Emakumeen bizi-zikloaren errekonozimendu soziala aldarrikatu du Emakundek, berdintasunerantz aurrera egiteko beste urrats bat delakoan

0

Emakunde – Emakumearen Euskal Erakundeak “Hilekoaz eta menopausiaz hitz egin dezagun” jardunaldia egin du gaur Basaurin, bihar, maiatzak 28, Emakumeen Osasunaren aldeko Nazioarteko Ekintza Eguna dela eta, hilekoaren eta menopausiaren inguruan oraindik ere badirauten estigma eta tabuei buruzko hausnarketa kolektiboa sustatzeko.

Jardunaldia Berdintasunaren eta emakumeen kontrako indarkeriarik gabeko bizitzen aldeko Herri Itunaren jardueren barruan kokatzen da, eta Itunaren barruan sortu den Belaunaldien arteko Taldeak bultzatu du. Talde horretan, Emakundeko Aholku Batzordeko eta Gazteriaren Euskal Kontseiluko ordezkariek parte hartzen dute.

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak historikoki eremu pribatura baztertu den errealitatea ikusarazteko beharra azpimarratu du. «Hilekoaz eta menopausiaz ikuspegi publikotik, sozialetik eta eskubideetatik hitz egitea ezinbesteko urratsa da benetako berdintasunerantz aurrera egiten jarraitzeko. Hemen ere pertsonala politikoa da, eta emakumeen sexu- eta ugalketa-osasunak, etapa guztietan, gure politika publikoen muinean egon behar du «.

Miren Elgarrestak Herri Itunaren Belaunaldien arteko Taldearen lana eskertu du, «emakumeen bizi-zikloaren inguruan eztabaida soziala sortzeagatik eta haien bizitzetan eta gizartean duten eraginagatik». Emakumeen beharrei arlo guztietatik (Osasuna, hezkuntza, lan mundua, kirola eta abar) erantzun ahal izateko beharrezkoa da halako eztabaida.

2.500 emakumeren pertzepzioak

Jardunaldian, talde horrek azken urtean emakumeen bizi-zikloari lotutako gizarte-pertzepzioen eta estigmen inguruan egindako lanaren emaitzak partekatu dira, batez ere hilekoaren eta menopausiaren ingurukoak. Hala, Euskadiko 2.500 emakume inguruk parte hartu duten inkestaren emaitzak aurkeztu dira. Hilekoari dagokionez, emakumeen % 45ek adierazi du lehen hilekoa iritsi izana modu negatiboan hauteman zutela. Gainera, inkestatuen % 70ek onartu du hainbat botika erabiltzen dituztela erregelako minak arintzeko.

Menopausiari dagokionez, fase horretan dauden emakumeen % 53k adierazi du ez direla ulertuak sentitu medikuek artatu dituztenean, eta emakumeen % 48k uste du menopausiak bere egunerokoan eragin diola, ziurtasunik eza sentiaraziz bereziki. Gainera, hainbat emakumeren testigantzak biltzen dituen Giza Liburutegia ezagutarazi da. Emakume horiek estigmekin, tabuekin eta oraindik ere emakumeen gorputzen eta bizi-esperientzien inguruan dagoen desinformazioarekin lotutako bizipen pertsonalak partekatu dituzte.

Jardunaldian zehar, Kamanga Influencers Club taldeak zuzeneko bat eman du eraikinaren kanpoaldetik bere sare sozialen bidez, publiko anitzago eta ugariago batengana iristeko helburuarekin.

Ekimen honen bidez, Emakundek berretsi du proposamen eraldatzaileak garatzeko konpromisoa, emakumeak egungo gizarte-erronketarako irtenbideen erdigunean jartzeko. Berdintasunaren aldeko Herri Ituna, Eusko Jaurlaritzak Emakunderen bitartez sustatua, berdintasunaren lorpenerako plataforma herritarra izatea du helburu.