Proiektu horri esker, gaur egun gaueko ordutegian egiten diren merkantzia-trenen zirkulazioak egunez egin ahal izango dira
Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak, Euskal Trenbide Sarearen bitartez, Debako Itziarko trenbidea bikoizteko obren lizitazioa egin du, 3,8 milioi euroko aurrekontuarekin eta 14 hilabeteko egikaritze-epearekin. Lan horiek trenbide-azpiegituraren ahalmena handituko dute, eta, kasu honetan, gaur egun gaueko ordutegian egiten diren merkantzia-trenen zirkulazioak egunez egiteko aukera emango dute.
Trenbidea bikoizteko obrak Itziarren egingo dira, Zumaia eta Deba artean, Bilbo-Donostia lineako 72+509 eta 73+181 kilometro-puntuen artean, hain zuzen ere. Susana García Chueca sailburua buru den sailak inbertsio-ahalegin handia egin du azken urteotan ETSk kudeatutako egungo trenbide-azpiegituraren ahalmena hobetzeko, trazadura hobetzeko, trenbidea bikoizteko eta sareko geltokiak berritzeko hainbat jarduketaren bidez.
Jarduketa horien artean daude merkantzia-trenak eta bidaiarien trenen sarea ezartzea ahalbidetzen duten bikoizketa- edo gurutzatze-eremuak ezartzeko aukera emango dutenak. Horrela, metro bateko zabalerako sarean merkantzien trafikoa bultzatu nahi da, eskari handieneko inguruneetan bidaiarien trafikoa maiztasun handiagoz egiteko sarearen gaitasuna handitzeko estrategiarekin bat etorriz.
Testuinguru horretan, gaur egun Bilbo-Donostia linean gaueko ordutegian egiten diren merkantzia-trenen zirkulazioak egunez eta bidaiarien trafikoan zirkulazio gutxiago dagoen orduetan egin ahal izango dira. Jarduketa horren bidez, mugatu egingo da merkantzien gaueko zirkulazioek eta ETSk gauez egiten dituen mantentze-lanek dakarten eragina, eta, gainera, merkantzia-trenak gauez herrigune garrantzitsuetatik igarotzea saihestuko da.
Debako bikoizketarekin batera, ETS 2023ko udatik ari da Altzolako mozketa-lanak egiten, 500 metroko trenbide bikoitzeko tunela eraikitzen, ibilbidea laburtzeko eta zerbitzua hobetzeko. Bi jarduketa horiek funtsezkoak dira Zumaia-Deba-Elgoibar eremuan zerbitzu hobea bermatzeko.