
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailak antolatuta Iberdrola Dorrean (Bilbo) Haurren Hiria Nazioarteko Sarearen Topaketa hasi da gaur. Francesco Tonuccik «La Cità dei Bambini» proiektu pedagogikoaren sortzailea da, hiriak umeen beharrizanetara egokitzen lan historikoa egin du eta 84 urte dituen pedagogo italiarrak filosofia hori zabaltzen jarraitzen du.
Proiektu honek hiri modernoen kudeaketarako filosofia berri bat proposatzen du. Tonucciren arabera hiri modernoak, gizon heldu eta motordunengan pentsatuta diseinatu dira eta umeak diseinu horretatik baztertu dira. Haurren Hiriak izeneko proiektuak guzti hori iraultzea du helburu eta hirien diseinua, politika publikoak eta elkarbizitza berrikusteko garaian umeak erdigunean jartzea lehenesten du.
«La Cità dei Bambini» proiektua 1991an Italian hasi zen eta dagoeneko mundu osoko 200 hiri batu dira nazioarteko sarera. Horien artean Euskadiko udalerri batzuk daude (HaurEkin sareko 35 udalerri inguru). Francesco Tonucciren sareak haurtzaroari, hiriari eta umeen eskubideei buruzko ikuspegi integrala barnebiltzen du.
Lankidetza hitzarmena
«Alde batetik Euskadiko Haur eta Nerabeei buruzko 2024ko Haurtzaro Legeak umeak eta nerabeak eskubide osoko subjektu gisa aitortzen ditu eta euskal administrazio guztiak behartzen ditu haien parte-hartzea, autonomia, jolasa eta espazio publikoaren erabilera segurua bermatzera. Beste alde batetik Francesco Tonuccik sortutako Umeen Hiria nazioarteko proiektuak, haurrak erdigunean jarrita hiri-eraldaketa sustatzen du eta 200 hiri baino gehiagotan eragin positiboak izan dituela erakutsi du» adierazi du Nerea Melgosa sailburuak.
Eusko Jaurlaritzaren eta Francesco Tonucciren artean etzi sinatuko den lankidetza hitzarmena ezinbestekoa izango da Haurtzaroaren Legean jasotako umeen eskubideen egikaritzea garatzeko. Baita EHUren bitartez eskainiko den umeen eskubideei buruzko Unibertsitate Master bat diseinatzeko ere. Era berean hitzarmenak HaurEkin Euskal Laborategia sortzeko eta Umeen Hiria proiektua Euskadin egonkortzeko konpromisoak biltzen ditu.
«Haurrak eta familiak dira komunitateari bizitza, dinamismoa, arima eta etorkizuna eskaintzen diotenak. Herri edo hirietan haurrei protagonismorik ematen ez bazaie oso zaila da ongizate integrala lortzea. Umeek, eskubideen eragile aktibo gisa, duten botere eraldatzailean erabat sinisten dugu» gaineratu du Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko sailburuak.
Nazioarteko Jardunaldia
Maiatzaren 19a astelehena (Iberdrola Dorrea – Bilbo)
09:30 Aurkezpen instituzionala Nerea Melgosa sailburuaren eskutik
10:00 Francesco Tonucciren hitzaldia
10:45 Nazioarteko Sarearen aurkezpena Lorena Morachimorekin
11:30 Atsedenaldia
12:00 HaurEkin Sarea euskal hiri eta herriekin
13:30 Goizeko saioaren amaiera
15:00 Nazioarteko lekukotzak: Argentina, Brasil, Frantzia, Portugal, Italia…
16:45 Agurra eta mahai instituzionala Gorka Oraá Haurtzaro eta Familia zuzendariaren eskutik
Maiatzaren 20a asteartea (Euskalduna Jauregia-Bilbo)
Francesco Tonuccik berak Umeen Hiriaren Nazioarteko Sarean dauden makina bat herri eta hiritako ordezkariekin lanketa praktiko bat egingo du. Tailerra ateak itxita izango da.
Maiatzaren 21a asteazkena (Lakua-Gasteiz)
Francesco Tonucci Eusko Jaurlaritzako lau sail ezberdinetako (Ongizate, Hezkuntza, Osasuna eta Zientzia eta Unibertsitatea) hainbat ordezkariekin batzartuko da goiz osoan zehar.