- Iritzi dio funtsezkoa dela desberdintasunak murriztea eta gizarte kohesioa sustatzea lan merkatu «bidezkoagoa eta eskubide gehiagokoa» lortzeko
- Europako funtsek euskal hazkundean eta inbertsioan duten eragina ezagutzeko ikerketa iragarri du
Mikel Torres Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak euskal ekonomiaren sendotasuna eta erakundeen egonkortasuna nabarmendu ditu gaur Madrilen, Euskadiren lehiarako abantaila gisa: “Gure ekonomia modu egonkor eta kementsuan ari da hazten, Europako batez bestekoarekin alderatuta. Aurreikuspenek adierazten dute % 2,1 haziko dela 2025ean, hasieran aurreikusitakoa baino hamarren bat gehiago. Eta 2024an, eurogunea % 0,9 bakarrik hazi zen; Euskadi, berriz, % 2,2”.
LLYC komunikazio eta gai publikoetako aholkularitza enpresak antolatutako “Euskadiko errealitate ekonomikoa” foroan, Lehendakariordeak azpimarratu du, nazioarteko koiuntura soziopolitikoak eragindako zailtasunak eta ziurgabetasunak gorabehera, adierazle “garrantzitsuenetako” bi ez direla ari atzera egiten: enplegua eta inbertsioak.
“Enpresek langileak kontratatzen jarraitzen dute, eta ez dira ari eskulan kualifikatu eta prestatua alde batera uzten. Euskal ekonomia milaka lanpostu garbi sortzeko gai da”. Izan ere, kalkulatzen da aurten lanaldi osoko 15.000 lanpostu sortuko direla, eta, horrekin, langabezia tasa 2024an erregistratutako % 7,4tik % 7,0ra jaitsiko dela, eta 2026an, % 6,7ra.
Testuinguru horretan, Mikel Torres Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua harago joan da: “Hazkundearen eta oparotasunaren ekonomia islatu behar du Euskadiko ekonomiak, baina baita desberdintasunak murriztearena, aberastasuna birbanatzearena, gizarte kohesioa sustatzearena ere, lan merkatu bidezkoagoa eta eskubide gehiago dituena lortzeko, kalitatezko enplegua eta guztiontzako eskubideak dituena lortzeko”.
Inbertsioei dagokienez, uste du datuak “baikorrak” direla, “azelerazio” dinamikan baitaude, interes tasen jaitsieraren ondorioz. Eta suspertze hori agerikoa da ekipamenduko ondasunetan, BPGn pisu handiena duen sektorean, urte arteko % 2,6ko hazkundea izan baitu.
Ildo horretan, Torresek azpimarra egin du Europako Next Generation funtsak inbertsioak egiteko orduan jokatzen ari diren paperari dagokionez. Martxoaren 30era arte, funts horietatik 3.673 milioi euro erakartzea lortu zuen Euskadik, % 75eko egikaritze tasarekin –estatukoa baino hamaika puntu gehiago–, eta gainerako autonomía erkidegoen buruan jarrita. “Eraginkortasun maila horrek ahalbidetzen digu beste erkidegoek erabiltzen ez dituzten funtsen gehigarri berrietara jotzea, eta inbertsio berriak egiten jarraitzeko aukera ematen digu”, gaineratu du.
Hori dela eta, Lehendakariordeak iragarri du 2025ean “Hazkundearen eta inbertsioaren eragin ekonomikoa Euskadin” izeneko azterlana egingo dela, Europako funts horien erabilera ezagutzeko. Horrela, aztertuko da BPGa, enplegua eta produktibitatea zein neurritan bultzatu duten Europako funtsek sektore estrategikoetan, hala nola industrian, energian eta digitalizazioan; jakingo da zein proiektu izan diren eraginkorrenak; eta zehaztuko da lehia arrakala nola ari den murrizten, baita nola ari den sustatzen ETEen eta mikroenpresen berrikuntza etorkizuneko erronkei aurrea hartzeko.
Elkarrizketa «aldaera guztietan»
Mikel Torres Lehendakariordeak eskatu die eragile soziolaboral eta enpresarialei “aukera bat” eman diezaiotela elkarrizketari “aldaera guztietan”, lan harremanen esparru “indartsu” bat izateko: «Benetan uste dut jada badugula, eta, beraz, zaindu ez ezik, babestu eta hobetu ere egin behar da, nahiz eta askotan irizpide politikoek sindikalek baino gehiago interferitzen duten”.
“Lege aldaketak funtsezkoak dira, baina negoziazio kolektiboa da benetan erabakigarriena”, adierazi du, eta, aldi berean, lanaldia murrizteko ekimena babestu du. Nolanahi ere, orduen banaketa malgua eta enpresetan kultura aldaketa lehenetsiko duen ikuspegiaren alde egin du.
Era berean, balioan jarri du Diru sarrerak Bermatzeko Sistema, Euskadi pobrezia eta gizarte bazterketako tasarik txikiena duen autonomía erkidegoa baita (% 14,8). “Bidezkoa eta demokratikoa den gizarte batek ezin du loratu, ezta aurrera egin ere, herritarren zati bat, gutxiengoa izan arren, pobrezian bizi bada”, gaineratu du.