Lehendakaria buru izan da Etxepare Euskal Institutuko Patronatuaren bileran

0

Imanol Pradales lehendakaria gaur eguerdian Etxepare Euskal Institutuaren Patronatuak Lehendakaritzaren egoitzan egin duen bileraren buru izan da. Hitzorduan Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Irene Larraza Institutuko zuzendariak ere hartu dute parte, eta bertan Institutuak datozen urte eta hilabeteetarako dituen jarduera-ildo nagusiak azaldu dira. “Etxepare munduan nor garen  azaltzen duen erakundea izatea nahi dugu, Euskadi Globalaren kulturaren eta euskararen motorra izatea nahi dugu”, adierazi dute.

Lehendakariak eta lehendakariordeak hasierako agurra egin diete patronatoko kideei. Sarrera horretan Etxepare Euskal Institutuak etorkizunera begira jorratuko dituen ildoak azaldu dituzte, hau da, (1) euskararen alorrean, munduko hizkuntzen artean  euskararen erreferentzialtasuna sustatu; (2) Kulturari dagokionez, Euskal sorkuntzaren nazioarteko ezagutza eta ospea handitu; eta (3) Kultur Diplomaziari lotuta, nazioarteko sareetan lankidetza egonkortu eta berriak sortu.

3 lan ildo

Euskararen alorrean, Institutuak nazioarteko presentzia indartuko du bere hiru sareen bidez: diasporari zuzendutako Euskara Munduan, unibertsitate sarea eta sare digital berri bat.

Diasporari dagokionez, Institutuak euskararen irakaskuntza indartuko du Estatu Batuetan, eta euskal komunitateen baitan irakasleak prestatzeko programa bat jarriko du abian, Argentinan arrakastaz ezarritako ereduan oinarrituta.

Unibertsitate sarearen esparruan, euskal gaien inguruan ikertzeko laguntza-deialdia indartuko da. Gainera, proiektu pilotu bat jarriko da martxan Boise State Universityn, Hego Amerikako katedren sarea sendotuko da, eta Sorbona Unibertsitatean katedra berri bat sortzeko urratsak emango dira.

Azkenik, eremu digitalean, HABEk garatutako Ingura ikaskuntza-plataformaren erabilera bultzatuko da, erreferentziazko tresna izan dadin publiko zabalago batengana iristeko. Era berean, urtean zehar, prestakuntza osagarria eskainiko zaie unibertsitate sareko zein Euskara Munduan sareko euskara ikasleei.

Bestalde, euskal kulturaren kanpo-proiekzioa indartzeko, Institutuak sektorearen beharren entzute aktiboan sakontzen jarraituko du eta bere prozesuak hobetuko ditu, zerbitzua burokraziaren aurretik lehenetsiz. Esparru horretan, karga administratiboa murriztuko da, ziurgabetasuna minimizatuko da eta laguntzetara bideratutako aurrekontu orokorra % 15 handituko da. Berrikuntza gisa, aurten abesbatzentzako eta euskal dantza taldeentzako laguntza lerro berri bat jarri da martxan.

Halaber, Etxeparek nazioarteko proiekzioa duten euskal kultur erakundeekin sinergiak sustatuko ditu — museoak, sorkuntza zentroak edo filmotekak, esaterako — eta euskal sorkuntza garaikidearen presentzia bultzatzen jarraituko du lehen mailako jaialdi eta zirkuituetan. 2025ean, gutxienez 16 literatur ekitalditan parte hartzea aurreikusten da: 14 musikan, 8 arte plastikoetan, 14 arte eszenikoetan eta 12 zineman.

Literaturari dagokionez, Institutuak itzulpengintzaren arloan duen estrategia integrala azaldu dauka. Estrategia horren helburua da liburu baten nazioartekotzeko prozesuaren fase bakoitzean eragitea eta laguntzea, eta honela euskal literaturak munduko argitalpen-zirkuitu nagusietan duen presentzia indartzea.

Era berean, nazioarteko eragileen eta euskal ekosistema artistikoaren arteko loturak sendotzea helburu duen ZABAL programari jarraipena emango zaio. Aurten Carnegie Internationaleko komisarioen bisita burutu da, eta datozen hilabeteetarako gehiago daude aurreikusita.

Azkenik, eremu frankofonoan euskal kulturaren presentzia indartzeko helburuarekin datozen lau urteetan zehar garatuko den “Ça colle au basque” ekimenaren baitan aurreikusitako jarduerak aurkeztu dira batzarrean.

Patronatoko kideak

Patronatua Etxepare Euskal Institutuko organo errektoreetako bat da. Bere eginkizunen artean honako hauek nabarmentzen dira: jarduteko lehentasunak proposatzea, aurrekontua, plan orokorrak edo institutuaren jarduerak aldez aurretik ezagutzea eta informatzea. Gaurko bileran osaera berritu da (19 kide).