Eusko Jaurlaritzak eta KONFEKOOP – Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak Euskadiko kooperatibak bultzatzeko funtsa sortu dute, gehienak industria-kooperatibak direnak. BASQUE KONFEKOOP FCR-PyME deituriko arrisku-kapitaleko funtsa sortu da euskal kooperatibei finantzaketarako eta inbertsiorako beste alternatiba batzuk eskaintzeko ekimenetik. Funtsak KONFEKOOPek jarritako 2 milioi euroko hasierako kapitala izango du, eta SPRI Taldeko Arrisku Kapitalaren Sozietate Kudeatzaileak kudeatuko du.
Akordioa Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak eta Rosa LavínKONFEKOOPeko presidenteak sinatu dute. Haiekin izan dira Arrate Aranbarri eta Zigor Urkiaga Euskadiko Arrisku Kapitalaren Kudeaketako zuzendari nagusia eta presidentea, eta Iñaki Nubla KONFEKOOPeko zuzendaria.
Funtsaren helburua da euskal industria-kooperatiben garapen-proiektuei bultzada eta laguntza ematea. Horretarako, Euskadirentzat etorkizunekoak diren industria-sektoreak finkatzen ditu. Lankidetza publiko-pribatuaren ondoriozko ekimen honetan, bat egiten dute KONFEKOOP euskal eragile estrategiko eta sozialak —1.400 kooperatiba baino gehiago biltzen ditu— eta arrisku-kapitaleko erakundeen kudeaketan aitzindaria den SPRI Taldearen Arrisku Kapitalaren Sozietate Kudeatzaileak —40 urteko esperientzia du Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen kapitalean inbertitzen—.