Jaurlaritzak onartu du Etxebizitza Gida Plana 2025-2027

0

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok 2025-2027 Etxebizitza Gida Plan berria (EGP 2025-27) aurkeztu du astearte honetan, Gobernu Kontseiluaren onespena lortu ondoren, eta, horri esker, berehala bidaliko da Legebiltzarrera. Bere hitzaldian, Itxasok Gobernua sostengatzen duten taldeei eskatu die legeak anbizioz egiteko urratsa eman dezatela, “Euskadiko klase ertainei erantzun politiko berriak eskaintzeko, etxebizitzaren eskasia eta garestitasunaren aurrean”.

Plana aurkezteak estrategia integral bat hedatzea dakar, sailburuak berak Euskadin “benetako bizitegi-larrialditzat” jo duenari aurre egiteko. “Etxebizitza eskuratzeko oreka galdu dugu. Alokairuaren edo erosketaren kostua diru-sarreren % 30etik gorakoa da dagoeneko, eta % 39ra ere iristen da Etxebiden erregistratuta daudenen artean”, nabarmendu du Itxasok. Bere hitzetan, “gaur egun bizitoki duina aurkitzea ez da soilik kalteberenen arazoa; klase ertainen egonkortasunari zuzenean eragiten dio”, adierazi du.

Era berean, sailburuak aitortu duenez, “etxebizitza arrazoizko baldintzetan eskuratzeko itxaropena galdu duten milaka pertsonaren itxaropena berreskuratu nahi dugu. Eta anbizio handiko politika publiko zorrotz eta ausartarekin egiten dugu, benetako borroka-jarrera hartzen duena”, azpimarratu du.

Erreformak, baliabideak eta akordioak: bide-orri errealista eta handinahia

2025-2027 aldirako Etxebizitza Gida Plana hiru ardatz politiko handitan oinarritzen da: erreformak, baliabideak eta akordioak, eta Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetan etxebizitzaren arloan egindako ekintza politikoaren ibilbide-orria adierazten du.

  • Erreformak

Beharrezkoa dena posible egiteko bidea erreformak dira, besteak beste, etxebizitzaren, lurzoruaren eta hirigintzaren arloko Premiazko Neurrien Legea edo Premiazko Neurrien Dekretua. Helburua da bizitegi-krisi berriari azkar eta erabakitasunez erantzutea.

  • Baliabideak

Beharrezkoa da baliabide gehiago erabiltzea etxebizitza babestu eta eskuragarrien eskaintza handitzeko, eta hori egin daiteke lankidetza publiko-pribatuko tresna berriak sortuta, alokairuko etxebizitza babestuen arloan inbertitzeko gaitasun handiagoa bultzatzeko.

  • Akordioak udalekin

Soluzioen bidean, lehenengo urratsa da arazoa hor dagoela onartzea, eta hori da, hain zuzen ere, eremu tentsionatuak izendatzeko eskatzen dena. Politika honen aplikazioan Euskadiren ezaugarri bereizgarria da udalekiko akordioan oinarrituta dagoela. Era berean, eta Eudelen eta euskal udalen eskutik, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak lurzoruaren erreserba estrategiko handi bat antolatuko du, Euskadik etxebizitzaren arloan dituen beharrei eta aldaketa demografikoei bermeekin erantzun ahal izateko.

“Erakutsi dugu arazoak, konplexua izan arren, konponbidea duela, erabakitasunez, tresna berriekin eta pertsonak erdigunean kokatuko dituen politika batekin lantzen bada”, aitortu du Itxasok.

Etxebizitzaren Gida Planaren abiapuntua da arazoari aurre egiteko ezinbestekoa dela fronte guztietan jardutea, eskaintza-politikak eta eskariaren babesa uztartuta. Horren berehalako helburua da legegintzaldi honetan alokairu eskuragarriko 7.000 etxebizitza sustatzea, eta horietatik 5.250 datozen 3 urteetan herritarren eskura jarriko dira, Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialaren bide-orriarekin bat etorriz. Itun horrek 2035ean 50.000 etxebizitza babestu lortu nahi ditu, alokairuko babes publikoko etxebizitzen kopurua bikoizteko, guztira 74.000 etxebizitza izatetik (alokairua eta erosketa) 116.000 izatera igarota.

Hiru ardatz nagusi

“Plana hiru ardatz nagusiren inguruan egituratu dugu: eremu tentsionatuak, hirigintzako erreformak eta lankidetza publiko-pribatua. Horietako bakoitzak egungo behar zehatzei erantzuten die, eta guztiontzako etorkizun bizigarria eraikitzeko diseinatuta dago”, adierazi du Itxasok. Industrializazioa zeharkako estrategia gisa ere sartu da, sektorea indartzeko, lehiakorragoa egiteko eta aztarna ekologiko txikiagoa duten etxebizitza eskuragarri gehiagoren sustapena arintzeko.

Aldi berean, Planak egungo etxebizitza-eskatzaileak babesteko mekanismoak ezartzen ditu, eta gazteek eta eskubide subjektiboa duten pertsonek sarbidea izatea lehenesten du, Etxebizitzaren Euskal Legeak bermatuta. Etxebizitza Prestazio Ekonomikoa (EPE), gazteen emantzipaziorako laguntzak eta Gaztelagun eta Bizigune bezalako programak barne hartzen ditu, maizter eta jabeentzako pizgarri fiskalekin.

Eremu tentsionatuak: benetako soluzioetarako tokian-tokiko akordioak

Plan berriaren zutabeetako bat eremu tentsionatuen izendapena da, eta, sailburuak azaldu duenez, tresna hori “udalekiko akordiotik aplikatzen da, eta ez alde bakarretik”. Izendapen horri esker, alokairuen prezioa kontrola daiteke, kontratuen iraupena luzapen berezien bidez luzatu, eta hiru urteko udal planak aktibatu, herri bakoitzeko etxebizitza-eskaintza handitzeko.

“Salbuespenezko neurriak hedatzen ari gara gehien behar diren lekuetan, eta herri-ikuspegiarekin egiten dugu, tokikotik instituzionalera doazen akordioekin”, azpimarratu du Itxasok. Gainera, gogorarazi du esparru hori osatu egiten dela etxebizitzak bizitegi-alokairura bideratzen dituzten jabeentzako fiskalitate sendotu batekin, bai eta eremu horietako etxebizitzen erabilera turistikorako mugekin ere.

Aldi berean, Eusko Jaurlaritzak hirigintza-erreformen lege-pakete bat diseinatu du lurzoruaren kudeaketa eta etxebizitzaren sustapena bizkortzeko eta malgutzeko. “Bide aproposa hauxe da, hirigintza-izapideak arindu, laburtu eta malgutzea, eta dagoeneko eraikita dagoen hiriko bizitoki-baliabideak maximizatzea”, azaldu du arloko kontseilariak.

Ildo horretan, Etxebizitzaren, Lurzoruaren eta Hirigintzaren arloko Premiazko Neurriei buruzko Legea onartu da. Horri esker, udalek azkarrago mobilizatu ahal izango dute lurzorua, erreserba estrategiko handia aktibatu ahal izango dute eta erabiltzen ez diren merkataritza-lokalak edo industria-guneak etxebizitza berri bihurtu ahal izango dituzte. Gainera, zehapenak ezartzen dira eremu tentsionatuetako ez-betetzeak zigortzeko, eta zabaldu egiten dira klase ertainei zuzendutako programetarako sarbide-atalaseak.

Etxebizitzaren gizarte-funtsa eta lankidetza publiko-pribatua

Jakinda erronka finantzarioa dela ere bai, Jaurlaritzak pauso bat harago eman du, alokairuko etxebizitza babestuen parkea handitzeko inbertsio publikoa eta pribatua mobilizatuko duen etxebizitzako gizarte-funtsa sortuta. “Europako Inbertsio Bankuan, Kreditu Ofizialeko Institutuan eta irauteko bokazioa eta konpromiso sozial irmoa duten euskal inbertitzaileetan oinarritu gara”, iragarri du Itxasok.

Tresna hori aipatutako lurzoruaren erreserba estrategikoaren hedapenarekin osatuko da, eta, horri esker, lurralde osoan etxebizitza publikoen esku-hartzerako eta sustapenerako gaitasuna biderkatu ahal izango da.

Azkenik, Etxebizitza Gida Plana 2025-2027k eraikuntza-sektorearen eraldaketa sakona aurreikusten du, industrializazioaren alde eginez. “Sektorea modernizatu gabe, hirurteko honetako erreformek eta baliabideek irismen mugatua izango lukete. Horregatik, industrializazio-estrategia bat bultzatu dugu, epeak aurrezteko, ingurumen-kostuak eta -inpaktuak murrizteko, eta lan-segurtasuna hobetzeko”, adierazi du sailburuak.

Euskadik industria-tradizio sendoa baliatu nahi du eraikuntza-eredu berri bat finkatzeko, eraginkorragoa eta jasangarriagoa, epe ertain eta luzera etxebizitza publikoaren helburuak beteko direla bermatuko duena.