Eustatek bat egin du Euskaraldiarekin

0

Beste urte batez, Eustat – Euskal Estatistika Erakundeak “Euskaraldia, Elkar mugituz egingo dugu” ekimenarekin bat egin eta bere hamaikakoa aurkeztu du. Talde honen egitekoa izango da Eustatek euskararen erabileran urratsak ematea, bertako kide guztiak euskara gehiago erabiltzera gonbidatuz.

IV. edizio honetan 57 kidek hartuko dute parte, «ahobizi» zein «belarriprest» gisa. Horrela Eustatek urrats berri bat eman du mugimendu sozial horren alde, euskararen erabilera sustatzeko.

Euskal Estatistika Erakundeko zuzendari Belen Muñizek adierazi bezala, «euskararen erabilera bizitzako arlo guztietan suspertzeko konpromisoa behar da, eta Eustaten gero eta gehiago gara mugimendu sozial horretan parte hartzen dugunak».

Euskaraldia maiatzaren 15etik 25era egongo da martxan. Ekimen honen helburua hizkuntza-ohituretan eragitea da, euskararen erabilera eta hiztunen aktibazioa bultzatzeko, eta helburu hori izango dugu Eustateko kideok.