- Egungo zubiak ibaiaren fluxua oztopatzen du uholde-gertakarietan; beraz, beste bat eraikiko da, 30 metrokoa, ahalmen hidrauliko handiagoarekin
- Jarduketaren inbertsioa 1,9 milioi eurokoa da, eta Eusko Jaurlaritzak ordainduko du, URAren bidez
URAk eta Gordexolako Udalak lankidetza-hitzarmena sinatu dute udalerriko La Calzada auzoko Zubiete zubia ordezteko proiektua gauzatzeko. Jarduketa horri esker, nabarmen hobetuko da Herrerías ibaiaren hustutze ahalmena, eta, horrela, murriztu egingo da eremuan uholdeak izateko arriskua.
Hitzarmena gaur sinatu dute Bilbon Asier López Etxebarria URAko zuzendari nagusiak eta Angela Eguía Liñero Gordexolako alkateak. Akordioaren arabera, bi erakundeek konpromisoa hartu dute elkarlanean aritzeko, erakunde bakoitzari dagokion eskumen-esparruan, Enkarterriko herriaren segurtasun hidraulikorako oso garrantzitsua den obra bati ekiteko.
Lanen nondik norakoei dagokionez, Zubieteko egungo zubia eraitsiko da (bi bao eta 18 metro inguruko argia), uholde-gertakarietan ibai-emariaren joana oztopatzen baitu. Era berean, 30 metroko zubi berri bat eraikiko da, arinagoa, sekzio handiagokoa, eta horrek baldintza hidrauliko hobeak eta ur-goraldietan emaria husteko ahalmen handiagoa sortuko du.
Jarduketen helburua Zubiete zubiaren inguruan Herrerías ibaiaren kalteak murriztea da: errepikatze-denbora handiena duten ur-goraldietarako, betiere ur-goraldi txikiagoak ere ondo babestuta.
Obraren aurrekontua 1.962.829,20 eurokoa da (BEZa barne), eta hamahiru hilabeteko epean gauzatuko da. Finantzaketa osoa URAren kontura izango da. Finantzaketaz gain, Uraren Euskal Agentziak bere gain hartuko ditu obren lizitazioa, kontratazioa, zuzendaritza eta ikuskapen teknikoa. Lanak amaitutakoan, azpiegitura Gordexolako Udalari transferituko zaio, eta hark kudeatuko eta mantenduko du.
Proiektu honek Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF 2021-2027) finantzaketa du.