Turismo inklusibo eta anitza bultzatzeko “The LGBT+ Travel Symposium” 2025 nazioarteko foroa Euskadin ospatuko da

0

Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak eta Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak OutThere magazine aldizkariarekin elkarlanean antolatu dute sinposioa. Bilboko Bizkaia Aretoan izango da maiatzaren 8an, 9:00etatik 16:30era. Gainera, hilaren 9an workshopak egingo dituzte komunikabide eta influencerekin, baita bidaia-agentziekin ere.

Gainera, aurrez, maiatzaren 5etik 7ra, familiarizazio-bidaia batzuk egin dira Euskadin, “fam trip” izenez ere ezagunak, turismo-sektoreko profesionalei zuzenduta, hala nola Estatu Batuetatik, Kanadatik, Mexikotik eta Europako hainbat herrialdetatik etorritako komunikabideei, bidaia-eragileei eta influencerei. Euskadi helmuga turistiko jasangarri, inklusibo eta kalitatezkoa dela lehen eskutik ezagutzera emateko asmoz, hiru lurralde historikoetan zehar ibili dira parte-hartzaileak: Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian.

Jardunaldian, besteak beste, Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak eta Daniel Solana Basquetourreko zuzendariak parte hartuko dute, eta Euskadi helmuga turistiko arduratsu, jasangarri eta inklusibo gisa kokatzeko Eusko Jaurlaritzaren estrategia aurkeztuko dute. Ekitaldiak hainbat erakunderen laguntza ere jaso du, hala nola Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiena, Turespañarena, eta enpresa eta babesle pribatuena.

Testuinguru honetan, ofizialki aurkeztu da Euskadiko LGTBIQ+ produktu turistiko berria. Proposamen integral horrek lurraldeak aniztasunarekin, berdintasunarekin eta hospitalitatearekin duen konpromiso irmoa adierazten du. Eskaintza berri hau Queer Destinations nazioarteko bereizgarriarekin lankidetzan garatutako estrategiaren emaitza da. Estrategia horrek barne hartu ditu sektoreko profesionalentzako prestakuntza, kalitate inklusiboko estandarrak eta LGTBIQ+ bidaiariarentzat berariaz diseinatutako esperientziak. EAEko 180 enpresa baino gehiagok jaso dute dagoeneko Queer Destinations Committed zigilua, prozesua amaitu ondoren.

Turismo inklusiboa ez da soilik balio kontu bat; hazteko aukera ere bada. Turismoaren Kode Etikoaren printzipioetako bat da. Euskadi aitzindaria da kode hori aldarrikatzen, eta NBE Turismoren babesa du.

Basquetourrek urteak daramatza sentsibilizazio-programetan lanean, euskal baliabide turistikoek kalitatezko zerbitzua eskaini ahal izan diezaieten LGTBIQ+ kolektiboko bisitari eta turistei. Orain arte 139 enpresak amaitu dute prestakuntza. Gainera, enpresak ziurtagiria jaso ahal izateko, prestakuntza horiek langile guztiek egin behar dituzte; hala, 1.182 pertsonak osatu dute.

Enpresa eta baliabide turistikoentzako prestakuntza-programez gain, Basquetourrek epe luzeko estrategia ere ezarri du, eta bisitari eta turistentzat neurrira egindako LGTBIQ+ esperientziak barne hartzen ditu. Hain zuzen ere, sinposio honen helburuetako bat da Euskadi Basque Country helmuga turistiko gisa aurkeztea turismoaren segmentu horretan espezializatuta dauden bidaia-agentzia profesionalei. Segmentu turistiko horrek 200 bilioi euro baino gehiago mugitzen ditu urtean, eta % 8 handitzen da urtero. Sinposiora nazioarteko bidaia-eragile eta komunikabide espezializatu ugari bertaratuko dira.

The LGBT+ Travel Symposium edizio honi esker, Euskadik berretsi egingo du turismo-eredu gizatiarragoa, arduratsuagoa eta gizarte anitz eta modernoaren balioekin bat datorrena eraikitzeko asmoa.