Azpeitiko Udalak 20.000 euroko ekarpena egingo dio Mendietxe museoari bigarren faserako

0
Azpeitiko Udalak 20.000 euroko ekarpena egingo dio Mendietxe museoari bigarren faserako

Ireki eta urte erdi eskasera, Mendietxe museoak, euskal eta munduko alpinismoaren historiari eta ondareari eskainitako gune kulturalak, bigarren fase bati ekingo dio, eta hirugarren fase bat ere iragarri du.

Gaur goizean, bigarren fase horri buruzko azalpenak eman ditu Alex Txikonek Mendietxen bertan. Han izan dira Azpeitiko Udaleko, Gipuzkoako Foru Aldundiko, EMMOAko, Nafarroako Mendi Federazioko eta beste hainbat erakundetako ordezkariak. Izan ere, hainbat erakunde eta enpresaren babesa du Mendietxek aurrera begira.

“Bigarren fase honekin, bisitariak alpinismoa ikusteaz gain, sentitzea, bizitzea eta barrutik ulertzea nahi dugu. Benetako espedizio-espazioak irudikatuko ditugu: iglu bat, ermita bat, aterpe bat… ezagutza sortu nahi dugu, baina baita emozioa ere ”, adierazi du Alex Txikonek. Museoaren bigarren solairua “murgiltze-espazio” bihurtzen ari dira, eta bisitariak mendi munduko “agertoki sinbolikoetan” sartu ahal izango dira.

Etapa berri honetako mugarri garrantzitsuenetako bat EMMOA Euskal Mendizaletasunaren Museoa Fundazioaren eta Mendietxe Museoaren arteko lankidetza da. Akordio horren bidez, alokairu bat ordainduta (16.500 € urtean), euskal alpinismoaren historia biltzen, kontserbatzen eta zabaltzen hamar urte baino gehiago daraman EMMOAk euskal mendizaleen ondarea jarriko du ikusgai Mendietxen. EMMOAren lankidetzak, gainera, museoa nazioarteko esparrura irekitzea ere ekarriko du, IMMA Mendi Museoen Nazioarteko Aliantzaren parte delako.

Hirugarren fase batean ere ari da lanean Mendietxe, 2026-2027 urteei begira. Fase hori BIOK Comunicacionek koordinatuko du, museoko bilduma osoa irizpide profesional eta zientifikoekin katalogatzeaz arduratuko den historialari baten parte -hartzearekin.

Azpeitiko Udalak 20.000 euroko ekarpena egingo dio Mendietxeri bigarren faserako, inguruko natura eta kultura ondareari balioa emateko konpromisoa berretsiz. Nagore Alkorta alkateak azpimarratu duenez, “aberasgarria” da nazioartean erreferente izan daitekeen museo bat izatea herrian, besteak beste, turismoari egin diezaiokeen ekarpenagatik. «Mendietxe Museoa gure ingurune naturalaren ezagutza eta kontserbazioa sustatzeko ekimen estrategikoa izan daiteke. Mendia ez da paisaia bakarrik, gure nortasun kolektiboaren zati bat baizik”, gaineratu du alkateak.

Ireki zenetik, museoak 3.000 bisitari baino gehiago izan ditu, eta 14 ekitaldi egin ditu. Urtean 8.000 bisita izatea du helburu.