Ubarretxena sailburuak ziurtatu du Jaurlaritza lanean ari dela Gernikako Estatutua betetzeko

0

Une honetan, 4 bloketan ari da lantzen Eusko Jaurlaritza eskualdatzeko geratzen diren eskumenak, lehentasuna emanez, gizarte segurantzaren blokeari

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari elkarrizketa  egin diote gaur goizean Bizkaia Irratian.

Hezkuntza arloan lortutako akordioari erreferentzia eginez hasi du elkarrizketa eta bozeramaileak oso positiboki baloratu du lortutako akordioa, “ikasleak eta hezkuntza sistemaren kalitatea jarri baitira erdigunean” adierazi du. “Hezkuntza arloko laugarren akordioa da eta horrek akordioak lortzeko Gobernu honek duen borondate irmoa erakusten du” azpimarratu du Ubarretxenak.

Espainiako Gobernuak proposatutako Unibertsitateei buruzko Dekretu berriaren harira esan du, autogobernuaren aurkako eraso bat dela. Gogorarazi du Euskadik duela hezkuntza arloko eskumena eta dekretuak hainbat eskumen zentralizatu nahi dituela. “Ez gaude ados dekretuarekin, presazko prozedura bidez onartu nahi izateaz gain, unibertsitate berrien sorreran ere murriztailea delako” azaldu du sailburuak.

Atzerriko unibertsitate-tituluen homologazioari buruz, Autogobernuko sailburuak esan du ahozko akordioa lortu dela Espainiako Gobernuarekin eskaera egina zuten 200 pertsona horiek ez daitezen kaltetuak izan eskumena baliogabetu izanagatik. “200 pertsona horiei irtenbide bat ematetik haratago, eskumen bat kendu digute, helburu zuena soilik azkarragoak izatea homologazioak izapidetzeko garaian,  beraz, neurriak hartu ditugu eta prozesu horren zain gaude” berretsi du sailburuak.

Azkenik, 2025 urtean Gernikako Estatutua betetzeko konpromisoaren inguruan galdetuta, Ubarretxenak ziurtatu du Jaurlaritza lanean ari dela konpromiso hori betetzeko. “Eskualdatzeko dauden eskumenak konplexuak dira, 4 bloketan lanean ari gara, aurrerapausoak emateko eta momentu honetan gizarte segurantzaren blokean jarriak ditugu gure indarrak; bloke honek 6 eskumen barnebiltzen ditu eta lehen fase batean 3 eskumen lantzen ari gara 2 ministeriorekin:  kotizazio gabeko prestazioei, langabezia-subsidioari eta langabezia prestazioei lotutako eskumenak eta proposamen egingarriak jarri ditugu mahai gainean” azaldu du Ubarretxenak.