Osakidetzak gaur, maiatzak 27, ireki ditu Bilbo-Basurtuko ESIko Pediatriako Larrialdi berrien ateak. Gune zabal eta moderno horretan, urtero 25.000 larrialdi inguru artatuko dira, eta hobekuntza ekarriko du bai pazienteei eta senideei arreta emateko, bai profesionalen lanean.
Larrialdi berrietan 1,3 milioi euro inbertitu dituzte Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak, eta Makua pabiloiko hirugarren solairuan egongo dira. Espazio berrirako sarbidea pabilioiaren albotik egingo da, San Pelaioko atzealdearen eta Escuzaren ondoan, Larrialdi Orokorren Egonaldi Laburreko Unitatearekin partekatuta.
ARRETA HANDITZEA ETA HOBETZEA
Pediatriako larrialdiak lekuz aldatzea da ospitaleko larrialdietan arreta hobetzeko eta handitzeko planaren barruan abiarazitako ekimenetariko bat. Gaurtik aurrera, zerbitzuak espazio zabalagoa, argitsuagoa, erosoagoa eta modernoagoa edukiko du, instalazioak ez ezik, ekipamendua ere berritu dituena, kalitate handiagoko arreta eskaintzeko. Azpiegitura berriak arreta-esperientzia hobetzeaz gainera, bera osatzen duten langileen lana ere erraztuko du, ongizate handiagoa bermatzeko.
Era berean, espazioak zabalduta, erizainen, erizaintzako zaintza osagarrietako teknikarien, zeladoreen eta administrazioko langileen kopurua handitu da.
Bestalde, aldaketa horri esker, gaur egun hartzen duten espazioa liberatuko da, eta espacio hori larrialdi orokorrak handitzeko erabiliko da, zerbitzu hori birmoldatzea erraztuko duena.
EZAUGARRIAK
Pediatriako larrialdien kokapen berriak 400 m2-ko azalera hartuko du, eta hona hemen instalazio berrietan zer egongo den:
- Itxarongela.
- 4 behaketa-gela.
- Egonkortze-gela.
- 3 kontsulta.
- Prozedura-gela
- Bereizketa-gela.
- Erizaintzako kontrola.
- Lan-gela.
- Biltegia.
- Komunak.
Espazio hori humanizatzeko eta ingurune atsegin eta abegikor bihurtzearren, Pediatriako Larrialdiak pertsonaia magikoez eta baso sorgindu bateko elementuez apaindu dira, giro dibertigarri eta abegikorra sorturik umeen esperientzia positiboagoa izan dadin.
Kontsultatu mapa honetan kokapen berria