Eusko Jaurlaritzak 760.000 euro bideratuko ditu 2025eko literatura argitalpenak diruz laguntzeko

0
  1. urtean euskarazko eta gaztelaniazko literatura argitalpenetarako dirulaguntzak emateko deialdia onartu du gaurko Gobernu Kontseiluak. Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren helburua literatura edizioa sustatzea da eta horretarako 2025. urtean argitalpengintzan diharduten enpresek garatu beharreko euskarazko eta gaztelaniazko literatura-lanen urteko edizio-planaren eta euskarazko audioliburuen argitalpen-kostuen parte bat ordainduko da. Diru-laguntza honetarako 760.000 euroko diru-laguntza bideratuko du Jaurlaritzak.

Deialdi honekin honako modalitateak lagunduko dira:

  • Euskarazko literatura argitalpenak diruz laguntzeko 575.000 euro erabiliko dira. 2025. urtean argitaratuko diren euskarazko literatura liburuak izan beharko dira, paperean edo formatu digital irakurgarriak.
  • Gaztelaniazko literatura argitalpenak laguntzeko 125.000 euroko zuzkidura gordeko da. 2025. urtean argitaratuko diren gaztelaniazko literatura liburuak izan beharko dira, paperean edo formatu digital irakurgarriak.
  • Euskarazko literaturako audioliburuen argitalpenek 60.000 euroko diru poltsarekin lagunduko dira. 2025. urtean argitaratuko diren giza ahotsez grabatutako euskarazko literaturako audioliburuak izan beharko dira.

Argitaletxeek edizio-plan ezberdinak aurkeztuko ahal izango dituzte dirulaguntza deialdi honetako modalitate bakoitzean. Aurkeztutako liburuak haurrentzako, gazteentzako edo helduentzat izan ahalko dira eta genero hauetakoak izango dira: eleberria, ipuinak, poesia, antzerkia, komikiak eta literatura saiakera.

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, gaur onartutako agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Iazko deialdian hamazazpi argitaletxek jaso zuten diru laguntza euskarazko literatura argitalpenen modalitatean, hamaikak gaztelaniazko modalitatean eta lauk euskarazko literaturako audioliburuen modalitatean.