- Maria Ubarretxena sailburuak, halaber, premiazko sinplifikazio neurriak iragarri ditu industria eta elikagaien sektoreari lotuta
- Era berean, Eusko Jaurlaritzak Gernikako Estatutua aurten osorik betetzeko duen konpromisoa berretsi du Ubarretxenak
Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu Maria Ubarretxenak “Forum Europa: Tribuna Euskadi” foroak antolatutako solasaldian parte hartu du gaur. Bilboko alkate Juan María Aburtok aurkeztu du sailburua.
Euskadiko testuinguru politikoaz galdetuta, Ubarretxenak baieztatu du ziurgabetasun garai honetan, politika egiteko beste eredu bat posible dela erakutsi duela Euskadik eta “lehen urte honetan bistakoa izan da Gobernu berriaren elkarrizketarako eta akordioetarako jarrera eta borondatea”. «Herritarrei konfiantza eskaini behar diegu -nabarmendu du–, ikusi dezaten hobetzeko eta aurrean ditugun erronkei erantzuteko gaitasuna duen administrazioa dugula, zerbitzu publikoak indartzea, herri gisa haztea eta etorkizuneko Euskadi prestatzea helburu hartuta».
Aurrerapauso garrantzitsuak desburokratizazioan eta sinplifikazioan
Administrazioa arintzea eta sinplifikatzea da Ubarretxena sailburuak gidatzen duen Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailaren helburu nagusietako bat. Berriki, barne-izapideak arintzeko eredu berria onartu da, lege eta dekretuak izapidetzeko orduan denborak murrizteko; aurten ekingo zaio herritarrek gehien erabiltzen dituzten 8 izapide eta zerbitzuak arintzeari (Emantzipa, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta, seme-alabagatiko laguntzak, besteak beste) eta jada abian da erakunde arteko foroa leihatila bakarraren ereduan aurrera egiteko.
Ubarretxenak, gaur bertan iragarri du Eusko Jaurlaritzak irailean aurkeztuko duela Administrazioa Arindu eta Sinplifikatzeko Legearen testu artikulatuaren proposamena eta premiazko neurriak hartuko direla ere jakinarazi du, industriaren eta elikagaien sektoreei lotutako administrazio-lanak arintzeko.
«Legearen helburua da pertsonentzat lan egiten duen eta eraginkorragoa den administrazio baten alde urratsak egitea, etorkizuneko euskal administrazioa eraikitzeko, euskal gizartearen erronkei erantzuteko prest egongo dena”, azaldu du sailburuak. Premiazko neurriei dagokienez, Ubarretxenak adierazi du neurri horiek helburu dutela erraztasunak ematea, besteak beste, eta esaterako, portu-inguruneetako jarduketa eta baimenei lotuta.
Laster legealdiko lehen urtea beteko den honetan, Ubarretxenak nabarmendu ditu autogobernuaren arloan 4 eskumen berri eskualdatzeko lortutako akordioak; enplegu publikoaren aro berriari ekin izana, 3.800 lanpostu baino gehiago egonkortu ondoren eta administrazio modernoago, digitalago eta herritarrentzako arreta hurbilago eta eraginkorrago baten alde egindako urratsak. Bide horretan, zerbitzu publikoak hobetu eta prozesuak arintzeko helburuarekin Eusko Jaurlaritza erabiltzen ari den Adimen Artifizialeko algoritmoen katalogoa eta herritarren arreta eredu berriaren, Zuzenean Berriaren, diseinua azpimarratu ditu. Eredu berri honek, gainera, arreta bulegoen eraberritzea ekarriko du, arreta-eredu berriarekin bat egingo duen diseinua izan dezaten bulegoek.
Lehen urteko ekimen garrantzitsuen artean kokatu du, baita ere, Ubarretxena sailburuak, Gardentasunaren Legea legebiltzarrera eraman izana. «Lege hau gardentasunean, parte-hartzean eta gobernu irekian aurrera egiteko tresna da, helburu duena baita ere, demokrazia indartzea Euskadin”.
Gernikako Estatutua osorik betetzeko konpromisoa
Ubarretxenak eskualdatzeko dauden eskumenen inguruko negoziazioei buruz esan du: «gaur egun, transferentziak 4 bloketan aztertzen eta negoziatzen ari gara, eskualdaketei erritmo handiagoa emateko; gizarte-segurantzaren multzoa lehenetsi dugu, duen konplexutasunagatik; Espainiako Gobernuak proposamen zehatzak ditu eskuartean eta adostasuna lortzea espero dugu». Zazpi hilabete baino ez dira geratzen urtea amaitzeko, baina Ubarretxena baikor agertu da, «denbora daukagu denbora galtzen ez badugu; Pedro Sanchezek bi konpromiso zehatz ditu Gobernu honekin: Gernikako Estatutua betetzea eta gure autogobernuan sakontzea» berretsi du.
Etorkizunerako erronkak
Sailburuak bere sailaren etorkizuneko erronkak ere aletu ditu gaurko solasaldian eta hainbat proiektu nabarmendu ditu, hala nola Administrazioaren Eraldaketa Digitalerako Estrategia, Datuen Gobernantzarako Plana eta Eki Plan integrala. Horiek guztiek helburu dute administrazioa modernizatzea eta digitalizatzea, gobernu irekian aurrera egitea eta administrazioko enplegu publikoaren aro berriari erantzutea.