- Unitate honek material esterila ematen dio Basurtuko Unibertsitate Ospitaleari. Bertan, urtero 29.000 ebakuntza kirurgiko egiten dira
- Obrak 18 hilabete iraungo du, eta prozesuaren kalitatea hobetzea eta jarduera % 15 handitzea ahalbidetuko du
Osakidetzak Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Esterilizazio Zentralaren obra jarri du martxan, Areilza pabilioiko sotoan. Unitate honek ospitale osoan erabilitako material esterila prozesatzen du, batez ere eremu kirurgikoetan erabiltzen dena. Obrak 18 hilabetetan zehar egingo dira, eta 2026ko irailean amaitzea aurreikusten da. Osakidetzak 7 milioi euro inbertituko ditu proiektu honetan, instalazioak eta ekipamendua osorik berritzeko eta handitzeko, eta ospitalea azken belaunaldiko ekipoz hornitzeko. Horrek guztiak zentralaren bilakaera teknologikoa ekarriko du, asistentzia- eta lan-segurtasun handiagoa emango duena, baita eraginkortasun ekonomiko eta ingurumen-babes handiagoa ere.
Esterilizazio Zentralaren lana funtsezkoa da Basurtuko Unibertsitate Ospitalean urtero egiten diren 29.000 ebakuntza kirurgikoei aurre egiteko eta material horretaz hornitzeko, ez bakarrik eremu kirurgikoak, baita material esterila erabiltzen den beste edozein leku ere.
Instalazio berriek azken aurrerapen teknologikoak izango dituzte, eta, horri esker, garbiketa- eta esterilizazio-prozesuaren kalitatea handitu daiteke, eremuren bateko jarduera % 15 handituko dute, garbiketa-eremukoa, esaterako.
Proiektu berritzaile aitzindaria Estatuan
Zentral hau berritzea prozesu konplexua da, eta zerbitzu batzuek parte hartu behar izan dute proiektu berritzailea egin ahal izateko. Eraberritze horren tamaina eta sakontasuna direla kausa, aldi baterako irtenbide alternatiboa bilatu behar izan da, obrek irauten duten bitartean zentralaren lana garatzen segitu ahal izateko eta jarduera kirurgikoari eragin barik. Horretarako, obra honen lehen fasean irtenbide modular iragankorra instalatuko da, kirurgia-eremuari erantsita, eta hori izango da mota horretako lehenengo esperientzia Espainian.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta Osakidetzaren helburua da Basurtuko Unibertsitate Ospitalea esterilizazio-zentral batez hornitzea, jarduera kirurgikoan sartzen diren material berrietara egokitzeko gaitasuna izango duena.
Gainera, Esterilizazio Zentralaren hobekuntza ez da horrekin amaitzen, aurrerago, tresna kirurgikoen trazabilitateari buruzko programa informatikoa ere sartuko denez, prozesuaren segurtasuna eta kalitatea handitzeko, paziente guztien asistentzia hobetzera bideratuta.