MAIATZAREN 25tik 31ra – KERIK GABEKO ASTEA ETA TABAKORIK GABEKO MUNDUKO EGUNA
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak bat egin dute Kerik Gabeko Astearekin. Maiatzaren 25ean (igandea) hasi eta maiatzaren 31n (larunbata) amaituko da, Osasunaren Mundu Erakundeak bultzatzen duen Tabakorik Gabeko Munduko Egunarekin. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak azpimarratu egiten dute Euskadin zigarreta elektronikoen kontsumoa etengabe handitzen ari dela, zeina erretzen hasteko atea baita EAEko gazteentzat, haien hitzetan.
Aurten, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) 2025eko Tabakorik Gabeko Munduko Egunaren inguruan egingo duen kanpainak ardatz izango du tabako- eta nikotina-industriek beren produktu kaltegarriak erakargarriak izan daitezen, bereziki gazteen artean, erabiltzen dituzten taktikak ezagutaraztea, «Agerian utz dezagun haien erakargarritasuna: industriak tabako- eta nikotina-produktuekin dituen taktikak agerian» lelopean.
Osasun Publikoko Zuzendaritzak Euskadiko adikzioei buruzko inkesta-n bildutako datuek erakusten dutenez, joera hori bereziki nabarmena da 15 eta 35 urte bitarteko gazteen artean; izan ere, zigarreta elektronikoen kontsumoaren prebalentzia %34ra iristen da batez beste, eta gizonen kasuan, ia % 40ra, ohiko tabako-kontsumoaren aldean. Azterlanaren arabera, halaber, 14 urtetik gorako biztanleen % 13,8k zigarreta elektronikoak erre ditu noizbait.
Zigarreta elektronikoetan erabilitako kartutxo-motari dagokionez, erabiltzaileen % 47k nikotinazko kargak erabili ohi ditu. Horien kontsumoa ohikoagoa da helduen, 34 urtetik gorakoen eta jada erretzaileak direnen artean. Zigarreta elektronikoaren erabileraren eta beste droga batzuen kontsumoaren arteko harremanari dagokionez, zigarreta elektronikoak erabili dituzten 15-34 urteko pertsonen % 76k ere kontsumitu izan du kalamua noizbait.
Testuinguru horren ildora, Osasun Sailak Euskadiko Adikzioen VIII. Plana du, 2027ra arte indarrean egongo dena. Plan horretan jasotzen dira adingabeek tabakorako duten irisgarritasuna murrizteko neurriak zein tabakoaren kontsumoa ez normalizatzeko ekintzak, bereziki nerabe eta gazteentzat. Gainera, iazko kanpaina jarri du abian gaurtik bertatik, bapeagailuak erabiltzeak osasunean dituen arrisku larriez ohartarazteko. Bapeatzea ez da broma: Bizitza izorratzen dizu lelopean, kanpainaren itu nagusia Euskadiko gazteak izan dira, eta agerian uzten du bapeatzeak, moda xume eta kaltegabe gisa ikusi arren, kaltea eragiten diola osasunari.
Erabiltzaileek bapeagailuak erabiltzeko duten motibazioetako bat tabakoaren kontsumoa murriztea edo erretzeari uztea da, askotan uste baita baliagarriak direla horretarako. Inkestatutako helduen % 67k aitortu du hori dela beren arrazoia, baina inolako ebidentziarik ez du erakusten zigarreta elektronikoak helburu horretarako erabilgarriak direla.
KERIK GABEKO EUSKADI ESTRATEGIA
Eusko Jaurlaritzaren Kerik Gabeko Euskadi estrategiaren esparruan, tabakismoa prebenitzeko eta bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko programak sustatzen jarraitzen da.
Hala, duela 3 urte sortutako Kerik Gabeko Guneen Sareak (Osasun Sailak sortutakoa, foru-aldundiekin eta udalekin batera) kerik gabeko gune-kopurua bikoiztu egin du urtebetean: tabakorik gabeko 706 gune izatera iritsi da, eta 65 udalerri atxiki dira sare horretara.
Osasun Sailak eta EAEko udalek beste alor batean hartzen dute esku baita ere, tabakoari dagokionez: hezkuntza-inguruneko kontzientziazioan eta sentsibilizazioan, hain zuzen. 2024an, EAEko 57 ikastetxetako 4.457 ikaslek parte hartu zuten Kerik Gabeko Gazteak programan, zeinaren helburua baita ikasleen (Lehen Hezkuntzako 6. maila, DBHko 1. eta 2. mailak) tabako-kontsumoa prebenitzea.
ERRETZEARI UZTEKO LAGUNTZA OSAKIDETZAN
Osakidetzak, tabakismoaren aurkako borrokan, hamar urte baino gehiago daramatza tabakoa erretzeari uzteko ikastaroak ematen, eta 64.217 erabiltzaileri eman die arreta, banaka zein taldeka. 2024an soilik, 12.062 pertsonak utzi dute tabakoa ikastaro horiei esker; % 58,73 45 eta 64 urte bitarteko pertsonak izanik.
Osakidetzak tabakoa kontsumitzeari uzteko bi ikastaro-mota eskaintzen ditu erretzeari utzi nahi dioten pertsonentzat. Lehenengoa aurrez aurrekoa da, eta bere baitan hartzen ditu banakako arreta (erretzaileen % 88k aukeratzen du hori), taldeko arreta, Bizi tabakorik gabe aplikazioa eta osasun-profesional batekin jarraipena egitea. Bigarrena, berriz, modalitate ez-presentziala da, eta barne hartzen ditu telefono bidezko banakako arreta, online taldeko arreta eta Osasun Aholkuaren telefono bidezko etengabeko arreta.
Gainera, Osakidetzaren webgunean, Osasun Eskola bidez, Osakidetzak tabakismoaren prebentzioari buruz duen informazio guztia eskura daiteke.
OSAKIDETZAK INFORMAZIO-MAHAIAK JARRI DITU BERE OSASUN-ZENTROETAKO ATEETAN KERIK GABEKO ASTEAN
Osakidetzak tabakismoaren aurkako hainbat jarduera antolatu ditu Kerik Gabeko Asterako; maiatzaren 31n (larunbata) amaituko dira, Tabakorik Gabeko Munduko Egunean. Jardueren ardatzak erretzaile pasiboak eta keak erretzaile horietan duen eragina dira; hala, gailu kaltegarriez ohartaraziko da (hala nola bapeagailuez), eta Osakidetzak erretzeari uzteko eskaintzen dituen baliabideak bultzatuko dira, hala nola ikastaroak, laguntza pertsonalizatua edo material eta informazio-orriak. Azken horien artean, nabarmentzekoak dira «Zure familia: hobe tabakorik gabe» eta «Haurdunaldia: hobe tabakorik gabe» izeneko informazio-orri berriak, gurasoei eta haurdun dauden emakumeei zuzenduak, hurrenez hurren.
Jarduera ugarien artean, Osakidetzako ESI bakoitzeko Erizaintza Komunitarioak koordinatuta, nabarmentzekoa da udalerrien ke-mapak egitea; izan ere, horien bidez, ondoren Osasun Sailarekin eta Udalarekin batera lan egin ahalko da, gaur egun existitzen diren kerik gabeko guneak diseinatzeko eta hobetzeko. Beste ekimen batzuk ere nabarmenak dira, hala nola ikastetxeetara bisitak egitea, tabakoaren aurkako herri-lasterketak egitea edo osasun-arloko profesionalei zuzendutako jardunaldiak.
Gainera, duela 11 urte sortu zenetik, Kerik Gabeko Erakunde Sanitarioen Euskal Sareak estrategia komun bat garatu du nazioartean tabakoaren kontsumoa prebenitzeko eta hura uzteko lan egiten duten beste osasun-zerbitzu batzuekin. Sareko kide diren Osakidetzako 12 ESIek tabakismoaren arazoa modu integralean lantzeko konpromisoa hartu dute, eta horietako zazpik akreditazio bat jaso dute. Horrek aintzatesten du urte hauetan zehar egindako etengabeko lana, tabakismoa begira-puntuan jartzeko eta tabakismoaren kontsumoa geldiarazten saiatzeko.