Gobernu Kontseiluak 2025eko ekitaldian zehar edozein hedabidetarako eta edozein euskarritarako film luze, serie edo mini-serie proiektuak garatzeko dirulaguntzak emateko deialdia onartu du. Guztira 1.116.400 euro izango dira, bi urteetan banatuta: 558.200 euro 2025 urtean (279.100 euro film-luzeen garapenerako eta 279.100 euro serie eta miniserieen garapenerako) eta 558.200 euro 2026 urtean (279.100 euro film-luzeen garapenerako eta 279.100 euro serie eta miniserieen garapenerako).
Laguntza hauek euskaraz sortutako fikziozko, animaziozko eta dokumentalerako proiektuak sustatzeko izango dira eta honako hau joko da “proiektuen garapentzat”: ikus-entzunezko ekoizpen baten prestaketa eta diseinua, produkzio-fasearen beraren aurretik egin behar diren operaziotan zentratua, eta 2025 eta 2026 urteetan zehar egingo direnak.
Diruz lagunduko diren gastuak honakoak izango dira:
- Obraren egilearen eskubideak eskuratzea.
- Gidoiaren garapena. Berridazketa edo egokitzapena, elkarrizketak, kanpoko aholkularitza, itzulpena.
- Promozio-materiala diseinatzea eta lantzea: Material inprimatua, teaser-a, trailerra, programa pilotua, story board-a, web orria.
- Marketing- eta banaketa-plana garatzea.
- Merkatu eta koprodukzio foroetara joatea. Bidai gastuak, alojamendua eta akreditazioak. Kanpo geratzen dira Zineuskadik horretarako deitzen dituen laguntza espezifikoetan sartutako merkatu eta azoketara joateko gastuak.
- Casting-a egitea eta kokapenak bilatzea.
- Ikerketa dokumentala, grafikoa (animaziozko proiektuetan) eta artxiboak bilatzea.
- Langile-gastua.
- Aholkularitza juridikoa eta fiskala aurkeztutako proiektuarentzat. Koprodukzio kontratuen aholkularitza eta idazketa, obraren eskubideak, proiektuan parte hartuko duten profesionalekin kontratuak.
- Gastu orokorrak.
Film-luzeen garapena
Dirulaguntzetara aurkezteko film luzetzat hartuko da “ikus-entzunezko lan bat, fikziozkoa, animaziozkoa edo dokumentala izan eta 60 minutu edo gehiagoko iraupena duena eta zinema-aretoetan, plataformetan edo telebistetan komertzialki ustiatzeko erabiltzen dena”.
Laguntzen zenbatekoa ez da 20.000 eurotik gorakoa izango fikzio eta dokumentalen kasuan, eta 25.000 eurotik gorakoa euskarazko proiektuen kasuan. Animazio-proiektuei dagokionez, 35.000 eurokoa izango da dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa, eta 40.000 eurokoa euskarazkoentzat.
Serieen garapena
Dirulaguntza honekin fikziozko, animaziozko eta dokumental serieak eta miniserieak garatzen lagunduko da.
Horretarako serietzat hartuko dira “ikus-entzunezko proiektuak, fikziozkoak, animaziozkoak edo dokumentalak izan, guztira, gutxienez, 135 minutuko iraupena dutenak, lehen denboraldiari dagozkion hiru kapitulurekin gutxienez, eta zine aretoetan, telebistetan edo bestelako hedapen-moduetan ustiatzen direnak”.
Bestalde, miniserietzat hartuko dira “ikus-entzunezko proiektuak, fikziozkoak, animaziozkoak edo dokumentalak izanik, gutxienez bi kapitulu eta guztira 90 minutuko iraupena dutenak. Proiektu horiek zine-aretoetan, telebistetan edo plataformetan merkaturatzeko ustiatu beharko dira”.
Aurkezten diren fikziozko edo dokumentaleko telesail edo miniseriek 30.000 euroko dirulaguntza jasoko dute gehienez, 35.000 euro euskaraz egindakoentzat. Animaziozko telesail eta miniserien kasuan, gehienezko laguntza 40.000 eurokoa izango da, eta 45.000 eurokoa euskarazko proiektuetan.
Dirulaguntzak eskuratzeko eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Iazko deialdiaren bidez (2024), bederatzi film luze lagundu ziren diruz, horien artean, “Dos cartas”, “Mi papa el camión”, “Itzuli”, “Amalur profezia” edo “Eltzegorra” ; eta sei serie, «Harri biguna», «Iratxokeriak» edo «Pause».