- Imanol Pradalesek nazioarteko familia-enpresetako 50 lider hartu ditu Family Business Network-eko Munduko Foroan
- Familia-enpresak Euskadiren ehun ekonomikoaren ia % 90 dira
Imanol Pradales Lehendakariak belaunaldi anitzeko familia-enpresen nazioarteko ordezkaritza bat hartu du gaur goizean Guggenheim Bilbao Museoan, Family Business Network (FBN) erakundeko kideak, Bilbon ospatuko den urteroko Large Families foroa dela eta. Bileran izan dira, besteak beste, Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua, Alfonso Libano Family Business Networkeko presidentea eta Alexis du Roy de Blicquy FBNko CEOa, José Miguel Lanzagorta AEFAME – Euskadiko Familia Enpresaren Elkarteko presidentea eta Gaizka Zulaika zuzendaria.
Lehendakariak, bere hitzaldian, Euskadi urteroko konferentzia garrantzitsu honen egoitza gisa aukeratu izanari balioa eman dio, eta familia-enpresek euskal ekonomian betetzen duten funtsezko zeregina aitortu du. «Familia-enpresak gure ehun ekonomikoaren ia % 90 dira. Horregatik, esperientziak partekatzea eta elkarrengandik ikastea ezinbestekoa da gure hazkunde eta arrakasta kolektiborako», adierazi du Pradalesek.
Testuinguru horretan, Lehendakariak Euskadi Globala estrategiaren oinarriak partekatu ditu, nazioarteko presentzia indartzeko eta «hazten jarraitzea ahalbidetuko diguten aliantzak eraikitzen jarraitzeko”, eta gogorarazi du «Euskadi herri txikia dela, espiritu harroa eta ikuspegi globala duena. Herrialde dinamikoa eta ekintzailea gara, enpresa-espiritu sendokoa; industria-herrialdea, manufaktura-herrialdea, esportatzailea eta oso berritzailea, Europar Batasunak halakotzat aitortua».
Azkenik, Imanol Pradalesek nabarmendu duenez, «gure oparotasuna ekonomia moderno eta lehiakor batean oinarritzen dugu». Ildo horretan, elkarlanerako deia egin du, beste familia enpresa batzuei «hazten, egonkortzen eta nazioartean hedatzen» laguntzeko. «Egonkortasuna eta segurtasuna eskaintzen dituen herrialde erakargarri bat deskubrituko duzue; azpiegitura bikaina; erakunde hurbil eta kolaboratiboak; talentu ugaria; eta berrikuntza sustatzen duen ekosistema industrial bat», azpimarratu du nazioarteko familia-enpresetako berrogeita hamar bat liderren aurrean.