García Chueca, Arabako aldiriko tren berriaz: “Asko espero den zerbitzua da, erosoago eta merkeago bidaiatzeko”

0

Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak nabarmendu du Gasteizko tranbiak erabiltzaile-errekorrak hautsi dituela berriz ere, urteko lehen lauhilekoan %10eko igoerarekin

Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburu Susana García Chuecak adierazi duenez, “dena prest dago” ostiral honetan Arabako aldiriko tren-zerbitzu berria martxan jartzeko. “Askoz erosoago eta merkeago bidaiatuko dugu autoarekin baino. Txartel arrunta %30 merkeagoa izango da. Atez ate eramaten zaituen zerbitzua da, errepidez edo aparkalekuez kezkatu gabe; gure bizi-kalitatea hobetzen du”, adierazi du Radio Vitoriako elkarrizketa batean. Gainera, adierazi duenez, “arabarrak zerbitzu hori martxan jartzeko zain zeuden”.

García Chuecak gogorarazi duenez, tren-zerbitzu berriak 137 zirkulazio eskainiko ditu astean Miranda Ebro eta Altsasu artean, Lautadako sei udalerritan geltokiak eginez. Zerbitzuaren helburua da “mugitzeko modu eskuragarri, eroso eta gure ordutegietara egokitua” eskaintzea, lanera joateko, ikasteko, aisialdiaz eta kulturaz gozatzeko. Sailburuak herritarrei zerbitzua erabiltzeko eskatu die, “horrek aukera ematen baitigu indartzeko, eta hobekuntzak eta aldaketak aztertzeko”.

Bat txartelaren erabilerari dagokionez, azaldu du Departamentua Renferekin lanean ari dela integratzeko, baina zehaztu du “ez direla gai errazak”, eta denbora beharko dela teknologia aldetik guztia txertatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko garraioaren arduradunak nabarmendu du geltokietako atariak berriro irekiko direla urteetako itxialdiaren ondoren, eta haietan Ares sistema jarri dela martxan: bideo-deien bidez, euskaraz edo gaztelaniaz, Renferen arreta-taldearekin hitz egiteko aukera egongo da, informazioa eskatzeko, txartelak erosteko eta abar. Era berean, gogorarazi du txartelak jada Renferen webgunean eros daitezkeela, eta enpresa horrek emango duela zerbitzua, Euskadiko Aldiriko Tren Zerbitzuaren transferentziaren testuinguruan, urtarrilaren 1ean Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak gauzatu zuten akordioaren bidez.

Errekor berria Gasteizko tranbian

García Chuecak adierazi du urtarriletik apirilera bitartean Gasteizko tranbiak %10eko hazkundea izan duela 2024ko datuekin alderatuta, eta gogorarazi du iazko datuek jada erabiltzaile-errekorra suposatu zutela. “Erraztasunak jartzen baditugu, jendeak ondo erantzuten du; garraio publikoan erabiltzaile kopuruaren hazkunde nabarmena izaten ari gara. Herritarrek oso barneratuta dute hau; klimaren aldaketaren aurka borrokatzeko gure harri-koskorra jartzea da”, adierazi du sailburuak. Gogorarazi du, gainera, garraio publikoaren atzean “inbertsio handia” dagoela erakunde eskudunen aldetik.

Ildo horretan, eta Zabalgana arteko etorkizuneko luzapenari dagokionez —sei kilometroko trazadura—, sailburuak azaldu du Departamentua ingurumen-inpaktuaren adierazpena jasotzeko zain dagoela, informazio-azterketa onartu eta proiektuaren egokitzapen teknikoa egiteko, lanak esleitzeko prozesua hasi ahal izateko. “Edozein kasutan, 2026an hasiko dira lanak”, zehaztu du.