Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu Maria Ubarretxenak eman dio amaiera UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolan egin den Open Data Sariak 2024 sari banaketa ekitaldiari.
Sari horiek Eusko Jaurlaritzak egindako datu publikoak irekitzearen, erabiltzearen eta berrerabiltzearen aldeko apustuaren baitan kokatzen dira, gardentasuna, informaziorako irispidea, erakundeen arteko lankidetza eta berrikuntza bultzatzeko helburuarekin, eta bide batez, garapen ekonomiko eta soziala sustatzeko helburuarekin ere, informazio publikorako doako sarbidea bermatuz.
Bere hitzaldian, Ubarretxena sailburuak nabarmendu du teknologia berrien erabilera baliatu behar dela zerbitzu publikoak hobetzeko eta indartzeko eta Euskadi eta administrazio publiko modernoagoa, eraginkorragoa eta, batez ere hurbilagoa eraikitzeko. “Adimen artifizialak eta datuen erabilerak aukera ematen digute ongizatean aurrera egiteko, zerbitzu publikoak eskuragarriagoak, arinagoak eta bereziki, eraginkorragoak bilakatzeko” adierazi du.
«Eraldaketa digitala erronka bat da – jarraitu du-, baina aukerak ere zabaltzen dizkigu parez pare; teknologiak eskaintzen dizkigun aukerak aprobetxatu behar ditugu prozesuak sinplifikatzeko, modu eraginkorragoan eta elkarlanean jarduteko, interoperabilitatean aurrera egiteko, zerbitzu publikoak pertsonalizatzeko eta aurrerapen teknologikoak herritarren zerbitzura jartzeko, herritarren egunerokotasuna erraztu dezagun”.
Ekitaldian Estitxu Garai Bizkaiko Campuseko errektoreordeak eta Adimen Artifizialeko adituek parte hartu dute, hala nola Carolina Sepulveda, Microsofteko Data & AAren arduradunak eta Imanol Terán, estrategia digitaleko aholkulariak. Biek Adimen Artifizialaren eragina eta zerbitzu publikoak eraldatzeko duten gaitasuna aztertu dituzte.
Saritutako 9 proiektuak
OPEN DATA SARIEN bosgarren edizioa orain arteko parte-hartzaileena izan da. 71 proiektu aurkeztu dira guztira, 41 ideien modalitatean eta 30 aplikazioen modalitatean. Guztira 9 proiektu saritu dira.
Saritutako ideia eta proiektuen harira, sailburuak azpimarratu du pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko, administrazio publikoa eraginkorrago egiteko eta XXI. mendeko erronkei erantzuteko erakutsi duten ahalmena.
Izan ere, Open Data Sariak datu publikoen erabileran sormena eta berrikuntza sustatzera bideratuta daude, datu irekietan oinarritutako ideiak, irtenbide teknologikoak, aplikazioak, ikerketak edo zerbitzuak garatzen dituzten enpresak edo partikularrak sarituz.
Ideien lehiaketan, proiektu saridunak izan dira:
Kategoria sanitario eta sozialean
- Lehen saria: «Desarrollo de un Modelo de Predicción de Volumen de Pacientes que acudirán al Servicio de urgencias de Osakidetza» proiektua, Miren Bacete Martinezena. Ideiak eredu prediktibo bat garatzea proposatzen du, denborazko serieak erabiliz, larrialdietara joango diren pertsonen bolumena eta artatutako kasuen larritasun-maila aurreikusteko gai izango dena.
- Bigarren saria: «Euskoeduca», Sandra García Ariasena. Ikasleei, gurasoei eta tutoreei orientazio akademiko eta profesional pertsonalizatua emateko diseinatutako soluzio digitala da proiektua.
Ingurumenaren eta iraunkortasunaren kategorian:
- Lehen saria: «Baratzapp», Leire Zubizarreta Barrenetxearena. Aurkezten den ideia software bat garatzean datza, baratzea planifikatzea errazten eta laguntzen duena algoritmoen bidez, autokontsumoko baratzearekin lotutako ezagutza indartzea bilatzen dutenak, eta, aldi berean, besteak beste, klimatologiari, ingurumenari eta partzelei buruzko informazioa erabiltzailearentzat modu pertsonalizatuan integratzen duena.
- Bigarren saria: «Euskal Advice”, Javier Carpintero Ordoñezena. Proposamen honen helburua adimen artifizialean oinarritutako gomendatzaile turistiko bat definitzea da.
Kategoria orokorrean:
- Lehen saria: «Lanbila», Hodei Gonçalves Barkaiztegirena. Ideia aplikazio bat da, IA sortzailea eta datu irekiak erabiltzen dituena enplegu-eskaintzak modu semantikoan parekatzeko. Gomendio pertsonalizatuak, enplegu- eta prestakuntza-alerta proaktiboak eta erabaki informatuak ematen ditu, lan- eta lurralde-adierazleen bidez.
- Bigarren saria: «Desarrollo de un LLM para la consulta interactiva de Datos Abiertos del Gobierno Vasco», Ibai Alberdi Martínena. Proposamena Eskala Handiko Hizkuntza Eredu bat (LLM) garatzean datza, Chat GPTren antzekoa, Eusko Jaurlaritzaren datu irekiekin berariaz trebatua, erabiltzaileei erantzun zehatzak eta bistaratze dinamikoak lortzea ahalbidetuko dien elkarrizketa-interfaze grafikoa eskaintzera bideratua.
Aplikazioen lehiaketan, proiektu irabazleak izan dira:
Web-zerbitzuen kategorian:
- Lehen saria: «Bizidata: Gasteizko bizikleten erabilera bistaratzeko plataforma», Igor Díaz de Guereñu de los Ríosena. Plataforma horrek Gasteizko bizikleten erabilerari buruzko datuak bistaratzen, aztertzen eta deskargatzen ditu, eta bizikletaren erabileran eragina duten kanpo-faktoreak esploratzen ditu, hala nola klimatologia eta trafikoa.
Kategoria orokorrean:
- Lehen saria: «Garbiñe AI», Beatriz Arenal Redondorena: Laguntzaile adimentsua da, eta Adimen Artifiziala (IA) eta Open Data Euskadiren datu irekiak konbinatzen ditu, ekonomia zirkularra sustatzeko eta Euskadin birziklatze-ratioak hobetzeko asmoz.
- Bigarren saria: «Vitoria-Gasteiz Businessmap», Zaira Gil Ozaetarena: datu irekietan oinarritutako bistaratze interaktiboko tresna bat da, Gasteizen ekintzailetzaren eta jarduera ekonomikoaren arloko erabaki estrategikoak hobetzeko diseinatua.
Edizio honetara aurkeztutako proiektu guztiak eta proiektu saridunak ezagutzeko opendataeuskadi.eus webgunera jo daiteke.