Elixabete Etxanobek Jakin-Mina 2024-2025 ziurtagiriak banatu dizkie parte hartu duten ikasleei

0

Bizkaiko Diputatu Nagusi Elixabete Etxanobek Jakin-Mina 2024-2025 ziurtagiriak banatu ditu gaur goizean Foru Jauregian, prestakuntza-programa entzutetsu honetan parte hartu duten DBHko 4. mailako 90 ikasleri. Jakiundek – Zientzia, Arte eta Letren Akademiak – bultzatutako ekimenak erreferentziazko espezialistek emandako hitzaldi-ziklo bat eskaintzen du, eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren laguntza du Bizkaian. Gazteen artean bikaintasun akademikoa sustatzea du helburu.

Etxanobek, Jakeline Barker Jakiundeko idazkaria eta Guillermo Zuaznabar Arte Eder Museoko kidea izan ditu lagun. Bere hitzaldian, Diputatu Nagusiak zoriondu egin ditu ikasleak beren konpromisoagatik eta dedikazioagatik: «Aukera bikaina aprobetxatu duzue. Arlo berrietara zabaldu duzue begirada, adituen eta egiten dutenaren zale amorratuen eskutik. Eta horrek asko esaten du zuetaz. Ezagutza gazteen artean zabaltzea funtsezkoa da herritar kritikoak, sortzaileak eta ingurunearekin konprometituak prestatzeko. Horregatik, jakin-mina, ikasteko gogoa, ulertzeko gogoa, jakiteko gogoa inoiz ez galtzeko eskatzen dizuet «.

Jakin-Mina Programari buruz

Jakin-Mina Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetako DBHko 4. mailako gazteei zuzendutako programa bat da, eta hainbat diziplinatako hitzaldi-zikloetan datza. Hitzaldi horiek aditu handiek ematen dituzte, bakoitzak bere arloan.

Programak 9 ziklo ditu, Bilbon, Durangon, Donostian, Arrasaten, Gasteizen, Iruñean eta Tuteran egiten direnak. Ziklo bakoitzak bost hitzaldi eskaintzen ditu, azarotik martxora bitartean, hilean behin.

Katedra Zientifikoak Bizkaiko ikastetxeetako ikasleei ematen zaizkien hitzaldiak antolatzen eta hizlariak aukeratzen laguntzen du. Hitzaldiak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez egiten dira, eta diziplina ugari hartzen dituzte beren baitan, baina ez da inolako jakintza-eremurik lehenesten besteen gainetik.