Osakidetzak, eskaria kudeatzeko eredu berria ezarri duenetik, erizainek artatutako prozesuen kopurua sei aldiz handiagoa izatea lortu du

0

GAUR, MAIATZAREN 12A, ERIZAINTZAREN MUNDUKO EGUNA

  • Eredu berri horri eta beste neurri batzuei esker, Lehen Mailako Arretako kontsulta bat izateko 48 ordu baino gutxiago itxaron behar izatea lortu da
  • Erizaintzaren Munduko Egunean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak lanbidea garatzeko duten konpromisoari eusten diote, osasun-erakunde guztietan
  • 2024an, erizainek 450.000 prozesu inguru ebatzi zituzten, 2019an artatutakoen halako sei

Astelehen honetan, maiatzaren 12an, Erizaintzaren Munduko Eguna ospatzen ari garelarik, Osasun Sailak eta Osakidetzak erizainek euskal osasun-sistema publikoaren sare osoan duten zereginaren balioa nabarmendu nahi dute; aurten, zehazki, Lehen Mailako Arretan egiten duten lana, bertan patologien % 80 ebazten baitira.

Izan ere, Osakidetzak ibilbide luzea egin du bere erakundeetan erizaintzako lanbidea garatzeko lanean. Erakundeetan dauden erizaintzako profesionalek, beraz, gero eta prestakuntza eta gaitasun hobea dute, herritarrak osasunaren arloan artatzeak planteatzen dituen erronkei erantzuteko.

2019an, Osakidetzak Lehen Mailako Arretako eskaria kudeatzeko eredu berri bat jarri zuen abian, erabiltzaileak beren beharren arabera profesional egokienera bideratzen dituena (Familia Medikuntza, Erizaintza, Administrazioa). Horrek arreta hobetzen du eta osasun-kontsulta bat izateko denborak murrizten ditu. Eredu berri horren zutabeetako bat erizainaren rola indartzea da, hain zuzen ere. Eredua ezarri arte familiako medikuntzako kontsultetan artatzen ziren prozesu arinak (katarroak, eztarriko minak, goragaleak edo gorakoak, besteak beste); orain, aldiz, erizaintzako profesionalek talde-lanean ebazten dituzte. 2024an, erizainek halako 450.000 prozesu inguru ebatzi zituzten; hau da, 2019an arreta-eredu berri hori abian jarri zenean artatzen ziren kasuak baino sei aldiz gehiago.

Paziente kronikoen arreta

Nolanahi ere, erizainek osasun-zentroetan duten rola ez da mugatzen prozesu arinak artatzera. Horiez gain, paziente kronikoen arretaz, txertaketaz, sendaketez edo haur osasuntsuen jarraipenaz arduratzen dira, besteak beste.

Era berean, gaikuntza gero eta handiagoa izateari eta legezko aukerari esker, zenbait medikamentu agindu ditzakete, hala nola ibuprofenoa, antitusiboak edo gernu-infekziorako antibiotikoak, adibidez.

Osasunaren sustapena

Herritarrak osasunaren sustapenean heztea da erizaintzako langileek betetzen duten beste funtzio garrantzitsuetako bat. Izan ere, bilakaera ona izan ohi duten prozesu arinak heziketa sanitarioan oinarritutako jarduketa baten bidez ebatz daitezke, protokolo eta zainketa espezifikoen bidez.

Halakoetan, erizainen arretak autozainketa sustatzen du, beraz, eta horrek epe luzera hobetu egin dezake osasuna, eta, hori ez ezik, osasun-zerbitzuen erabilera egokiagoa ahalbidetu ere, prozesu arinetarako kontsulta medikoen eskaria arinduz. “Ez dugu ahaztu behar Osakidetza herritarren ahalduntzea eta osasunerako hezkuntza sustatzen saiatzen dela, eta erizainek funtsezko zeregina dutela helburu horretan”, adierazi du Osakidetzako Erizaintzako zuzendariorde Elena Fernándezek.

Eskariaren kudeaketa eta irisgarritasunari buruzko beste neurri batzuk lagungarriak izan dira Lehen Mailako Arretan kontsulta bat izateko itxaronaldiak murrizteko. Gaur egun, kontsulta bat izateko batez besteko itxaronaldia 48 ordu bainon gutxiagokoa da, baina kasurik premiazkoenak egunean bertan artatzen dira.

Informazio gehiago: Osasun Eskola Plus:

https://osasuneskola.osakidetza.eus/eu/catalogue/problemas-comunes-salud