Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak 2025 Laguntza Plana aurkeztu du gaur goizean Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen ordezkaritzan. Plan hori tresna estrategikoa da lurra lantzen dutenentzat, abereak zaintzen dituztenentzat, basoak kudeatzen dituztenentzat eta itsasoan arrantzatzen dutenentzat.
Raul Perez Iratxeta sailburuordeak, Nora Beltran de Otalora eta Iker Iglesias zuzendariekin batera, adierazi duenez, «eraldaketa-garaiak bizi ditugu. Lehen sektorearen etorkizuna erronka berrietara egokitu behar da: jasangarritasuna, digitalizazioa, klima-aldaketaren aurreko erresilientzia, gazteak sartzea, genero-berdintasuna eta lehiakortasuna merkatu globalizatu batean. Horretarako, 150 milioi euroko zuzkidura jartzen dugu sektorearen eskura, Euskadiko nekazaritzako elikagaien, basogintzaren eta arrantzaren balio-katea indartzeko «.
Araban eta Bizkaian «2025 Laguntza Plana – Plana Lehen Sektoreko Zerbitzuari Lurralde Garapen eta Kohesiorako Motorra» aurkeztu ondoren, plan horren edukia Gipuzkoa´ko sektoreari eskainiko zaio maiatzaren 27an, asteartean, Gipuzkoako Parke Teknologikoan.
Topaketetan, plan honen jarduera-ildo nagusiak zehaztu dira, honako hauek barne: nekazarientzako eta abeltzainentzako zuzeneko laguntzak, Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) esparruan; nekazaritza-ustiategiak modernizatzeko, berritzeko eta dibertsifikatzeko pizgarriak; eta ekoizpen ekologikoari, ingurumen-iraunkortasunari eta animalien ongizateari laguntzeko programak.
Arrantza- eta akuikultura-sektorerako dirulaguntza espezifikoak ere eskaintzen ditu, itsasoko produktuen eraginkortasuna, segurtasuna eta balorizazioa sustatuz; nekazaritzako elikagaien eta basogintzaren industria bultzatzea, landa-ingurunean kalitatezko enplegua eraldatzen, merkaturatzen eta sortzen lagunduz; emakume nekazariei eta gazteei zuzendutako laguntzak eta belaunaldien arteko erreleboa bermatzeko neurriak; eta aukera-berdintasuna, ekonomia zirkularra, energia-eraginkortasuna eta klima-aldaketara egokitzea indartzen duten proiektuetarako laguntzak.
«Topaketa tekniko hauek funtsezkoak dira Eusko Jaurlaritzak 2025eko erronkei aurre egiteko eta lehen sektore indartsu, lehiakor eta jasangarri bat finkatzeko eskaintzen dituen aukerak bertatik bertara ezagutzeko» adierazi du Pérez Iratxeta sailburuordeak.