Gobernu Kontseiluak 2025ean Birminghameko (Alabama, Estatu Batuak) Polizien eta Suhiltzaileen Munduko Jokoetan parte hartzen duten Ertzaintzako kirolarientzako laguntzak emateko deialdia onartu du gaur. 20.000 euroko diru partida bideratuko da dirulaguntza hauetara.
Polizien eta Suhiltzaileen Munduko Jokoak 2025eko ekainaren 27tik uztailaren 6ra bitartean egingo dira Birminghamen eta Segurtasuna sailak helburu bikoitzarekin sustatzen du parte hartzea:
- Ertzaintzaren irudi positiboa sustatzea, bai Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan, bai kanpoan.
- Kirol-lehiaketen berezko balioak sustatzea, kontuan hartuta horietako asko modu batera edo bestera lotuta daudela parte hartzen duten kideen lanbide-jarduerarekin, eta, aldi berean, lankidetzan aritzen direla lanbide-jardunerako baldintza fisiko optimoei hobeto eusteko.
Ertzaintzako agenteek Polizien eta Suhiltzaileen Munduko Jokoetan parte hartzea kirol-erronka bat ez ezik, aukera ona ere bada Ertzaintzako kideen artean kidetasun-sentimendua indartzeko eta beste kultura eta komunitate batzuekin lan-harremanak eta esperientzia-trukeak ezartzeko, eta, horrela, Ertzaintzaren irudi ona goresteko eta zabaltzeko bere zeregin profesionalaren alderdi guztietan.