Tokiko Gobernu Batzarrak onartutako beste gai batzuk: Udaltzaingoaren jantziak, Dirulaguntzak, Oporrak bakean
Tokiko Gobernu Batzarrak Altzako anbulatorioko irisgarritasuna hobetzeko egikaritze proiektu aldatua onartu du, 652.194 euroko aurrekontuarekin eta 6 hilabeteko egikaritze epearekin.
Udalak osasun-zentroaren irisgarritasun unibertsala bermatu nahi du, aparkalekua bertako sarbide nagusiarekin lotuz. Horretarako, hiru solairuko igogailua eta bi pasabide sortuko ditu, kanpoko aparkaleku publikoaren eremua inguruko bi interesgunerekin lotzeko: Topoaren sarbidea eta Altzako anbulatorioaren sarrera.
Horrela, sistema ingurunean dauden oinezkoentzako fluxu/ibilbideetan integratuko da, eta ibilbide irisgarri berriak eskainiko ditu, ez soilik ekipamendu sanitarioarentzat, baita auzoko bizilagunentzat ere.
Aparkalekuaren urbanizazioan igogailuaren nukleoa ezarri denez, beharrezkoa da eremua pixka bat birmoldatzea, ingurune horretan oinezkoentzako ibilbideen jarraitutasuna ziurtatzeko.
Donostiako Udala garraio publikoaren etengabeko hobekuntzan murgilduta dago, eta azken urteotan landu den gaietako bat udalerriko garraio bertikala hobetzea da, hau da, udalerriko auzo altuetarako irisgarritasuna hobetzea.
Irisgarritasunaren hobekuntza horien ondorioz, gaur egun 20 igogailu publiko inguru daude, eta horiek bizi-baldintzak hobetu dituzte, kontuan hartuta tokiko biztanleriaren zahartze-maila handia dela, hiriko hainbat gunetan.
Udaltzaingoaren jantziak
Tokiko Gobernu Batzarrak Udaltzaingorako jantziak ingurumen irizpideekin hornitzeko kontratazioaren espedientea onartu du, 210.000 euroko aurrekontuarekin eta 3 urteko egikaritze epearekin (urtebeteko bi luzapen egiteko aukera).
Dirulaguntzak
Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du Arrats Elkarteari 74.225 € ematea zuzeneko dirulaguntza gisa, Txiki Txoko proiektua finantzatzeko. Proiektu horrek laguntza psiko-hezitzailea eta soziala eskaintzen die migrazio-prozesuetan dauden emakumeei, eta, aldi berean, gurasobakar diren emakume migratzaileei beren haurtxoak zaintzeko eta artatzeko kontziliazioari erantzuna eman nahi zaio, eta, horrela, haien gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbideak erraztu.
Era berean, SEADen Lagunen Elkarteari 36.500 euro ematea onartu da, zuzeneko dirulaguntza gisa, honako proiektu hauek finantzatzeko:
-
- • Giza laguntzarako urteroko karabana: 20.000 €
-
- • Elkarlana saharar ordezkaritzaren bulegoarekin: 3.500 €
-
- • Ur edangarriaren depositoen horniketa: 5.000 €
-
- • Elkarlana hezkuntza bereziko eskolarekin: 5.200 €
-
- • Elkarlana Mahbeseko osasun-artategiaren egiturarekin: 2.800 €
Oporrak bakean
Tokiko Gobernu Batzarrak Oporrak Bakean programako haur sahararren harrera eta egonaldia egitea onartu du (ekainaren amaieratik abuztuaren amaierara 2 hilabetez) 38.500 €-ko aurrekontuarekin.
Oporrak Bakean programa Tindoufeko (Aljeria) kanpalekuetan errefuxiatuta bizi diren 9 eta 12 urte bitarteko (adin handiagokoak arrazoi medikoengatik soilik) haur sahararrei zuzenduta dago.
Ekimen honen helburua da adingabeek kanpalekuetan dituzten bizi-baldintza gogorrak ahal den neurrian arintzea, Donostiako herritarrak errealitate zehatz horretara hurbiltzen laguntzea, senidetutako bi udalerrien arteko harremanak estutzea eta herrien arteko elkartasuna bultzatzea.