Gobernu Kontseiluak Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak PuntuEUS Fundazioari 32.000 €-ko zuzeneko dirulaguntza ematea onartu du. Laguntza hori Euskadiko saltokiak digitalizatzeko plan integral bat egiteko da. Ekimenaren helburua saltokiak ingurune digitalean finkatzea da, eta tokiko merkataritzaren irudia indartzea, Euskadiko merkataritza sektore modernoa, berritzailea eta garai berrietara egokitutakoa izan dadin.
Dirulaguntza horren helburu nagusia EAEko saltokien digitalizazio-maila aztertzea da, saltoki horiek ingurune digitalean duten presentzia sustatzea eta webguneak sortzea erraztea, ikasleekin eta tokiko elkarteekin lankidetzan.
Euskadiko saltokiak digitalizatzeko plan hori lortzeko, proiektua ondo bereizitako hiru fasetan dago planifikatuta:
- EAEko merkataritzaren digitalizazio-mailaren diagnostikoa.
- Saltokien digitalizazioa sustatzea.
- Komunikazio- eta sentsibilizazio-estrategia bat gauzatzea.
Lehen fasean, datu-base egituratu bat sortuko da, analisi automatikoko teknologien bidezko datu-erauzketan oinarrituta (Data Extraction eta Data Scrapper). Azterlan horri esker, presentzia digitala duten saltokien kopurua, haien webguneetan erabilitako hizkuntzak, plataformen segurtasuna (SSL ziurtagiriak) eta beste funtsezko adierazle batzuk identifikatu ahal izango dira.
Bigarren fasean, proiektu pilotu bat ezarriko da EAEko bi udalerritan (Portugalete eta Beasain), Elgoibartik Mundura metodologian oinarrituta. Metodologia horretan, DBHko, batxilergoko eta lanbide-heziketako ikasleek tokiko saltokiekin lan egin dute, tokiko elkarteen webguneak diseinatzeko eta egiteko.
Hirugarren eta azken fasean, lan hauek egingo dira: marka-estrategia bat sortzea, identitate grafikoa sortzea eta diseinatzea, eta marka eta proiektua hedatzeko komunikazio-plan bat aktibatzea eta ezartzea.
Programa horren barnean, PuntuEUS Fundazioak honako hauek emango ditu:
- Urtebeterako doako .EUS domeinuak.
- Saltokien webguneak hartzeko doako zerbitzariak.
- Aholkularitza eta laguntza teknikoa, soluzio digitalak behar bezala ezartzen direla bermatzeko.
Ikuspegi horrek zera bermatzen du: digitalizazioa, noizean behingo prozesua izan beharrean, jarraitutasunerako oinarri sendoa duen prozesua izatea.
Dirulaguntza horrekin, Eusko Jaurlaritzak digitalizazioaren garapenarekin eta ezarpenarekin eta konpetentzia digitaletako prestakuntzarekin lehendik zuen konpromisoa indartu du, funtsezkoa baita saltokiak ingurune digitalean finkatzeko eta tokiko merkataritzaren irudia indartzeko.