Nafarroako Gobernuak Kanpo Ekintzarako II. Plana (2024-2028) onartu du gaurko bilkuran. Horren helburua Nafarroak nazioartean duen posizioa sendotzea da, Europarekiko konpromiso argia, mugaz gaindiko bokazioa eta mundu globalizatu batean kanpoan dauden Nafarroako herritarrekiko harremana areagotzea abiapuntu hartuta. Bigarren lehendakariorde eta Memoriako, Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak, Ana Ollok, departamentuen arteko 2025-2028 aldirako plangintzaren oinarrizko ildoak azaldu ditu, 34,3 milioiko aurrekontuarekin. Dokumentuak 135 ekintza biltzen ditu, hiru ardatzetan banatuta. Neurri horiek aberastu egin dira Gobernu Irekiaren bidez eta eragile sozioekonomiko eta instituzionalekiko harreman-prozesu batean.