Euskadiko Larrialdi Sistemak 16.000 jarduera baino gehiago erregistratu zituen itzalaldiaren egunean eta biharamunean

0

Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburua Eusko Legebiltzarrean izan da Euskadiko Segurtasun Publikoaren Egoerari buruzko 2024 Txostena aurkezten

Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak agerraldia egin du gaur Eusko Legebiltzarreko Erakundeen, Gobernantza Publikoaren eta Segurtasunaren Batzordean, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Egoerari buruzko 2024. txostena aurkezteko. Zupiriarekin batera, Ricardo Ituarte Segurtasuneko sailburuordea eta Joana Egiluz Babes Zibileko sailburuordea izan dira.

Bere hitzaldian Zupiria sailburuak adierazi duenez “ Segurtasun sailarentzat gizartearen bizi-funtzioak ziurtatzea da Segurtasuna, eta hori bi zeregin nagusiren bidez gauzatzen da: prestakuntza eta erantzuna”. Apirilaren 28ko itzalaldiak fokoa segurtasunean jarri zuela azpimarratu du Zupiriak, “Segurtasuna bere ikuspegirik zabalenean hartuta: larrialdiak, lan asistentziala, babes zibila, zaintza, herritarren polizia-babesa eta herritarren segurtasun osoa”. Duela aste bete gertatutakoa segurtasunaren ikuspegi integralaren garrantzia erakutsi zuela adierazi du sailburuak bere agerraldian. “Euskadik erantzun berehalakoa, sendoa eta eraginkorra eman zion krisialdiari” azpimarratu du Zupiriak Eusko Legebiltzarrean. Apirilaren 28an, oro har, SOS Deiak, Osakidetza, lurraldeetako eta hiriburuetako suhiltzaileak, Ertzaintza, Trafikoa kudeatzeko zentroa eta errepideak kontutan hartuta (Udaltzaingoak batu barik) 16.000 jardueratik gora izan zituen Euskadiko Larrialdietako sistemak itzalaldiaren egunean eta biharamunean. Itzalaldiaren unerik gogorrenetan, apirilaren 28ko 12:00etatik 19:00etara, 112 larrialdietarako telefonoak, adibidez, hirukoiztu egiten zuen jarduera.

Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak Eusko Legebiltzarrean berretsi duenez “uste gabeko egoera zail baten aurrean erakundeen arteko lankidetza, koordinazioa eta konfiantza aukeratu ditugu tresna modura euskal gizarteari zerbitzua emateko. Egiteko modu horretatik jarraituko dugu aurrera. Ez gara bide horretatik aterako”. Gainera itzalaldiaren egunean konpromisoa erakutsi zuten profesional eta boluntario guztien lana eskertu du sailburuak.

Euskadiko Segurtasun Publikoaren egoera

Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak Euskadiko Segurtasun Publikoaren Egoerari buruzko 2024 Txostena aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean. Sailburuak azpimarratu duenez, txosten horrek «ikuspegi aurreratu, konprometitu eta gizatiar batetik gaur egun segurtasun publikoak zer esan nahi duen helarazi nahi du». 2024an, segurtasun publikoaren eredu modernoa, deszentralizatua eta koordinazio instituzional handikoa indartu da Euskadin. Koordinazio horrek «erakunde guztiak inplikatu behar ditu: Ertzaintza, udaltzaingoak, epaileak eta fiskalak, eta baita herritarrak ere».

Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasun Batzordean gaur aurkeztutako txostenak erakusten duenez, Ertzaintza babes integralaren erreferentzia da, baina bere garrantziagatik eta protagonismoagatik EAEko tokiko poliziak, SOS Deiak zentroa, Larrialdiei Aurre Egiteko zerbitzua, Euskalmet, Zibersegurtasuneko Euskal Agentzia/Cyberzaintza), Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia, erakundeen arteko koordinazioa, eta hainbat erakunderekiko aliantzak, hala nola Emakunde, Gurutze Gorria, Euskal Mendizale Federazioa edota UPV/EHU eta berari atxikitako zentroak ere nabarmentzen dira. Segurtasuneko sailburuak azpimarratu duen bezala, alderdi horiek guztiak «erakundeek erantzun azkarra, profesionala eta koordinatua emateko duten gaitasunaren adibide dira, delituaren, suteen, istripuen, hondamendi naturalen edo arrisku-egoeren aurrean segurtasuna edo erreakzio egokia bermatu nahi denean».

Hala, besteak beste, memoriak 2024ko datu hauek jasotzen ditu:

  • Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak 112 telefonoaren bidez, 816.975 dei jaso eta 250.276 gertakari kudeatu zituen.
  • Euskadin 7.655 zirkulazio-istripu erregistratu ziren, aurreko urtean baino % 2 gutxiago; horietatik 2.484 biktimak eragin zituzten istripuak izan ziren, eta 5.171, biktimarik gabeko istripuak. Hildakoen kopurua % 16 jaitsi da, eta larri zauritutakoena % 1 igo, 2023aren aldean.
  • Ertzaintzak 2024an bere baliabideen % 80 prebentziora bideratu zituen.
  • Arau-hauste penalak 141.190 izan ziren, 2023an baino % 2 gehiago, eta delitu-tasa 1.000 biztanleko 63,3 izan zen. Delitu presentzialak % 3 gehitu ziren.
  • Delitu presentzial guztien % 69 ondarearen eta ordena sozioekonomikoaren aurkako arau-hauste penalak dira
  • Sexu-erasoak % 29 gehitu ziren eta % 85eko ebazpen-indizea dute.
  • Delituen % 19 ziberdelituak izan ziren, aurreko urtean baino % 3 gutxiago.
  • 2024an, Ertzaintzak 940 prestakuntza- eta dibulgazio-jarduera baino gehiago egin ditu «Prebentzioa komunikaziotik» programaren barruan, eta 30.000 pertsona baino gehiagorengana iritsi da, bereziki, gazte eta kolektibo kalteberengana.

Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburuak Legebiltzarrean gogorarazi duenez Euskadi “segurtasun publikoaren euskal eredu gardena, hurbila, modernoa eta integralaren oinarri sendoak finkatzen ari da, Segurtasun horrek, polizia-kidegoei ez ezik, agente eta erakunde guztiei ere eragiten die, herritarrek, demokratikoki, konfiantza beraiengan jarri dutelako. Kaleak bakarrik hartzen ez dituen eredua da, kaleetara mugatzen ez dena, baizik eta etxera, sareetara, eskolara, mendira, itsasora eta pertsona bat bizi, lan egin edo ibiltzen den espazio bakoitzera ere hedatzen dena «. Zupiriak gaineratu duenez, «egoera aldakor batean bizi gara, eta etengabeko arreta eta jarrera konstruktiboa eta kolaboratiboa eskatuko digu, ezkutatu barik, baina egindako lan guztia aitortuz. Lidergo partekatuekin, gure gizartearen bizi-funtzioak bermatzea guztioi dagokigulako. Hori da Euskadi eraikitzen ari den segurtasun publikoaren eredua: zabala, osoa, zeharkakoa, prebentiboa, kolaboratiboa eta Herri honetako pertsona bakoitzarekin konprometitua «.