Quebecen egingo den Frankofoniaren Nazioarteko Bosgarren Konferentzian parte hartuko du Euskadik. Konferentziak mundu osoko 93 estatu bilduko ditu.
Lehenengo lehendakariorde Ibone Bengoetxea Kanadara joango da maiatzaren 22tik 24ra, topaketa horretan parte hartzeko.
Gobernuko bozeramaileak azaldu duenez, “gonbidapen hau etorri da «Ça colle au basque» proiektua abian jartzearen ondorioz. Izan ere, proiektu horren helburua da euskal kultura bultzatzea eta euskarari prestigioa ematea frankofoniaren eremuan, frantsesa hizkuntza komun duten herrialdeetan”.
Nazioarteko Konferentzian espazio frankofonoko kultura- eta sormen-industriekin lotutako funtsezko gaiak jorratuko dira.
Bozeramaileak gogorarazi du Euskadik eta Quebecek akordio-memorandum bat sinatu zutela 2017. urtean. Akordio horrek aldebiko lankidetza-esparru bat ezartzen du, bi lurraldeen arteko lotura kulturalak, hezkuntzakoak, ekonomikoak eta zientifikoak indartzeko.
11,2 milioi euro Arako Lautadako tren-zerbitzuak hobetzeko
Gobernu Kontseiluak, halaber, 2026an eta 2027an Arabako Lautadako trenbide-zerbitzuak hobetzeko 8,2 milioi euro bideratzea onartu du. Bozeramaileak gogorarazi du, Eusko Jaurlaritzak urtarrilaren 1ean hartu zuela bere gain aldiriko trenen eskumena.
Inbertsio horri 2025erako aurreikusitako beste 3 milioi gehiago gehitu behar zaizkio, Eusko Jaurlaritzak Renfe Viajeros sozietateari ordainduko dizkionak, Arabako eskualde horretako aldirietako zerbitzuagatik. Aurreikuspenen arabera, zerbitzu horrek 137 zirkulazio izango ditu astean. Diru-kopuru horretan sartzen da Miranda Ebro eta Altsasu artean Arabako aldirietako zerbitzuaren ibilbideen tarifen hobaria. Jaurlaritzaren helburua da joan-etorri guztiek aldiriko tarifak izatea, eta ez distantzia ertainekoak, orain arte bezala.
1,11 milioi euro filmak eta telesailak ekoizteko
Kulturaren arloan, Gobernu Kontseiluak edozein hedabidetarako film luzeen, telesailen edo telesail laburren proiektuak garatzeko dirulaguntzen deialdia onartu du gaur. Guztira, 1,11 milioi euro izango dira.
Maria Ubarretxenak azaldu du, iazko deialdiaren bidez, bederatzi film luzek jaso zutela dirulaguntza; besteak beste, «Bi karta», «Mi papa el camión», «Itzuli», «Amalur profezia» edo «Eltzegorra»; eta sei telesailek, tartean, «Harri biguna», «Iratxokeriak» edo «Pause».
760.000 euro literatura ekoizteko
Gobernu-Kontseiluak 760.000 euro bideratuko ditu euskarazko eta gaztelaniazko literatura-argitalpenak sustatzeko. Zehazki – jakinarazi du bozeramaileak- gaur onartutako programak 575.000 euro aurreikusten ditu euskarazko argitalpenerako, 125.000 euro gaztelaniazko argitalpenerako eta 60.000 euro audioliburuak garatzeko.
Era berean, kultura garatzen laguntzeko beste bi ekimen onartu ditu gaur Gobernu Kontseiluak. Batetik, 100.000 euroko laguntza udal-titulartasuneko euskaltegi publikoetako ikasgelak digitalizatzeko; eta bestetik, 150.000 euroko laguntza Euskal Autonomia Erkidegoko itsas eta ontzigintza ondare kulturala babesteko eta sustatzeko jarduerak bultzatzeko, haren balio historiko, etnografiko, arkeologiko edo soziala aintzakotzat hartuta.
Euskadiko Kontsumoko Arbitraje Batzordea
Eusko Jaurlaritzak hitzarmen bat sinatu du Espainiako Gobernuarekin, Euskadiko Kontsumoko Arbitraje Batzordea izan dadin lehentasunezko erakundea kontsumo-arloko gatazkak bide judizialetik kanpo ebazteko.
“Euskadiko Kontsumoko Arbitraje Batzordeak dagoeneko badu ziurtagiri bat – adierazi du Maria Ubarretxenak- auziak ebazteko erakunde alternatibo gisa gaitzen duena”. “Hitzarmenak jasotzen du, halaber, – jarraitu du- Euskadik obligazioa duela arbitraje instituzionala sustatzeko eta euskal arbitraje-sistemaren ezagutza zabaltzeko; zentzu horretan bi administrazioek informazioa trukatzeko konpromisoa hartzen dute, arbitraje-sistema hobetzeko”.
1,2 milioi euro ekintzailetza eta turismo-lehiakortasuna indartzeko
Gobernu Kontseiluak, turismo-enpresen ekintzailetza eta lehiakortasuna hobetzeko laguntzak ere onartu ditu. Laguntzak, guztira, 1.285.000 euro izango dira eta ekintzailetza eta turismo-lehiakortasuna indartzea eta bultzatzea dute helburu.
Gobernuko bozeramaileak aditzera eman duenez, programa honen helburua da Euskadin tokiko garapena bultzatuko duten turismo-negozio berriak sortzen laguntzea. “Euskadiko turismo-enpresen lehiakortasuna hobetzeko jarduerak ere sustatzen ditu eta horretarako, berrikuntza teknologikoa eta turismo-eskaintza hobetzea eta optimizatzea ere bilatzen du, baita gure turismo-eredua segurua, jasangarria, arduratsua eta irisgarria izatea ere” gehitu du Maria Ubarretxenak.
20.000 euro, Polizien eta Suhiltzaileen Munduko Jokoetan parte hartzeko
Azkenik, gaurko gobernu-kontseiluan 2025ean Polizien eta Suhiltzaileen Munduko Jokoetan parte hartuko duten Ertzaintzako kirolarientzako dirulaguntzen deialdia onartu da. Guztira, 20.000 euro bideratuko dira laguntza horietara.
Polizien eta Suhiltzaileen Munduko Jokoak 2025eko ekainaren 27tik uztailaren 6ra egingo dira Estatu Batuetan, Birmingham herrian.