Gobernu Kontseiluak adingabeak ardurapean dituzten familia behartsuak laguntzera 3,9 milioi euro bideratzea onartu du gaur. Bozeramaileak azaldu duenez, laguntza programa hau elikadura eta higiene pertsonaleko produktuak eskuratzeko izango da eta txartel edo bonuen bitartez garatuko da.
Laguntzek, hasiera batean, hiru hilabeteko iraupena izango dute eta diru-kopuruak honela banatuko dira: bi kideko familiek hilean 130€ jasoko dituzte; hiru kidekoek 160€ jasoko dituzte hilean; lau kidekoek, 190€ hilean eta bost kide edo gehiagoko familia-unitateek 220€ jasoko dituzte hilean. Ekimen hau 2021-2027ko Europako Gizarte Funtsak kofinantzatzen du.
Euskadi Literatura Sariak
Gobernu Kontseiluak erabaki du 150.000 € bideratzea Euskadi Literatura Sarietara. “Sari honen helburua da – Maria Ubarretxenak azaldu duenez- Euskadin urtero argitaratzen diren literatura-lanen kalitatea aitortzea”.
Sariak zazpi modalitate ditu, eta bakoitza 18.000 eurokoa da. “Saridunek, gainera, – jarraitu du Ubarretxenak- beste 4.000 euro gehigarri jasoko dituzte baldin eta saritutako lana editatzen badute jatorrizkoa ez den beste hizkuntza batean”.
Edizio honetan, kategoria hauek sarituko dira: euskarazko literatura; gaztelaniazko literatura; euskarazko haur- eta gazte-literatura; euskarazko literatur itzulpena; literatur lanaren ilustrazioa; euskarazko saiakera eta gaztelaniazko saiakera.
2,2 milioi sektore pribatuko lantokietan euskararen erabilera indartzeko
Gobernu kontseiluak onartu du 2,2 milioi euro bideratzea sektore pribatuko lantokietan euskararen erabilera indartzera.
Bozeramaileak azaldu du, ekimen honez bidez, Eusko Jaurlaritzak lau proiektu mota bultzatuko dituela: 150.000€ bideratuko dira euskararen erabilera sustatzeko jarduerak laguntzeko; 200.000€ bideratuko dira euskararen egoeraren diagnostikoa egiteko eta euskara-planak diseinatzeko; 1.150.000€, lantokietan euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko jardueretarako eta 700.000€, euskara-planetan edo euskararen kudeaketa-maila aurreratuetan ibilbide luzea duten enpresetan hizkuntza-proiektu estrategikoak garatzeko.
Lanbidek 1.007 milioi eurotik gorako aurrekontua izango du 2025ean
Gobernu Kontseiluak oniritzia eman die Lanbideren 2025erako aurrekontuei; guztira, 1007 milioi eurotik gorako aurrekontua izango du Lanbidek.
“Aurrekontuak onartzea beste urrats bat da Lanbide zerbitzua eraldatzeko bidean – azpimarratu du bozeramaileak- organismo autonomo izateari utziko baitio zuzenbide pribatuko ente publiko bat bihurtzeko”.
Joan den hilean onartu zituen Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak bere estatutu berriak, arau-esparru moderno eta funtzionala ezartzeko. Horrela, Lanbidek, Euskadin lan duina izateko, enplegagarritasuna hobetzeko eta gizarte- eta lurralde-kohesioa lortzeko eskubidea erabat garatzen laguntzeko gaitasun handiagoa izango du.
8.282 kontratu publiko 2024. urtean
Euskadiko sektore publikoak, 2024. urtean, 8.282 kontratu egin zituen, guztira, 2.515 milioi euroko kontratu-bolumenarekin. Datu horiek gaur Gobernu Kontseiluak onartu duen 2024ko Euskadiko sektore publikoko kontratazioaren kudeaketa-memoriaren parte dira, bozeramaileak argitu duenez.
Dokumentu hori urtero egiten du eta onartzen du Euskadiko Kontratazio Publikoaren Aholku Batzordeak.
Memoriaren arabera, iaz, 2023an baino 297 kontratu gutxiago egin ziren Euskadiko sektore publikoan eta diru-zenbatekoa antzekoa izan zen: zehazki, %0,32 gutxiago.
Lanbide Heziketako sistema dinamiko eta berritzaileago baten alde urratsak
Gobernu Kontseiluak lanbide-heziketako ikastetxe bateratuei buruzko dekretu-proiektua onartu du. “Dekretu honen bidez – jakinarazi du Ubarretxenak- lanbide-heziketako sistema dinamiko, berritzaile eta merkatuaren beharrekin bat datorrena sortu nahi da, etorkizuneko langileen enplegagarritasuna eta garapen profesionala bermatzeko helburuarekin”.
Erregulazio- eta funtzionamendu-esparru horren ikuspegia eraldaketa digital jasangarrian eta lan-merkatuaren beharretara egokitzean oinarrituta dago.
“Lanbide-heziketako ikastetxe bateratuen helburua ez da soilik jakintza ematea, baizik eta ekintzailetza, ikerketa eta berrikuntza bermatzea ere bai” esan du bozeramaileak. Horregatik, Ubarretxenak azpimarratu du, antolamendu-autonomia eta -malgutasuna direla dekretu-proiektu honen gakoetako bat, ikastetxeak ahalik eta azkarren egokitu daitezen aldaketa teknologiko eta sozialetara.
Gainera, gizarte-eragileen parte-hartzea ere aurreikusten da, bermatzeko prestakuntza bat datorrela lan-ingurunearen eskaerekin.
Nekazaritza-sektorean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko laguntzak
Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Emakume Nekazarien Estatutuaren esparruan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko laguntzen deialdiari.
“Aginduaren xedea da – azaldu du Ubarretxenak- nekazaritzaren sektorean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzeko laguntzen deialdia egitea eta, horren bitartez, Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko 2015eko Legean ezarritako helburuak betetzen laguntzea”. Deialdiaren aurrekontua 80.000 € da, guztira.
Turismoarekin lotutako merkataritzarako laguntzak
Kontseiluak erabaki du, halaber, turismoarekin lotutako merkataritzarako laguntza-programa baterako deialdia egitea. Laguntza programak 934.000 euroko zuzkidura izango du.
“Ekimen honen helburua da -adierazi du Ubarretxenak- turismo-sektoreko enpresei produktu berriak garatzen eta merkaturatzen laguntzea. “Gainera, espiritu ekintzailea eta berrikuntzaren kultura sustatu nahi ditu; eta baita Euskadiren kokapen turistikoa sendotzen lagundu eta ostatu-gauen kopurua handitzen laguntzen duten ekitaldiak bultzatu ere” jakinarazi du.
Euskadiko saltokien digitalizazioa
Gobernu Kontseiluak onartu du Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailak 32.000 euroko zuzeneko dirulaguntza ematea Puntueus Fundazioari, Euskadiko saltokien digitalizazioa sustatzeko proiektuetarako.
“Ekimen honen helburuak dira -azaldu du bozeramaileak- Euskadiko saltokien digitalizazio-maila aztertzea; ingurune digitalean duten presentzia bultzatzea eta webguneak sortzen laguntzea, ikasleekin eta tokiko elkarteekin lankidetzan”.
Maria Ubarretxenak zehaztu du laguntza-programaren barruan, fundazioak zerbitzu hauek emango dituela: puntu eus domeinuak doan ematea urtebetez; doako sare-zerbitzariak saltokien web-orriak ostatatzeko eta aholkularitza eta euskarri teknikoa, soluzio digitalak behar bezala ezartzen direla bermatzeko.
Leizaola 2025 sariaren deialdia
Gobernuak Jesus Maria Leizaola 2025 sariaren deialdia onartu du gaur. Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak aditzera eman duenez, sari honen helburua da “gure sistema autonomikoari edo XXI. mendeko gobernantzari eta politika publikoen garapenari buruzko ikerketa-azterlanak sustatzea”. Lan irabazleak 20.000€-ko saria jasoko du eta 10.000 €-ko akzesita ere aurreikusten da deialdian.
Etxebizitza babestua sustatzeko funtsezko bi hitzarmenen luzapenaAzkenik, Eusko Jaurlaritzak bi lankidetza-hitzarmenen luzapena onartu du Azkoitiko eta Sestaoko udalekin eta haien hirigintza-sozietateekin, babes publikoko etxebizitzen sustapenean aurrera egiteko eta Euskadiko etxebizitza-parke publikoa indartzeko. Bi luzapenek Eusko Jaurlaritzak etxebizitza-politika publikoarekin duen konpromisoa islatzen dute, bereziki etxebizitza babestuaren parkea handitzeari eta zailtasun handienak dituzten kolektiboek etxebizitza duina eskuratzeari dagokienez, eskaintzaren %50-a 36 urtetik beherako pertsonentzat gordez.