partitura egokituak, emakume konpositoreen lanak barne, genero ikuspegia musika hezkuntzan txertatzeko beharrezko ahaleginean, eta horri lotutako audioak. Gainera, mediatekan baliabide pedagogiko berritzaileak ere eskura daude, hala nola jarduera interaktiboak, eta Eskolan irakasten diren instrumentuak aurkezten dituen Erabakita! bideo sorta, ikasleei eta familiei instrumentuen aukeraketan laguntzeko.

Gordailu bat baino gehiago, Mediateka hezkuntza komunitatea indartzen eta musika aniztasuna sustatzen duen bilakaeran dagoen gunea da. Eskuratu baliabideak hemen: mediateka.donostiaeskola.eus.

Informazio gehiago >>