Eusko Jaurlaritzak Lanbideren 2025eko aurrekontuak onartu ditu, 1.007 milioi eurokoak

0

Gobernu Kontseiluak argi berdea eman die gaur Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2025erako aurrekontuei, guztira 1.007 milioi eurotik gorako zenbatekoarekin. Onarpen horrek ez dakar Euskadiko aurrekontu orokorretan esleitutako partidak handitzea, baizik eta erakunde autonomoa zuzenbide pribatuko erakunde publiko bihurtzearen ondorio da. Ekainaren 1ean sartuko da indarrean aldaketa hori.

Lanbideren arau esparru berria ez dator bat aurtengo aurrekontu orokorrak indarrean jartzearekin. Horregatik, araudiak behartzen du Gobernu Kontseiluak onartzea Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrekontu berriak.

Aurrekontuak onartzea beste urrats bat da Lanbide eraldatzeko; izan ere, erakunde autonomo izateari utziko dio, eta zuzenbide pribatuko erakunde publiko bihurtuko da; horretarako, antolaketa  egitura berria izango du. Joan den hilean, Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak bere estatutu berriak onartu zituen, eta horien bidez, arau esparru moderno eta funtzional bat ezarri zuen, Euskadin lan duinerako, enplegagarritasuna hobetzeko eta gizarte eta lurralde kohesiorako eskubidea erabat garatzeko gaitasuna indartu dadin.

Hori guztia beste mugarri bat da Enpleguaren Euskal Legearen garapenean eta enplegu zerbitzuaren hobekuntzan, figura juridiko horrek aukera ematen baitu langileen kudeaketan arintasun handiagoa izateko, espezializazio eta garapen profesional handiagoa izateko, eta, herritarrei ematen dizkien zerbitzuen gaitasun eta kalitate handiagoa izateko.

Arau esparru berrian, Lanbidek organigrama berri bat izango du. Zuzendaritza orokorraren pean, bost zuzendaritza exekutibo izango ditu: Koordinazio eta Komunikazio Zuzendaritza, Administrazio eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritza, Prestazioen Zuzendaritza, Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritza eta Enpresa eta Ekintzailetza Zuzendaritza.

Astearte honetako bileran, Gobernu Kontseiluak hainbat izendapen onartu ditu, baina praktikan, egitura berria dela eta, zuzendaritzen izenak aldatzea baino ez da. José Antonio García Díaz izangoda Koordinazio eta Komunikazio zuzendaria, Fernando Paricio izango da Administrazio eta Zerbitzu Orokorretako zuzendaria –orain arte, Zerbitzu Orokorretako zuzendaria–, Álvaro Ugarte izango da Prestazioetako zuzendaria –gaur egun, Prestazioetako eta Inklusio zuzendaria–, Arantza Niño Enplegu eta Prestakuntza zuzendaria izango da, Juan Carlos Ibarrola Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariaren ordez, eta María Teresa Martínez Granado izango da Enpresen eta Ekintzailetzaren zuzendaria, orain arte Lan Aktibazioko zuzendaria zena.